Milesker pasatako gau eta egunean zehar modu batean edo bestean animatu gaituzuen guztioi. Aurtengo Ehunmilak Trail lasterketari buruzko kronika idazteko asmorik ez daukat, baina pasatakoak pasata, gaua nola bizi izan dugun kontatuko dizuet.
Denon lasaitasunerako inongo momentuan ez genuen muturreko egoerarik bizi, bi ekaitz gainean lehertu arren. Hala ere, ez zen gau «erosoa» izan, nahiz eta dendaren ondoko harkaitz-muino altu batean metalezko hodi luze bat tximistorratz moduan jarri. Gainera, lasterketaren antolakuntzak utzitako denda aterpe sendoa izan genuen gau osoan, ahuldaderik gabe.
Tximista eta trumoiez inguratuak izan ginen 04:30a arte. Tximista eta trumoiak aurrean, atzean, ezkerrean eta eskuinean, baina tximistarik gertuena kilometro pare pasatxora lehertu zen. Goizeko laurak eta erditik aurrera, zerua atertu eta pixkanaka zerua izarrez janzten joan zen, gu ere lasaitu eta loaldi txiki baterako unea eskainiz.
Lasterketak iraun zuen denbora osoan Valdirekin [Mikel Valdivielso] komunikatuta izan ginen. Denbora osoan ekaitzen portaeraren berri ematen zigun eta emandako oharrei eskerrak gaua errazago pasa genuen.
Bi lasterketak bertan behera uztearen harira, tximisten joan-etorria nolakoa izan zen kontuan izanda, hartutako erabakiarekin ezin konformeago egon. Gauza bat da, gu izan ginen moduan, denda sendo baten babespean egotea, eta beste bat lasterkariak mendi zabalean tximisten menpe uztea. Lasterkari eta boluntarioen segurtasuna gauza guztien gainetik dago, eta nahiz eta erabakia erraza ez izan, esango nuke printzipio hau izan zela erabakia hartzearen arrazoirik nagusiena. Honelako printzipioak ardatz izateak lasterketa bat handia egiten dute. Eta ostiral gauetik Ehunmilak ultratrail handiagoa egin denaren zalantzarik ez daukat.
– Xabi Mujika (Boluntarioa Aralarko Uarrainen)