Mankomunitateko, aldundiko eta Iturrioz enpresako ordezkariak gaur Zuinketa akta sinatzen // Enirio-Aralar Mankomunitatea
Enirio-Aralar Mankomunitateak gaur hasi ditu Enirio eta Igaratza arteko bidea zabaltzeko lanak. Pista horrek, 2,7 kilometroko luzera izango du, eta lehen oinezkoen bide zena zabalduz eraikiko dute. Mankomunitateak azaldu duenez, “abeltzainei beraien lana errazteko” berregokituko dute bide hori.
Zuinketa akta sinatzeko ekitaldia egin dute gaur; bertan ziren Jose Migel Santamaria Mankomunitateko lehendakaria, lanak egingo dituen Iturrioz Eraikuntzak enpresako ordezkariak, obra zuzendaria, eta ingurumen eta arkeologia arloko jarraipena egingo duten teknikariak.
Bigarren pista bi urtean
Doniturrieta ingurua // I. Gurrutxaga
Legealdi honetan Enirio-Aralar Mankomunitateak martxan jarri duen bigarren pista proiektua da gaur hasi dutena. Aurrenekoa, Intzentsao eta Goroskintxu artekoa izan zen.
Bigarren proiektua, Enirio eta Igaratza artekoa, Mankomuniatateak zein Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela gogorarazi dute. Aldundiko ingurumen departamentuak Ingurugiro Ebaluaketa zehaztua egiteko eskatu zien, ordea. Ebaluazio hori tramitatu ondoren, aldundiak uztailean eman zion mankomunitateari obra baimena. Mankomunitateak berriz, uztailaren 30ean egin zuen batzarra, eta bertan bide eman zion proiektuari. Abuztuan hasi zituzten obra esleitzeko tramiteak; Iturrioz Eraikuntzak enpresa bakarrik aurkeztu zen lehiaketara, eta hari eman zioten kontratua.
Gertakari tamalgarriak
Enirio-Aralar Mankomunitateak, Aralarko pisten proiektua mahai gainean jarri zenetik izandako “gertakari tamalgarriak” salatu ditu. Tartean, “obretako makinen sabotaia, mankomuitatea txabola bat erretzea, pankarta eta bideo iraingarriak” eta “landaketak zapuztea” aipatzen dituzte. Aurrekari horiek guztiak ikusita, eta “eraso horiek berriro errepikatuko diren kezkaz”, Mankomunitatea “pista lanak zaintzeko zerbitzua kontratatu beharrean” izan dela azaldu du.
Bere aldetik, Jose Migel Santamaria Mankomunitateko lehendakariak “demokratikoki, dagokion ordezkaritza mahaian kontrako botorik gabe hartu zen erabakia errespetatzeko eta lanak bakean burutzen uzteko” eskatu du.