Lazkao Txikik utzitako itzal handia
Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki hil zeneko 25. urtemuga da aurten. Pasa den astean 92 urte beteko zituen, bizirik balego. Bera ez baina, bere izena eta izana ondo bizirik daudela erakutsi dute gaur, Lazkaomendin elkartu diren berrehundik gora lagunek. Antolatzaileek ere ez zuten halako jendetzarik espero, eta esker oneko agertu dira.
Lartxai Elkartean juntadizoa egin eta Abalin baserriraino oinez igo da jendea, trikitilariek eta Lazkao Txikiren irudia daraman buruhandiak lagunduta; azken zatian, txalapartariek egin diete harrera ibiltariei. Behin Lazkao Txikiren jaiotetxean, haren gela eta objektuak ikusteko aukera izan dute bisitariek, Felipe Barandiaran ilobaren eskutik. Hain zuzen ere, Barandiaran bera izan da ekitaldiko lehen bertsoa bota duena, etxeko leihotik; esker oneko hitzak izan ditu han bildu diren guztientzat. Segidan, Mikel Mendizabal, Eusebio Igartzabal eta Millan Telleria aritu dira kantuan, atarian. “Txikia deitzen genion baina, izatez zein haundia zan” bota du Igartzabalek.
Belaunaldi berriek ere egin diote aitortza Lazkao Txikiri. Bere izena daraman musika eskolako ikasleek, Iztueta zenari eskainitako bertso sorta kantatu dute, musikaz lagunduta. Eñaut Agirre bertsolariak hartu die erreleboa; Joxe Migeli asko gustatzen zitzaizkion bertso batzuk, Juan Kruz Beloki Motza-k piztiei jarritakoak, kantatu ditu. Abalinerako kalejiraren buruan joan diren Asier Gozategi eta Ane Etxezarreta trikitilariek, fandagoa jo dute gero. Bere aitari eskainitako fandangoa dela azaldu du Gozategik, baina aita Lazkao Txikiren jarraitzailea zenez, eta antzeko umorea zuenez, berari ere eskaini nahi izan dio.
Lazkaotarrekin batera, zaldibiar talde bat ere etorri da ekitaldira, han ere bizi izan baitzen Lazkao Txiki. Herri eskolako haur eta gurasoek, Lazkao Txiki abestu eta hain ezagun egin ziren bi bertso sorta kantatu dituzte: ispiluari eta egunsentiari eskainitakoak, hain zuzen ere. Xabier Amuriza bertsolari bizkaitarrak ere ez du hutsik egin gaurko ekitaldian. Liburu nahiz diskoan jasotako Lazkao Txikiren ateraldi eta bertso ugari ekarri ditu gogora. Eta ekitaldia bukatzeko, Unai eta Eñaut Agirre anaiek, Lazkao Txikiren hiru bertso sorta kantatu dituzte, musikarien laguntzarekin.