Bederatzigarren Ehunmilak ultra traila aurkeztu dute. Hilaren 13tik 15era jokatuko dira EHM, G2H eta MMM probak. 1.253 korrikalari eta 1.600 boluntario daude izena emanda
Korrikalariak eta boluntarioak prest daude. Astebete besterik falta ez denean, 9. Ehunmilak kirol festa aurkeztu zuen atzo Arrastakak Igartzako jauregian, bere babesle nagusiak ondoan zituela: Beasaingo Udalaren izenean Aitor Aldasoro alkatea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailaren izenean Eneritz Toledo, Ternuaren izenean Imanol Muñoz eta EHko Mendi Federazioaren izenean Irati Anda. Arrastakarentzat esker oneko hitzak izan zituzten bertan bildutakoek. Aldasorok eskerrak eman zizkion Arrastaka taldeko Andoni Zubeldiari, «kirol ekitaldi huts bat baino gehiago den ekintza soziala» antolatzeagatik. Aldundiko Toledok ere, eskerrak eman zizkien kirol ekintza bat produktu turistiko bihurtzeagatik; «Gipuzkoa barru aldeko ohe guztiak hartuta daude». Eta mendi federazioko Andak eskerrak eman zizkien, Euskal Herriko ultra txapelketa jokatzeko horrelako lasterketak antolatzeagatik. Arrastakako Zubeldiak eskerrak eman zizkien bertaratu zirenei eta era batera edo bestera laguntzen dien enpresei, dendei eta boluntarioei «gure proiektuan sinesten» dutelako.
Elastikoak ere prest
Ternuak ere aurtengo jantziak prest ditu. Boluntarioek elastiko
clematis urdina jantziko dute; EHMk egingo duten korrikalariek jade berdea; G2Hkoek beltza; eta MMMkoek
green lime berdea. Lasterketa amaitzen dutenek ere Ternuako txamarra bana izango dute opari, gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako desberdinak.
Aurtengo berrikuntzei dagokienean, korrikalariak non dabiltzan jakiteko geolokalizadore aplikazioa berritu dute. Era berean, webcam bidez, Zumarraga, Azpeiti, Tolosa, Etzegarate, Mutiloa eta Beasaingo irudiak ikusteko aukera izango da webgunean. Korrikalarien segurtasuna hobetzeko, aurten erizainak ere izango dira medikuen ondoan.