Igandean ekitaldia egingo dute Lazkaoko plazan. Eskuz eginiko paperezko loreak dira aurten ikur. Goierri behean, iaz, indarkeria matxistaren 50 kasu izan ziren, 5 Lazkaon
«Nazkatuta gaude, isilarazi nahi gaituztelako, gure eskubideak zalantzan jartzen dituztelako eta banaka-banaka akabatu nahi gaituztelako». Hitz horiekin azaldu du Lazkaoko Talde Feministak emakumeek jasaten duten indarkeria matxistak sortzen dion erresumina. Lazkaoko erakundeek, elkarteek eta eragileek ekitaldi bateratua egingo dute igandean, 11:00etan, plazan.
Indarkeria sexista gizonen eta emakumeen arteko «botere harremanen desoreka» eta «emakumeen mendekotasuna betikotzeko tresna» gisa definitu du udalaren Berdintasun Batzordeko buru Ane Irastortzak. «Giza eskubideen zapalkuntza suposatzen du, horiez gain».
Euskal Herrian aurten zortzi emakume hil dituztela gogoratu dute. Nazio Batuen Erakundearen arabera, emakumeen eta haurren %70ek indarkeria fisikoa eta sexuala jasaten dute, bizitzan zehar. Mundu osoan.
Egoeraren gordina azaldu, eta, batez ere, sarraski hori behingoz buka dadila eskatzeko, hamar eragile elkartuko dira: udala, Talde Feminista, musika eskola, Oin-Arin, Maizpide, Gaztelekua, ikastola, Azki, Gazte Asanblada, Txindoki egoitza. Herritar banakoez gain, noski.
Loreekin irudikatuko dute, aurten, indarkeria sexistaren errefusa. Eskuz norberak egin, eta 5.000 lore biltzea da erronka.
Hitzarmena ikastolarekin
Gaia lantzeko, udalak eta San Benito ikastolak ikasturteko hitzarmena sinatu dute. Dar-Dar etxeak, azaroaren 30ean,
Mundua, ispilua eta ni antzezlana egingo die. Bukatzear den Mindfulness ikastaroa «positiboa» izan dela gaineratu du Irastortzak. 16 lagun aritu dira.
«Erre zenituzten sorginen oinordekoak gara gu. Borrokan jarraitzen dugun emakumeak», azaldu du Talde Feministako Haizea Mendiak.