Egun handia larunbata izango da, Kolore Truk azoka egingo baitute. Gaurtik hasita, hainbat ekintza antolatu dituzte. Ordiziako talde eragileen elkarlanetik sortutako ekimena da
Aste osorako egitarau zabalarekin dator Kulturen Arteko Topaketa Ordizian. Egun handia, larunbata, hilak 17, izango da, baina gaurtik hasita, ekintza ugari antolatu dituzte. Ordizia Kolorek, udaleko Aniztasun arloak, eta herriko talde eragileek antolatutako ekimena da, eta Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrenaren egitarauaren barruan sartu dute.
Pasa den igandean Bizilagunak ekimenarekin hasi zuten Kulturen Arteko Topaketa. Eta hurrengo egunetarako, hitzaldi, solasaldi eta bestelakoak antolatu dituzte.
Kolore-Truk, larunbatean
Ordizian bizi diren jatorri eta kultura desberdinetako herritarrek elkarlanean Kolore-Truk azoka antolatu dute datorren larunbaterako. Horren harira, egun osorako egitaraua prestatu dute. «Gure herria eta mundua toki hobea izan daitekeela amesten dugulako eta bakoitzak, bere eremutik, euskaratik, migraziotik, berdintasunetik, ekonomiatik, partaidetzatik eta nekazaritzatik, baina denok elkarrekin, sinergiak batu eta gure herria, gure harremanak, eredu ekonomikoa, sozial eta kulturala eraldatu dezakegula uste dugulako», horiek izan ziren Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko Aniztasun arloko teknikariaren hitzak, pasa den ostiralean, Kulturen Arteko Topaketaren aurkezpenean adierazitakoak.
Kolore-Truk azoka Plaza Nagusian kokatuko da. 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, lurralde desberdinetako postuak jarriko dituzte. Horiez gain, hainbat entitatek ere parte hartuko dute, Goienerrek, Fiarek, Farapik eta Gipuzkoako kontsumo taldeen sareak, besteak beste.
Azokaz gain, munduko arrozak prestatuko dituzte, Beti Alai pilotalekuan, 12:00etan hasita eta 14:00etan, prestatutakoa dastatzeko aukera egongo da. Txartelak salgai daude Zuhaiztiko kafetegian, Herrikon eta Magazin Romanesc dendan. Bazkalostean, kafe dinamika tailerrak egingo dituzte. Euskara, berdintasuna, ekonomia eta migrazioa izango dituzte hizpide, besteak beste.
Horrez gain, jolas guneak jarriko dituzte Goen eta Nikolas Lekuna plazetan.
Azkenik, Marina Herlop eta Maddiren musika kontzertua egongo da D’elikatuz zentroan, Ordiziarrockek antolatuta.
Egitaraua
Gaur, asteartea
· 18:30. Ardi beltzok euskaraz hitzaldia, Estitxu Eizagirre Argia aldizkariko zuzendariaren eskutik, Barrena kultur etxean.
Bihar, asteazkena
· 17:15. Munduko ipuinen kontaketa, Idoia Sanchezen eskutik, liburutegian..
Ostirala, 16
· 17:00. Emakume anitzak biolentziarik gabeko bizitza baten alde solasaldia, D’elikatuz zentroan.
Larunbata, 17
· 12:00-20:30. Kolore-Truk merkatu soziala, Plaza Nagusian. Jolas kooperatiboak eta lehengo jolasak, Goen eta Nikolas Lekuona plazetan. Euria egiten badu, pilotalekuan egingo dute.
· 12:00. Munduko arrozen prestaketa, Beti Alai pilotalekuan.
· 14:30. Herri bazkaria pilotalekuan.
· 16:00-17:30. Kafe dinamika tailerrak Beti Alai pilotalekuan.
· 20:00. Marina Herlop eta Maddi taldeen kontzertua, D’elikatuz zentroan.