Goierri Kopa Trailek lasterketa bat gehiago izango du 2019an, Zaldibian
Zazpi mendi lasterketak osatuko dute 2019ko Goierriko liga. Ekainaren 8an jokatuko da Zaldibiakoa, Aralarren zehar. Emakumeen partaidetzaren gorakada nabarmendu dute
Goierri Kopa Trail, 2016an lau mendi lasterketaren baturatik sortua, etengabe ugaritzen ari da. Iaz eta aurten sei probak hornitu badute, 2019rako 7. senidea gehituko diote ligari: Zaldibiako mendi karrera berria, ekainaren 8an Aralarren jokatuko dena.
Berritasun batzuk badakartza datorren urteko 4. denboraldiak. Probak ugaltzea, bat. Garinen hasiko da ilbeltzean, eta ekainera arte hileko mendi lasterketa bana jokatuko da Goierrin. Ohi bezala, Idiazabalgo Axari Trailek itxiko du egutegia, irailean.
Izena emateko eta sailkapenak kontsultatzeko Interneteko plataforma berria da beste nobedade bat: rockthesport.com webgunean kudeatuko dute arloa.
Zaldibia, berritasuna
Berriaz gain, «luzeena eta gogorrena» ere izango da Zaldibiako Mendi Lasterketa. Bi distantzia izango ditu: esprint motzagoa (15 km) eta trail luzeagoa, ia 28 kilometrorekin. Desnibela ere ez da makala: 2.100 metro positibo.
Zaldibiako antolatzaileek ezin izan dute askorik aurreratu, Aralarren barrena korrituko dela bakarrik: «Mankomunitateari baimena eskatu diogu, eta erantzunaren zain gaude». Orduan zabalduko dituzte ibilbidearen xehetasunak. Ekainaren 8an, larunbata, goizean jokatuko da.
Goierri Kopa Trailen antolatzaileek emakumeen partaidetzaren igoera aipatu dute. 41 goierritar izan dira aurten, 2017ko 16en aldean. Maila orokorrean, trailean 48 emakume eta esprintean 100 aritu ziren.
Liga bakarra denentzako
Sailkapenei dagokien oinarrizko beste aldaketa bat ere izango da, 2019an. Kopa bakarra jarri dute, goierritarrek eta kanpotarrek osatuko duten sailkapen bateratu bakarra. «Kopako —goierritarrena— eta ligako —orokorra— podiumak antzekoak izan direla konturatu gara. Hala, kopa ireki eta orokor bakarra egingo dugu zazpi probak batuta, edozeinentzat», dio Odilo Rivelak.
Zazpi probak, guztiak, bukatzen dituzten finisherrek ere sari berezia edukiko dute. Berdin dio zer distantzia egiten den.
GOIERRI TRAIL KOPA 2019
Egutegia;· Urtarrilak 20. Garingo Mendi Lasterketa. 11 km (esprint distantzia bakarrik).
· Otsailak 24. UZ Trail, Urretxun eta Zumarragan. 11 eta 22 km.
· Martxoak 16. Arriarango Mendi Lasterketa. 11 eta 23 km.
· Apirilak 6. Leharrei Mendi Lasterketa, Gabiria. 24 km (trail distantzia bakarrik).
· Maiatzak 4. Segura-Zerain Mendi Lasterketa. 15 eta 25 km.
· Ekainak 8. Zaldibiako Mendi Lasterketa. 15 eta 27 km.
· Irailak 8. Axari Trail. Idiazabal. 15 eta 25 km.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.