Martxoaren 8an, Emakumeen Egunean Legazpiko kaleetan sortutako giroak hauspotuta eratu dute Matraka taldea. Sentsibilizazioa, egoerak agerian jartzea eta prestakuntza helburu dituzte.
Legazpin Matraka talde feminista sortu dute. Belaunaldi ezberdinetako 30 bat emakume elkartu dira, 17 urte inguru ditu gazteenak eta 60 bat nagusienak. Taldea aurreko martxoaren 8an Legazpin egindako ekintzek eragindako ilusioaren arrastotik sortu dela diote. Oraindik ere, kultur etxean Matrakaren bilerara batu diren emakumezkoei oilo-ipurdia jartzen zaie Emakumeen Eguneko eguerdiko kazeroladarekin akordatzean. «Inflexio puntua» izan zela diote.
Aurretik On Fire taldea ibili da lanean. Matraka sortu aurretik haiekin hitz egin zuten. «On Fire taldeak bere autonomia dauka, bere nortasuna, eta gurekin saretuta daude», dio Nekane Gonzalezek. Zaida Casalesek erantsi du, «Tere Martin kidearekin hitz egiten ari ginela, Legazpin zer edo zer gehiago behar zela sumatu genuen. On Fire taldekoak oso gazte hasi ziren eta orain unibertsitatean daude. Herriko giroan beste dinamika bat sortu beharrean geunden».
Irailean egin zituzten lehenengo bilerak. Legazpiko emakumeak saretu eta talde feminista bat sortu nahi zuten, «talde egituratu bat», dio Gonzalezek.
Taldeari jarriko zioten izena lehenengotariko mintzagaia izan zen. Orain urte batzuk, Nafarroako kaleko Gaztetxean talde feminista bat sortu zen, ez zuen ibilbide luzea egin, baina izena oroimenean geratu zela diote. Izen hori bera hartu dute: Matraka.
Hilean behin elkartzen dira eta honezkero taldearen helburuak zehaztu dituzte: sentsibilizazioa, emakumeek bizi dituzten hainbat egoera agerian uztea eta prestakuntza. Bakarne Mendiola kideak dioenez, «helburu xumeak ditugu, egunerokoan gertatzen diren mikromatxismoak eta bestelako egoerak bistaratu eta gizonezkoei esleitzen zaizkien pribilegioak agerian utzi nahi ditugu».
Egutegian bi data
Egutegian bi data azpimarratuta dituzte: martxoaren 8a eta azaroaren 25a. Orain, igandean egingo duten ekintza prestatzen ari dira. Hain justu,
Women in black antzezpena egingo dute Euskal Herrian aurten erailak izan diren zazpi emakumeak gogora ekartzeko. Gernikako plazan izango da 12:00etan eta ondoren manifestazioa egingo dute Legazpiko kaleetan.
Urtean ekintza batzuk zehaztu eta haien lanketa egiteko asmoa dutela diote: emakumezko eta gizonezko legazpiarren arteko soldata arrakala bistaratzea, gune beltzak identifikatzea eta halako ekintzak aipatu dituzte. Casalesek azaldu du, «betaurreko moreak jarri eta haiekin ikusten denaz ohartaraziko dugu».
Legazpiarrek taldea ezagutu dezatela nahi dute. Inguruko talde feministekin saretzeko asmoa daukate eta Goierri garaiko Emakumeen Etxearen adar bat Legazpira eraman nahi dute bertakoek Urretxura joateko beharrik izan ez dezaten.
Mendiolak orain urte batzuk feminismoa «txantxatzat» hartzen zela dio, «orain, ordea, ez dago txantxarik feminismoarekin». Casalesek gehitu du «kexatik erreibindikaziora pasatzeko unea» dela.