Euskaraldiaren indarra
Ume koskorretan, 7-8 urterekin, itsas handiarekin, gerrirainoko uretan, hondartza aldetik itsasora begira jartzen ginen, urrutian sortzen ziren olatuei begira.
Ume koskorretan, 7-8 urterekin, itsas handiarekin, gerrirainoko uretan, hondartza aldetik itsasora begira jartzen ginen, urrutian sortzen ziren olatuei begira. Eta, begirik kendu gabe, olatuak nola potoltzen eta handitzen ziren ikusten genuen. Han urrutian gero eta handiago egiten ziren olatu haiek hondartzara heltzen eta lehertzen zirenean, bi aukera baino ez zizkiguten ematen apar bihurtu baino lehen. Edo besoak luze-luze eginda buruz aurrera jauzi egin olatu barrenera, edo geldirik geratu olatuaren indarrak eta aparrak harrapatu zain. Busti ala busti, beste aukerarik ez zegoen.
Euskaraldia badator eta olatu handiaren itxura hartuta dator. Zazpi Euskal Herrietako 400 udalerrietan baino gehiagotan astindu ditu euskararen itsasoko urak. Milaka eta milaka herritar azaldu dira ur horietan igeri egiteko prest: 200.000 ekintzailetik gora izango direla diote aurreikuspenek. Sortutako olatuen kalparrean aparra ikusten da, ilusioaren aparra. Olatu horiek gaurtik aurrera iritsiko dira. Eta, iritsi ahala antzemango da astindua zenbaterainokoa izango den. Gaurtik aurrera ikusiko dugu olatu horiek itsasoari jarritako harresiak gaindituko ote dituzten, botako ote dituzten.
Apar bihurtuko diren euskararen olatuak, lehertzean izango duten indarrarekin, erdaldunengana ere iritsiko dira, izan ere, ezezagunari lehen hitza euskaraz egitea izango da Euskaraldiaren olatuek lehorrean daudenei ekarriko dieten ezusteko bustialdia.
Olatuek nahikoa indar eta oldar ekartzen badute, Euskaraldia euskaldunon hizkuntzari jarritako harresiak —erresistentziak— erorarazteko saiakera izango dugu. Horretarako bi mezu unibertsal gizarteratuko ditu: askatasunarena eta berdintasunarena.
Askatasuna, nor bakoitzak bere hizkuntzan egiteko. Erdaldunek erdaraz egiten duten bezala, euskaldunek euskaraz egiteko. Horretarako, ezinbesteko baldintza bat bete beharra dago gurea bezalako gizarte elebidunean: erdaldunek euskaldunei erdaraz egiteko duten askatasun eta aukera berbera izan behar dute euskaldunek erdaldunekin euskaraz egiteko. Horixe bultzatzen du Euskaraldiak elkarrizketa elebidunekin: hizkuntzen arteko benetako berdintasuna irudikatzea.
Euskaraldiak harresi erraldoiak izango ditu aurrez aurre. Zail izango du beren nagusitasunetik eraistea, baina pitzadurak sortaraziko balitu, aurrera egiteko bidearekin asmatu izanaren zantzua litzateke hurrengo ekinaldietarako. Itsasoaren indarra handia da. Eta, gu, itsasoa gara.
– Patxi Saez Beloki (Beasain)