Arkume komertzializazioko enpresentzat kanpainarako proposamen ekonomikoak egiteko aukera ireki du Larsabik. Latxa arkumea «duin eta bertan» kokatu nahi dute
Bertako latxa arkumea hazi, ekoitzi eta saltzen duten artzainen Larsabi elkartea abiatu da Gabonetako kanpainarantz. Arkume salmentarentzat urteko garai oparoena da, eta ekimen bateratuarekin, baldintza ekonomiko ahalik onenak eta arkumea merkaturatzeko eroslearentzat eskaintza onena ondu nahi du. Herenegun, Zaldibiako Goizanen aurkeztu zuten kanpainako lehenengo jarduera: arkumeak biltzeko eta merkaturatzeko enpresentzat subasta.
Subasta azaroaren 13an egingo du Larsabik, Goizane eraikinean bertan, 12:00etan. Arkume bilketan eta komertzializazioan aritzen diren enpresa eta erosle guztiei proposamenak egiteko aukera emango diete. Eskaintza ekonomikoak aurkeztu beharko dituzte komertzialek, eta, ondoren, Larsabik baloratuko du zeinen esku utzi euren salmenta.
«Irizpide askoren arabera» erabakiko dute Larsabiko kideen latxa arkumeak nork salduko dituen. «Bertako produktuak bertako merkatuan kokatu nahi dugu. Balio erantsi handia du latxa arkumeak, eta bertako erosleek jasotzea nahi dugu hori; horrela, artzainari itzuli behar zaio», azaldu du Larsabi elkartearen lehendakari Mariano Imazek, beste 15 bazkideren aurrean.
Iazko kanpainan, gustura
2017-2018ko arkume eta ardi zaharren salmentaren balorazioa ere egin du Larsabik. Iazko azaroaren 9an, 27 artzainen 4.149 arkume eta 330 ardi zahar subastatu zituzten. Komertzializatu, berriz, 29 artzainen 3.800 arkume eta 740 ardi zahar. Carnicas Tamames enpresari eman zitzaion eskumena, subastan.
Bestetik, Uvesco-BM supermerkatu katearekin latxa arkumea saltzeko akordioa ere egin zen, iaz. Gabonetako kanpainan 1.309 arkume (8.666 kilo) enplegatu zituzten artzainek, hala. «Esperientzia ona izan zen», aitortu du Larsabiko Imazek.
Bestetik, latxa arkumea bereizteko logotipoa eta zigilua sortu zituzten. Aurten, iazko kanpaina «hobetzea» jarri dute helburutzat. Baita Larsabi elkartea haztea ere. Bazkide berriak egiteko epea ireki du, urriaren 25era arte. «Denon indarra behar dugu gure produktuak duin eta Euskal Herrian bertan saltzeko».
Etorkizunari begira, «baikor» agertu dira artzainak. «Marka propioa sortu dugu. Hurrengo urratsa inguruko komertzializatzaileekin loturak eta akordioak lortzea izango da. Ateak irekita ditugu. Ahal den heinean, latxa arkumea bertan saltzea nahi dugu». Ferietan ere egongo dira, arkume erre pintxoak salduz.