Gaur, 18:00etan abiatutako da Ehunmilak lasterketa eta 23:00etan Goierriko Bi Handiak. Marimurumendi, berriz, igandean 09:00etan. Eguraldi beroa dago iragarrita
Korrikalariak lasterketarako dortsalak hartzen atzo, Gernika pasealekuko pilotalekuan // Loinaz Agirre
Iritsi da eguna. Dena prest dago. Eguraldia izan ezik, dena antolatuta daukate Arrastaka mendi taldeko antolatzaileek eta 1.600 boluntarioak, elastiko urdina soinean jantzita. Korrikalarien segurtasuna eta osasuna zaintzeko ere, prest daude Gurutze Gorriko 140 boluntario, eta 21 mediku eta 21 erizain. Beasain eta Goierri guztira Gipuzkoako 5 eskualde eta 30 herri prest daude munduko 16 herrialde desberdinetatik etorritako 1.253 korrikalariak eta beraien laguntzaileak hartzeko. Atzerriko kazetariak ere iritsi dira Ehunmilak abentura bertatik bertara bizitzeko eta kontatzeko asmoz.
Atzotik, beste konturik ez da Beasainen. Pintxo-pote jendetsuko tertulietan gai nagusia zen atzo Ehunmilak. Pintxo-potean, gainera, ez ohiko jende ugari ikus zitekeen kuadrillaka elkartuta: motxilatxoak bizkarrean, praka motzak eta zapatilak jantzita, eta dortsala zeraman Ehunmilako poltsa eskuan zuten korrikalariak.
Zerura begira
Ohi bezala, bakoitzaren erronkez, helburuez eta gorputzaldiez gain, eguraldia izan zen solasaldietako gai nagusia; horixe izaten baita antolatzaileen eta korrikalarien kezka nagusienetako bat.
Beroa eta zaparrada trumoitsuak iragarri ditu Euskalmetek. Gaur, 24-25 gradu izango dira EHM ultra trailaren (168 km.) hasieran, eta G2H ultra (88 km.) hasieran, 18-20 gradu. Larunbatean, goizak aurrera egin ahala, eguerdi partean ostarte zabalak izango dira. Tenperatura 28-30 gradu ingurukoa izango da.
Igandean ere antzeko eguraldia egingo du, 24-29 gradu inguruan ibiliko dira termometroak. MMM mendi maratoia hasteko orduan, 20 gradu izango direla iragarri du Euskalmetek. Baliteke arratsalde amaieran zaparrada trumoitsuak botatzea.
Zirkulazioan eragina
Zirkulazioari dagokionean, herri barruko trafikoa etenda geratuko da hainbat momentutan eta Gipuzkoa plazako aparkalekua Ehunmilentzat gordeko dute. Ondorioz, TAO egoilar txartela duten Zazpiturrieta eta J. M. Iturrioz 15-15B kaleetako bizilagunek, Ezkiaga auzoko egoiliarrentzako gunean aparka dezakete.
ORDUTEGIA:
Ehunmilak. Gaur, 18:00etan abiatuko da. Lehen korrikalaria bihar, 16:20 alderako espero dute.
G2H. Gaur, 23:00etan abiatuko da. Lehen korrikalaria bihar, 09:00ak alderako espero dute.
MariMurumendi. Igandean hasiko da, 09:00etan. Lehen korrikalaria 12:30ak aldera iritsiko da.