Trikuharriak izango ditu ardatz Bost Herrien Arteko Ibilaldiak
Segura, Zegama, Zerain, Idiazabal eta Mutiloako mendizaleen elkarteek antolatutako ekimena da. Idiazabal eta Ataun arteko 16,2 kilometroko ibilbidea egingo dute aurten
Datorren larunbatean Bost Herrien arteko 4. Ibilaldia egingo dute. Aurtengoak, Idiazabal eta Ataun arteko lurrak hartuko ditu eta igaroko dituzten mendietan dauden trikuharriak ikusiko dituzte, horien harira pentsatu eta antolatu baita ibilaldia.
2015.urtean antolatu zuten lehenengo aldiz ekimen hau, Segurako hiribilduaren barruan egondako herriek burujabetasuna eskuratu zutela 400 urte bete zirenean. Segura, Idiazabal, Zegama, Mutiloa eta Zerain dira bost herriak eta horietako bakoitzeko mendizale elkarteak bildu eta bosten artean zerbait antolatzea erabaki zuten. Horrela sortu zen ideia. Harrezkero pasa dira urte batzuk. Izan ere, lehenengo ibilaldi hark izandako arrakastaren ondorioz etorri dira hurrengoak ere.
Larunbateko ibilbidea
Ibilaldiak, Idiazabal eta Ataun artean, Atxurbide, Aitsu eta Izozkoako mendietan dauden trikuharriak izango ditu ardatz. 16,2 kilometro egingo dituzte eta abiapuntua Etzegarateko gaina izango da. 08:30ean abiatuko dira handik. Behin ibilaldia bukatuta, nahi duten guztiek bazkaria izango dute Etzegarateko ostatuan.
‘Altzaniako zortzi dolmenen esplorazioa’
Larunbateko ibilaldira bertaratzen direnek Altzaniako zortzi dolmenen esplorazioa liburua eskuratzeko aukera izango dute. Telesforo de Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrike de Egurenek egindako lana da. Idiazabalgo Udalak liburu hori berrargitaratu du, gure ingurua eta gure kultura hobeto ezagutzeko ahalegin batean. Ibilaldiaren harira, antolatzaileek udalari egindako eskaera da liburu hori berrargitaratzea. Larunbatean eskuragarri egongo da baita ere, 1990ean idatzi zen Idiazabalgo trikuharriak liburuxka. Ibilaldian ikusiko diren trikuharrien inguruko xehetasunak azaldu eta argitzeko, Joxan Mujika, Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoa eta Historiaurre saileko irakaslearen laguntza izango dute. Laugarren ibilaldi honen harira ere, hurrengo Tertulian saioa, gai honi lotuta egongo da. Mujika bera izango da gonbidatua eta Historiaurrea Goierrin. Idiazabal izango du izenburua.












