Euskarabenturazaleen bisita
Atzo eguerdira arte Goierrin izan dira Euskarabentura espedizioko 130 gazteak. Zerainen afaldu eta lo egin dute. Aizpeako meategia ikusi ondoren, Ormaiztegin trena hartu duteMauletik (Zuberoa) Getxora (Bizkaia) Euskal Herria zeharkatzen ari den Euskara...
Atzo eguerdira arte Goierrin izan dira Euskarabentura espedizioko 130 gazteak. Zerainen afaldu eta lo egin dute. Aizpeako meategia ikusi ondoren, Ormaiztegin trena hartu dute
Mauletik (Zuberoa) Getxora (Bizkaia) Euskal Herria zeharkatzen ari den Euskarabentura espedizioko 130 gazteak eta begiraleak Goierrin izan dira astelehen eguerditik atzo eguerdira bitartean. Aguraindik Zerainera oinez egitekoa zuten ibilbidea, San Adriandik barrena, baina eguraldi iragarpenen aurrean, autobusez egin zuten asteleheneko etapa. Arratsaldea dinamika ezberdinekin girotu ostean, zeraindarrek prestatutako afariarekin hartu zituzten indarrak. «Zeraingo lagunek pasta entsalada, LumaGorri oilaskoa, patata tortila, txorizoa parrillan, gazta eta izozkia eskaini digute afaltzeko. Mundialak zarete, mila esker Zerain!», diote Euskarabenturakoek. Trikitixaren doinuarekin, kantuarekin eta dantzarekin girotu zuten afalondorena.Zeraingo pilotalekuan lo egin, eta atzo Aizpeako meategira joan ziren ibiltari gazteak. Atzoko ibilaldian, gainera, gonbidatu berezi bat izan zuten: Tomas Zumalakarregi. Historia oso gustuko duen espediziokide bat, Zumalakarregiz jantzita joan zen Ormaiztegiraino. Ondoren, trena hartu eta Tolosaraino joan ziren gazteak. Uztailaren 31n amaituko dute espedizioa.
Goierritarrak pozik
16 eta 17 urte bitarteko 130 gazteen artean bi goierritar daude: Uxue Arrese beasaindarra eta Uxue Barreros lazkaotarra. Oso pozik daude bizitzen ari diren esperientziarekin eta Euskal Herriari buruz asko ikasten ari direla nabarmendu dute: «Oso aukera polita da gure herria ezagutzeko. Gertuan daukaguna askotan ez dugu ezagutzen».
Hamabost egun pasa egin dituzte dagoeneko, baina «motza egiten» ari zaie. Asko ibiltzen dira egunero, eta eguna nekatuta bukatzen baldin badute ere, eta nahiz eta esteraren gainean lo egin, momentuz ez dute etxeko ohea faltan botatzen. Gozatzen ari dira momentuaz.