Juan de la Rubiak itxiko du Legazpiko organo zikloa, igandean
Kontzertua parrokian izango da, 19:00etan, doan. Organoa barrutik nolakoa den ikusteko aukera izango da.
Legazpiko parrokiko organo erromantikoari eskainitako hamargarren kontzertu zikloa igande honetan amaituko da, Juan de la Rubia organistaren emanaldiarekin. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta sarrera dohainik izango da.
Juan de la Rubia (Castello, 1982) Bartzelonako Familia Sakratuaren basilikako organista titularra da. Aitarekin eta Ricardo Pitarch musikariaren hasi zen musika ikasten, eta organoa, pianoa eta klabezina jotzen ikasi zuen. Gero, Europan zehar jarraitu zuen bere prestakuntza artistikoa osatzen.
Sari ugari jasotakoa da musikari hau, eta bakarlari gisa oso lan aktiboa egin du orain arte, munduko 30 herrialde baino gehiagotan joz. Hainbat orkestratan zuzendari lanak ere egin ditu, eta organoaren inprobisazioan espezializatu da. Hainbat disko ere kaleratu ditu.
Aurtengo zikloak pizgarri bat dauka, duela gutxi, Ricardo eta Paco Burguera anaiak buru zirela parrokiko boluntario talde batek organoaren barruko mekanismoa bistara atera dutelako.