Datorren urteko udal tasak eta zergak izoztu ditu udal gobernuak
Aurreikusi baino diru sarrera gehiago izan ditu udalak. Tartean, Sidenorren erosketaren plusbalioa. Oposizioak gaia osoko bilkurara eraman ez izana salatu du
Legazpiko udal gobernuak (EAJ) 2019ko udal tasak eta zergak izozteko erabakia hartu du. Sprilurrek Sidenor izandako lur saila eta pabiloiak erosi ditu eta horrek 186.000 euroko diru sarrera sortu du, plusbalioagatik, hau da, zoruaren balioaren gehikuntzagatik. Orora, aurreikusi gabeko 276.000 euroko diru sarrera izan du udalak. Koldobike Olabide alkateak esan duenez, «hortik tasak eta zergak izozteko erabakia, izan ere, familiak krisiaren ondorioak pairatzen ari dira eta presio fiskala gutxitu nahi izan diegu».
Olabidek erantsi duenez, «agintaldi osoan zehar familiei presio hori gutxitzeko ahaleginean gabiltza. Abuztu amaieratik ekonomiaren suspertzea geldotu egin dela dirudi. Argiaren, gasaren eta butanoaren prezioak gora egin du eta horrek zuzenean eragiten die. Legazpiko Udalaren kontuak saneatuta daude eta familiei arnasa emateko aukera da».
Oposizioko alderdi guztiek begi onez ikusi dute izoztea. Aitzitik, udal gobernuaren eginbideak salatu dituzte. EH Bilduko Rakel Puentek dioenez, «guri iraila hasieran proposamen bat bidali ziguten, non igoera bat zegoen. Handik gutxira diru sarrera bat zetorrela eta izozteko asmoa agertu ziguten. Albiste ona zela esan ziguten eta guk ere hala ikusi genuen. Dena dela, ez da espedienterik zabaldu eta, udalaren egoera ekonomikoa ona izanda, beste hobari batzuk sartzeko aukera zegoela uste dugu. Aukera hori ez digute alderdioi soilik kendu, legazpiarrei ere kendu diete».
PSE-EEko bozeramaile Oscar Valbuena antzera mintzatu da: «Alkateak ez du espedienterik ireki eta gaia blokeatu du. Azpimarratuko nuke eguneko zentro berria 2019ko ordenantzetatik kanpo geratu dela, eta Meazti etxean eskainiko den zerbitzua gizarte zerbitzuen hobekuntzan lehenetsi beharko litzateke».
Irabaziko Alberto Bezunartea ere izoztearen alde agertu da, baina «hobariak egiteko proposamenik ezin izan dugu egin eta, kontuan hartuta ordenantza fiskalak erreminta indartsua direla ingurumenean edota merkataritza txikian hobekuntzak egiteko, aukera galdu bat da».