Marimurumendi mendi maratoiaren irabazleak G2Hn ariko dira aurten . Izen-ematea 16 orduan itxi da . Iaz podiumetatik, Amaiur Iglesias eta Aleix Bautista lehiatuko dira soilik
Tarteko senidearekin –G2H– gertatu bezala, Marimurumendi mendi maratoiaren izen-emateak harrera bikaina izan du aurtengoan ere. Epea ireki eta 16 ordu eskasean hartuta zeuden 265 dortsalak. Ehunmilak trilogiaren probarik laburrena da, baina horrek ez du esan nahi motza ez denik, ezta gogortasunik ez duenik ere. Korrikalariak igandean, hilaren 15ean, abiatuko dira Beasaingo plazatik 09:00etan, eta 42,195 kilometro osatu beharko dituzte. 2.300 metroko desnibel positiboa du.
Korrikalariak berehala hasiko dira aldapan gora, Usurbera bidean. Handik Agortara jaitsi eta Murumenditik barrena, Pagorriagatik Mandubiara jaitsiko dira. Berriz ere gora ekin beharko diete korrikalariek Kizkitzara igotzeko lehendabizi eta ondoren, lasterketako punturik gorenena, Izazpira, heltzeko. Itzulerakoan, Kizkitzatik Arriaran auzora jaitsi, eta urtegi ondotik Agortara igoko dira berriz, plazara iristeko. Lehenengo korrikalariak 12:30ak aldera iritsiko dira helmugara.
Iglesias eta Bautista
Ester Casajuana–errekorraren jabea– eta Bartosz Gorczyca iazko irabazleek G2H proban parte hartzea erabaki dute aurten, eta txapela lortzeko hautagaitza irekita utzi dute. Amaiur Iglesias errenteriarra –iaz 3.a–, Itziar Andueza beasaindarra –2015eko irabazlea eta iaz arte errekorraren jabea– eta Maite Anton oñatiarra aipatzen dituzte faboritoen artean. Aurten 49 emakumezkok parte hartuko dute, iaz baino bi gehiagok.
Gizonezkoen artean Aleix Bautista nabarmentzen da, azken bi edizioetan podiumean izan baita kataluniarra, iaz bigarren eta orain bi urte hirugarren. Podiumeko azken koska zapaltzea bakarrik falta zaio.
265
mendi lasterkari. Marimurumendi mendi maratoiaren 4. ekitaldian 265 lagunek hartuko dute parte: 216 gizonezkok eta 49 emakumezkok.
Euskal herritarrak. Gehienak euskal herritarrak dira, 148, eta herena goierritarrak 50. Horietatik 125 gizonezkoak, eta 23 emakumezkoak. Gipuzkoakoak 95, Bizkaikoak 32, Arabakoak 13 eta Nafarroakoak 8 dira.
Estatu mailakoak. Estatutik 111 korrikalari izango dira Marimurumendi maratoian: 89 gizonezko eta 22 emakumezko. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak, 57: Tarragona (17), Valentzia (9), Bartzelona (8), Balear Uharteak eta Castello (7na) eta Girona (4). Andaluzia (17), Gaztela Leon (10), Aragoi (8), Madril (7), Galizia (5), Murtzia (4), Gaztela-Mantxa (2) eta Errioxa (1) dira beste herrialdeak.
Estatuz kanpokoak. Estatutik kanpoko sei atleta ere irteera puntuan izango dira: Suediako bina gizonezko eta emakumezko, eta Amerikako Estatu Batuetako (AEB) eta Ingalaterrako emakumezko bana.
Iazko podiuma
Gizonezkoak
1. Bartosz Gorzczyca ………. 3:39:19
2. Aleix Bautista ……………. 3:40:44
3. Ruben Hernandez ……… 3:41:56
Emakumezkoak
1. Ester Casajuana ………… 4:27:22
2. Oihana Arratibel ………. 4:38:51
3. Amaiur Iglesias ………… 4:43:05
Errekorrak
Gizonezkoak
· Aritz Egea (2016) …………. 3:31:30
Emakumezkoak
· Ester Casajuana (2017) …. 4:27:22
Emakumezkoen parte hartzearen aldarrikapena Marimurumendin
Gero eta emakumezko gehiago dira mendiko lasterketetan parte hartzen dutenak. Aurten, 107 emakumezko izango dira Ehunmiletako hiru probetan, %8,6: Ehunmilak ultra trailean 21, Goierriko Bi Handietan 38, eta Marimurumendin 48.
Antolakuntzatik hainbat saiakera egiten ari dira, eta aurten, Bealak taldearen eskutik dator ahalegina eta emaitza: Marimurumendi maratoian erratz lana egingo dutenak –bat izan ezik–, emakumezkoak izango dira. Lierni Agirrek, Nahia Arzelusek eta Itxaro Mendizabalek lehenengo 23 kilometroak egingo dituzte azkeneko lasterketako korrikalariaren atzetik; eta hortik aurrerakoa, Isa Rodriguezek, Udete Justok eta Peio Arroiok. Era horretan, emakumezkoen parte hartzearen aldeko aldarrikapena egin nahi dute.
Urduritasunez, baina ilusioz bizi dute Beasaingo korrikalariek igandeko eguna. Entrenamenduak egin dituzte Marimurumendi maratoiko ibilbidean, Javi Calvillok gidatuta. Aurten erdia egingo dute; datorren urtean, agian, osoa egitera animatuko dira.