Hiru egun besterik ez dira falta Euskaraldia hasteko. Herrietan ekitaldi ugari antolatu dituzte, baita praktika berrietan eroso sentitzeko tailerrak ere. 'Egunero delako euskararen aldia' erakunde adierazpena sinatu dute
Ahobizientzako prestakuntza taillerra egin zuten atzo Idiazabalen // A. Apalategi
Atzera kontua hasi da. Hiru egun besterik ez dira falta Euskal Herri osoko 16 urtetik gorako milaka herritarrek
Ahobizi eta
Belarriprest txapak jantzi eta euskara ohiturak elkarrekin aldatzeko saiakera egiteko, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortzeko. Erakundeek, eragile sozialek eta herritarrek bat egin dute euskararen erabilera areagotzeko jarrera aldaketa lortzeko helburuarekin.
Honela, azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitartean Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan,
Ahobizi direnek euskaraz egingo diete ulertzen duten kide guztiei, aurrez aurre zein telefono, email edo sare sozialen bidez.
Belarriprest direnek, beraiekin euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete gainontzeko kideei.
Beasainen txapak jasotzen.
Euskararen alde egotetik edo euskaraz jakitetik baina harago doa Euskaraldia: hizkuntza ohiturak aldatzera lagunduko duen ariketa gauzatzeko prest dauden eta jarrera aktiboa izango duten herritarrak batzea da helburua. Ariketa horrek ez-ohiko egoerak sortuko ditu, tarteka deserosoak ere izan daitezkeenak: elkarrizketa elebidunak, beti erdaraz ezagututako gertuko kidearekin euskaraz egitea, eta abar. Horregatik, ahalik eta herritar gehien prestatzeko eta praktika berrietan eroso senti daitezen, gertatuko diren kasu horietan nola jokatu jakiteko, hainbat tailer eskainiko dituzte Goierriko herrietan.
Euskaraldiaren harira, atzo, Gasteizen, agerraldia egin zuten Eusko Jaurlaritzako, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foru aldundietako, Donostia, Bilbo eta Gasteizko udaletako, Eudel eta Uemako ordezkariek,
Egunero delako euskararen aldia erakunde adierazpena sinatzeko eta aurkezteko : «Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra».
Honela, aktibosasuna, praktikotasuna eta adostasuna nahitaezko osagarriak direla diote adierazpenean: «Atzean utzi behar dugu beste inork euskararen alde egin lezakeenaren zain egotea. Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu».
Euskaraldiko ekitaldiak
Gaur eta bihar
· Beasain. Txapa banaketa, udaletxeko sarrera gelan (18:00).
· Idiazabal. Txapa banaketa (10:30-12:30 eta 16:00-20:00), udal liburutegian.
· Lazkao. Txapa banaketa (11:00-13:00) udaletxean.
· Legazpi. Txapa banaketa (17:30-19:30) Agirre-Etxeberrin
· Legazpi. Beatriz Egizabalen Ttak bakarrizketa, 18:30ean, Latxartegi aretoan.
· Legorreta. Txapa banaketa (16:30-19:30) liburutegian.
· Ordizia. Txapa banaketa: Euskara zerbitzuan (11:00-13:30), AEK euskaltegian (10:00-16:00), Villa Eugenian (16:30-18:30), Urdaneta ikastetxean (16:30-17:30), eta Barrenan (18:00-20:00).
· Urretxu. Txapa banaketa (09:30-13:30 eta 19:30-20:30) Aizpurunea kultur etxean.
· Zumarraga. Txapa banaketa (09:30-13:30 eta 19:30-21:00) Zelai?Arizti kultur etxean.
Bihar
· Beasain. Andoni?Egañaren Euskara lehen eta orain; indarguneak eta ahulguneak hitzaldia, 19:00etan,?Igartzako jauregian.