Igartzako jauregian izango da udalak, Garabide elkarteak eta Euskaraldiak antolatuta. Euskaraldiko 'Ahobizi' eta 'Belarriprest' txapak jasotzen hasteko ekitaldia egingo dute bihar udaletxean
Beasaingo Udalak Garabide elkartearekin duen hitzarmenaren harira eta Euskaraldiarekin bat eginez, hizkuntza gutxituak biziberritzeko gakoei buruzko mahai-ingurua egingo dute gaur Igartzako jauregian, 19:00etan hasita. Aitor Aldasoro alkatearekin batera, Euskaraldiko kide batek eta Mexikoko bi komunitateetako (Yucatango maia eta nahuatl) aktibista banak hartuko dute parte. Hizkuntza horiek biziberritzeko gakoei buruz azalpenak ematea eta esperientziak partekatzea izango da mahai-inguruaren helburua. Beasaingo alkateak, «euskararen esperientziatik abiatuta, udalak aurrera eramaten dituen egitasmoak eta hauei buruzko ondorioak azalduko ditu». Amaieran, denen artean hizketan aritzeko tarte irekia izango da, nahi beste galdera egin eta beste horrenbeste esperientzia partekatzeko.
Beasaingo Udalak garapen bidean diren herrialdeei bideratzen dien aurrekontuaren %1etik laurden bat zuzentzen du hizkuntza gutxituetako herrialdeekin elkarlanean aritzen den Garabide elkartera.