Zerbitzu egokia, probaren ikur
Ehunmilak ultra-trailaren bereizgarri nagusietako bat antolakuntza da. Aparkalekuak daude korrikalarien eskura, eta autobusak laguntzaileentzat. Kiroldegia ere erabil daiteke. Hiru probetako lasterkariek zein haien laguntzaileek kontuan hartu beharreko hainbat ohar dakartza ondoko artikuluak.
Aparkalekuak
Gipuzkoa plazako aparkalekua korrikalarientzako erreserbatzen da erabat –200 toki–, eta Loinatz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan 15 autokarabanarentzako tokia gordetzen dute. Bi aparkaleku horietan ez dago autoa uzterik izango ostegunetik igandera bitartean. Beasaingo herrigunean dauden beste eremu batzuei eta garajeetako sartu-irtenei ere eragingo die probak. Seinaleei eta boluntarioen esanei aditu behar zaie.
Dortsalak jasotzea
Ehunmilak ultra-traileko eta Goierriko Bi Handietako partaideak bihar, hilak 12, has daitezke dortsalak jasotzen Gernika pasealekuko frontoian (17:00-20:00). Etzi ere bai, baina kasu honetan, EHMkoek goizez bakarrik har ditzakete (10:00-13:00), eta G2H-koek goizez nahiz arratsaldez (18:30-20:30). Marimurumendi maratoiko lasterkariek larunbatean (18:00-20:00) eta igandean (07:00-08:00) hartu ahal izango dituzte.
Partaideen materiala
Dortsala hartzeko unean, EHM eta G2Hko lasterkariek derrigorrean eraman beharreko materialari erreparatuko diote boluntarioek. Ondorengoa da: Nortasun agiria; motxila; litro bat ur; edalontzia edo bidoia; janari erreserba; txaketa iragazgaitza; praka edo elastiko luzeak; kopetako bi linterna; biziraupen manta bat; txapela edo bisera; benda itsasgarria eta sakelako telefonoa. Beste hainbat material eramatea ere gomendatzen dute antolatzaileek.
Korrikalarien txartela
Antolatzaileek lasterkariei bidalitako Korrikalarien txartela dortsala jasotzearekin batera erakutsi behar da. Lasterketa garaian ez du zertan eraman, baliagarriagoa da laguntzaileek eramatea. Txartela erakutsiz Beasaingo Antzizar kiroldegiko sarrera dohainik izango dute lasterkariek, eta txartelean azaltzen diren laguntzaileek %50eko beherapena. Antolakuntzaren autobusetan nahi adina bidaia egin ditzakete laguntzaileek, doan.
‘Pasta party’-a
Igartzako jauregian eta haren ondoan jartzen duten karpan izango da Pasta party-a ostiralean, hilak 13, 12:30etik 16:00etara bitartean. Paella, barazki menestra, makarroiak, jogurta, fruta, ijito besoa, ogia eta edaria eskainiko dute, doan, EHM eta G2H ko parte-hartzaile guztientzat.
Autobus zerbitzua
Motordun ibilgailuen erabilera txikitze aldera, antolatzaileek hitzarmen bat dute sinatua Gurutze Gorriarekin. Hainbat linea egongo dira martxan ostiraletik igandera –ikus 9. orrialdea–. Korrikalarien txartela dutenek dohain izango dituzte bidaia guztiak; ez dutenek, aldiz, euro 1 ordaindu beharko dute bidaia bakoitzarengatik. Gurutze Gorriko furgonetetan ematen da autobus zerbitzua.
lasterketa jarraitzeko
EHM eta G2Hko partaideek lasterketa Facebook edo SMS bidez jarraitzeko aukera dute. Estaldura dagoen heinean, korrikalariak duen denboraren eta informazioa emango dute antolatzaileek. Facebook bidez jarraitzeko live.sporthive.com/event/4662 estekan eman behar da izena; sms bidez jarraitzeko kostua 2 euro da EHMko lasterketarientzat eta euro batekoa G2Hkoentzat. Bestetik, korrikalariak non doazen ikus daiteke webgunean geolokalizatzailearen bidez.