Segizioa
Igartzako Dantzarien Kofradiak egun handia izango du biharkoa. Belaunaldi desberdinetako 115 dantzari eta 12 musikari elkartuko dira. Aurtengo saioan, hil berria den Jesus Mari Garate dantza maisua omenduko dute.
Loinazko San Martin plazan elkartuko dira dantzariak eta 12:00etan, udaletxean bandera jaso ondoren, ezpata-dantzarien segizioa hasiko da plazatik Igartzako monumentu multzoraino.
Igartzako ezpata dantzaz gain, Igartzako brokel dantzak (uztail, makil eta brokel dantzak) ere egingo dituzte erreka bazterrean, burdinolaren eta errotaren aurrean.
Bazkaria eta erromeria
Dantzariek elkarrekin bazkalduko dute –babarrunak– Igartzan bertan eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera, erromeria izango dute Aiko taldearekin, Igartzako zelaietan.