Olaberriko Udalak lau faseko eraberritze prozedura hasiko du. Lehen hiru urratsak egingo dituzte orain. Eskola zaharretan bederatzi etxebizitza egokitzeko kontratua gaur sinatuko dute
Olaberriko Udalak Ihurre auzunean hainbat berrikuntza obra egiteko asmoa onartu du. Ihurreko kirol pisten eremua berritzeko lana azaroaren 8ko osoko bilkuran esleitu zuen. Lau faseko eraberritzea diseinatu dute, eta hiru gauzatuko dira orain.
Kirol pisten erabiltzaileentzat aldagelak egokitzea da lan bat. Igerilekuko eraikinean kokatuko dituzte aldagelak. Oraingo beste bi zereginak bi padel pista eraikitzea eta horiei estalkia jartzea izango da. Azken fase batean, tenis pistak estaliko dituzte.
Kirolguneko frontoian, berriz, ez da obrarik egingo. Kirol guneen sarrera-irteera funtzionamendua autonomoa izatea da asmoa. Sarbidea txartelen edo aplikazio digitalen bidez izango dute erabiltzaileek.
Obraren esleipen prezioa 300.000 euro inguru izan da, BEZa aparte. Egunotan sinatuko du udalak kontratua Gasteizko Indenort eraikitzailearekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du berrikuntzaren zati bat. 190.000 euro emango dizkio udalari, aurki sinatuko duten hitzarmenaren bidez.
Etxebizitzen sinadura, gaur
Ihurre auzoa 2014an igaro zen jabetza publikora, Aristrainen garaitik haren jabe Arcelor Mittal izan ondoren. Harrezkero, urbanizatze obra ugari burutu ditu udalak auzoan. Erdiko kalea, Jose Maria Aristrain Kalea deritzona, berritzen ari dira orain. Cari de la Cruz Kalea —behekoa— bukatuta dago.
Bizilagunak ere, ekimen pribatuz, etxaurreak eta teilatuak konpontzen hasi dira. Bost bloketan ari dira lanetan. Eremu hondatuetarako ematen den diru laguntza publiko bat jaso dute hartarako.
Ihurre aldean udal ekimenez gauzatuko den beste proiektu bat eskola zaharren birgaitzea izango da. Bederatzi etxebizitza sortuko dituzte. Sustatzaile enpresarekin gaur sinatuko du kontratua udalak: eraikitze lanekin eta etxeak saltzeaz Bergarako Goitu arduratuko da.
Prezio tasatua izango dute etxebizitzek, Babes Ofizialeko Etxebizitzen prezioa x 1,08 proportzioan (150.000 euro inguru). Etxea, garajea eta trastelekua sartuko dira.
Bederatzi etxebizitzatik bost, Olaberriko Udalak erosiko ditu, ondoren baldintza eta prezio beretan saltzeko, Jokin Garmendia alkateak aurreratu duenez.