Santa Fe jaiak bihar hasiko dira Zaldibian, astelehenera arte. Kuadrillen eguna urriaren 13an ospatuko dute. Emakumea eta nekazaritza plazaratuko dute, ekitaldi berrian
Kuadrillen bazkaria Zaldibiako jaietan. Hilaren 13an egingo dute aurten. // Argazkia: Josune Zarandona
Mondejuaren bueltan ekingo diete Zaldibiako herritarrek Santa Fe jaiei, bihar. Ohiko desfilea egingo dute aurrena haurrek, Olaldetik plazara. Mondeju osagaien bilketa irudikatuko dute. Ondoren, hestebete zuriaren dastaketa herrikoia izango da. Urtetako ohiturari segiz, Imuntzo eta Beloki musikariek alaituko dute lehenbiziko gaua.
Astelehenera arte, lau eguneko ekinaldia osatuko dute zaldibiarrek, jaietan. Kuadrillen eguna asteburu honetatik atera dute, hurrengora. Urriaren 13an ospatuko dute. Santa Fe eguna larunbatean da, eta mozorrotuek girotuko dute egun hori.
Musikarekin jarraituz, larunbatean eskaintza hirukoitza izango da: Burrunba elektro-txaranga iluntzean, Puro Relajo mexikar kutsuko talde nafarra gauean, eta Ezten Giro erromeria taldea, goizaldera arte.
Goierriko Xake Txapelketa ere Zaldibian bukatuko da, haurrentzat. Hirugarren jardunaldia etzi goizean jokatuko dute. Sailkapen nagusian, zaldibiarrak dira lehen hirurak. Afizionatuen pilota jaialdian, berriz, bi partida izango dira: Miren Larrarte-Maddi Mendizabal, Maider Mendizabal-Miriam Arrillagaren aurka; eta Beñat Azketa-Aitor Elizegi, Eneko Labaka-Eneko Aizpitarteren aurka.
‘Intxaurrak emelau’ saioa
Ekitaldi berri bat antolatu du Zapiak Bat elkarteak, etziko:
Intxaurrak Emelau. Garai bateko nekazari bizimodua, eta hartan emakumeek bete zuten papera uztartuko eta erakutsiko dituzte plazan, langintza zahar batzuen bidez. Arto aletzen, intxaur biltzen, arropa zabaltzen eta jasotzen, esne partitzen edota oihal zirrindarak egiten jardungo dira.
«Erakustaldi honen helburua emakumeak eta nekazaritza munduko lanak kalera gerturatzea da, batik bat emakumeen gain egon izan diren eginkizunak eta ohiko erakustaldietan erakusten ez direnak», azaldu du Zapiak Bat elkarteak. Belaunaldien arteko transmisioa ziurtatzea ere bada xedea, adin askotako herritarrak jarriko baitituzte «jolasean».
«Lehia eta indarra protagonista» diren ekitaldietatik bestera, norgehiagokatik kanpoko ekitaldi bat jartzea ere bada helburua. Zortzi bikotek parte hartuko dute; bitik batek, gutxienez, emakumezkoa izan behar du.