Errezil sagarren sagastiak indartzeko proiektu bat garatuko dute Gabirian
Bertako errezil sagar mentuak jaso, eta 300 txertakari txertatuko dizkiete Erbiek eta udalak .Herritarrei banatuko dizkiete batzuk, eta herri sail batean aldatu beste batzuk
Gabiriako errezil sagarraren ekoizpena eta aldakuntza ziurtatzeko, proiektu bat diseinatu dute Erbie elkarteak eta Gabiriako Udalak, elkarlanean. Sagar mota hori urteroko maiztasunarekin eta kalitate irizpide egonkortu batzuekin lortzea da helburua. Horrekin batera, ekoizpen horrek herriko nekazaritzan eta kulturan daukan tokia etorkizunean mantentzea ere bai.
Bi zeregin edo fase izango ditu proiektuak: errezil sagar landare produktiboak sortzea lehenengo, eta horiek zabaltzea ondoren. Gabiriako herritarren artean eta egitasmorako apropos egokitu duten herri sail batean banatuko dituzte. 1.000 metro koadro inguruko lur sail bat prestatu dute eragileek, eta sagasti bihurtuko dute.
Lehenbizi, 300 sagar txertaka erosiko dituzte. Txertaka batzuk M9 patroikoak (nanoak) izango dira, eta besteak M111 patroikoak (sagarrondo indartsuak). Bertako errezil sagar barietatearen mentuak erabiliz txertatuko dituzte.
Martxoan txertatuko dituzte txertaka edo sagar landareak, teknika ingelesa erabilita. Txertagaitzat, Gabiriako errezil sagarrondoen mentuak erabiliko dituzte. Ahalik eta ale horiena ematen dutenak bereiziko dituzte. Mentuak otsail aldera jasoko dituzte, Gabiriako errezil sagarrondoen sagastietatik; tenperatura hotzean, hozkailuetan mantenduko dituzte, txertatze egunera arte.
Behin landareak moldatutakoan, herritarren artean banatuko ditu udalak, bando bidez deialdia zabalduta. M9 edo M111 patroia nahi duten aukeratuko dute herritarrek.
Sagastia ikastoki ere bai
Beste landare batzuk, prestatutako herri sailean aldatuko dituzte. Inguru guztia itxiko dute, orkatzek eta basurdeek landareak kaltetu ez ditzaten. Lan gehienak auzolanean egingo dituzte.
Ekoizpena ez ezik, funtzio didaktikoa ere badu proiektuak. Batetik, lur sail horretan emango dituzte, aurrerantzean, Erbie elkarteak urtero antolatzen dituen neguko eta udako inausketa ikastaroak. Hurrengo txertaketa eta inausketa kurtsoa otsailaren 19 aldera emango du Erbie elkarteak, beste sagasti batean.
Balentzategi eskolako haurrekin ere landuko dute gaia, errezil sagarraren eta frutagintzaren jakintza txikitatik barneratzeko. Sagarrondoaren hazte eta ekoizpen prozesu osoan parte hartzeko aukera emango zaie ikasleei: landareak aldatuz, zainduz, inausiz eta aleak bilduz.
Kronologia
· 2018ko abenduaren azkena. 1.000 metro koadro inguruko lur saila prestatu eta goldatu zuten. Hesitu egingo da.
· Otsaila. Gabiriako errezil sagarraren mentuak jasoko dituzte, ahalik eta alerik horiena ematen dutenak. Hozkailuan gorde.
· Martxoa. Mentuak 300 txertakatan txertatuko dituzte.
· Martxoa. Banaketa. Landare batzuk herritarrei emango zaizkie (M9 edo M111 aukeran). Besteak herri sailean aldatuko dira.Patroiak
· M9. Nanoa. Berehala hasten da alea ematen. Sustraiak ahulak eta txikiak, eta gutxi hazten da. Alea eskuz biltzeko eta bakantzeko egokia. Lur aberatsa eta ura behar ditu; ureztatzeko urik ez den sailetarako ez da egokia.
· M111. Indartsua, frankoaren ezaugarri antzekoak. Urte batzuk behar ditu aletzeko. Erraz eta indartsu hazten da, 6 metro altu arte. Lurrera erorita jasotzeko barietateentzat egokia.