Bai atsegina hiri begira bost, hamar… minutu ematea Lazkaomendiko San Joan Ante Portam Latinam ermita ondotik. Bai arnasgarria. Bai lasaigarria.
Baina, ai, hi mireste horrek neure umetako urte xalo haietara naitek ni eramaten, zoratzeko moduan, hire miresgarritasunak eta txikitako neure bizitzan oinarrituriko neure irudimen edo imajinazio bortitzak, biek, bat eginik.
Zoragarria hi Lazkaomendik kontenplatzea, eta neuk bizi izandako bizitzan oinarrituriko irudimenez hi biziaz lerden eta bizi imajinatzea. Ez nauk ari iritzi teoriko abstraktuaz, balizko hipotesi imajinatu hutsaz; ideologia gutxi asko interesatuak eraginik. Honetaz bazekian zerbait beste batek ere: «Naturaz mintzo banaiz, ez da zer den badakidalako, baizik eta maite dudalako, eta horregatik maite dut…» (Fernando Pessoa).
Baina nik, kontenplazioaz gain, umetako hire gaineko biziera bizi nahi berriro, behin eta berriz: oinutsik oinak hire azal bizian, hire larru izerditsuan busti nahi, blaitu nahi. Hura osasuna orduan. Hura poza orduan. Urruntasun guztiak ahantzaraztekoa. Jaiotetxearen, amaren, senideen, adiskideen eza edo urruntasuna aitaren berotasunak eta hire barrunbeko su ez-erretzaile freskagarriak ordezkatzen zian. Hire azaleran jira eta bira, zilipurdika igurztea hankak, gehienetan, eta ipurtaldea, eta gerrialdea, eta sorbalda, beste askotan, gure Perla txakurra egiten ikusten nuen bezala: hura nire barrunbea hire barrunbe zorarazlearekin, hire azala baino barneago baina hire azala bitarteko, bat eginik sentitzerainokoa. Eta gaur esperientzia hura bizi gura nik, gaurko neure umetasun helduaren neurrian.
Eta neure burua bezala, gaurko artzainak ikusi gura nik, gaurko artzain saiatu penatuak, hirekin, hire azalean gozatzen; penatuak, nire umetakoen tamainan ez bada ere, beren bizitza hirearekin bat egin nahian adorez eta izerdiz bizi nahi dutelako, baina pozarren, berek ere, nik orduan bezala, hire arnasa arnastearren. Nola ez nik opa horiei ere bizitza leunagoa, gozoagoa, «lautadatsuagoa», erosoagoa, hire aldapa ikusgarri horien artean irismena leundu zaielarik?
Jakinik nik, neure esperientziaz, ez teoriaz, uxarrean eginez, amorrazioaren amorrazioaz, hiri azala eta larrua urratzen eta puskatzen zitean txerri haiek ez ziatela minik ematen, ez kalterik eragiten. Maite baituen haiek ere, eta haiek baino gehiago haien jabeak.
Jakinik nik, horrenbestez, gaurko artzainei egindako txabolarako irismen leunagoa eta guzti, hire azaleko eta larruko txerrien urratuak, hozkadak eta guzti, ez haizela hi haserretuko, ez diatela hiri kalterik egingo. Maitasunaren legea dualako hik heure izaera, hire azal eta larru gaineko jende ondraduari mesede egitea.
Jakinik nik, neure esperientziaz, txabolako bizitzarako lizarren eta pagoren batzuk botatzen genituenean, hire azala eta larrua agerian utzirik ere, ez hintzela hi haserretzen, ez geniala hiri kalterik egiten. Maitasunaren legea dualako hik heure izaera, hire azal eta larru gaineko jende ondraduari mesede egitea.
Jakinik nik, han edo hemen botatako pagoak eta lizarrak txabolara zaldiarekin arrastaka, herrestan, narran ekartzean, hire azala eta larrua franko urratzen bagenuen ere, ez hintzela hi haserretzen, ez geniala hiri kalterik egiten. Maitasunaren legea dualako hik izaera, hire azal eta larru gaineko jende ondraduari mesede egitea.
Eta neure burua bezala, ardiak ikusi nahi nik lasai, larrean denbora luzean, etzanda behar dutenean, hire azalaren eta larruaren abegikortasunaz gozatuz. Aralar mendia ardiaz ere jantzirik ikusi nahi dugunon pozgarri ardiak ere hire gainean. Ikusi, ordea, ez kataloxa boteretsuen laguntzaz (Lazkaomenditik edo), baizik amarengandiko begi hutsez. Umetan ikusi ohi nituen bezala. Bertatik bertara. Tarteka, artale bakan batzuk (aitak jaiotetxetik txabolara ekarriak, nire jostailutzat, beste adiskideren faltan, ardiekin jolas egin nezan) ere eskainiz eskutik muturrera. Zer gozoa ardiaren mutur bustiaren ukitua!
Eta neure burua bezala, ez pribilegiatu batzuk bakarrik, baizik eta jende asko eta asko ikusi nahi nik hire doako eskaintzaz baliatzen: hire azala bitarteko, hire barrunbe aberatsaren bizia bizitzen. Gozamena goza dezaten. Esperientzia egiten, Gipuzkoa eta Nafarroa ez direla bi lurralde, autoz edo bizikletaz edo motorrez edo trenez bakarrik zeharkatzen ahal dituztenak, baizik eta, behinolako gure jentilek bezala, oinez ere zeharkatzen ahal dituztenak; patrikako telefonoan mundua mendira eta noranahi eraman ohi dugun bezala, beste gailu batzuk hara eta hona eramaten gaituzten bezala, mendira ere eraman ahal gaituztela mendian goraino, handik, hire bizkarrezurrean gainez gain, Txindoki, Ñañarri, oinetik Igaratzara eta Goardetxera… zer ibilaldi historiatsua, bizia, iradokitzailea. Zenbat estimatuko luketen hori, Donostiako Maria Kristinaz gain, ibilaldi hori eskainiko litzaiekeen turistek ere. Esperimentatzen ahal liakete, Maria Kristinako alfonbra gorria baino alfonbra berde gozagarriagorik badela Euskal Herrian.
Aralar, oi Aralar, zenbat eta nola maite hautan. Nik, Lazkaomendiko San Joan Ante Portam Latinam ermitatik kontenplatzeaz gain, jan egin nahi hinduket ardiek bezala, oinutsik zapaldu nahi hinduket gure artzain adoretsu eta kementsuek bezala. Emango al didak, emango al diguk, aukera hori baliabide arruntez hiregana iritsi ezin garenoi, beste baliabide batzuentzat orube bihurturik? Zer pena, heuretzat eta niretzat, hi pribilegiatu bakar batzuek bakarrik zapaltzen ahal hautela nabaritzea! Zenbat aberastasun galtzen!
–Dionisio Amundarain (Lazkao).