Mirandaolara iritsi aurreko bide bihurria
Sergio Sedanok ez du bizimodu lasaia izan orain arte, eta makina bat oztopori egin behar izan dio aurre, Legazpin bertan eta Legazpitik kanpo. Azken hilabeteetan egonkortasunaren aldeko apustua egin du.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/05/img_4292-1200x900.jpg)
Bizitza bete-betea eta bihurria eraman du orain arte Sergio Sedano ‘Txejo’ legazpiarrak. Hainbat lanbide izan ondoren eta beste herrialde batzuk ezagutu eta gero, Pastainen eta Mirandaolan du orain kokatuta bere burua.
Txejo Legazpin jaioa da 1975ean, eta bertan egin du bizitzaren zatirik handiena, baina Yugoslavia ohiko gerran ibilia da eta azken urteak Kolonbian egin ditu. Orain, Mirandaolako tabernaren ardura hartuta, luzerako proiektua du esku artean, eta egonkortasuna du helburu.
Musikari eta margolari
Bataioan bertan hasi ziren Txejoren «abenturak», eusten zionaren eskuetatik ihes egin eta bataiarriarekin bekaina hautsi zuenean. Zortzi hilabete zituenean, amak etxetik alde egin zuen, eta aitarekin eta aiton-amonekin hazi zen mutikoa. Blanquitaren eskolan hasi zen ikasten, eta Domingo Agirren jarraitu zuen, «baina han hasi nintzenean, oso aurreratuta nengoen, eta aspertu egiten nintzen. Piraren bat ere egin nuen bigarren mailan!». Judoa egin zuen garai hartan, baina lesionatu egin zen eta kirola utzi zuen, «handik aurrera egin nuen kirol bakarra Motxorrora joatea izan zen, gitarra jotzera».
Izan ere, Txejo musikaria izan da eta da. Bateria jotzen hasi zen oso gazte zela, eta gero gitarra. Beste musikari batzuekin Krakatoa taldea sortu zuen, «baina izen hura hartuta zegoenez, Expansion Toxica jarri genion, eta Expansion izenarekin geratu zen azkenean». Motxorroko kasetan entseatzen zuten, «batzuetan asteburu osoa igarotzen nuen han, lo eta guzti bertan eginda». Expansion Motxorrisimo kolektiboko kide zen.
Margolaria ere bada. Berak margotu zuen herriko bigarren Gaztetxea, Nafarroa kalekoa, eta erakusketaren bat edo beste ere egin zuen bertan. Oinarrizko ikasketak amaitutakoan ikasten jarraitzeko gogo handirik ez zuenez, Lanbide Hastapeneko Zentrora joan zen Zumarragara, eta han garatu zuen bere alderdi artistikoa Carlos Ausserladscheiderrek ematen zituen ikastaroetan.
‘La blanca’ eta gerra
Haiek, aldaketa garaiak izan ziren Legazpiko gazteentzat, Gaztetxea ireki zutelako, eta «ezer ez izatetik, joateko leku bat genuen, musika entzuteko, elkartzeko…». Gaztetxeko jardueratan nahastu zen, eta eskalada egin zuen, esaterako.
Intsumisioaren garaia ere ezagutu zuen, eta intsumiso izan zen, «harik eta orduan lanean ari nintzen lantegian langile finko bihurtzeko ‘la blanca’ [soldadutzako agiria] eskatu zidaten arte». Lehenago, teilatuetan ibili zen lanean, baita eskaiolista gisa ere.
‘La blanca’ lortzeko, soldadutza egin zuen marinan, Ferrolen (Galiza, Espainia), hamahiru hilabetez. Lizentziatu eta 15 egunetara, Espainia Yugoslavia ohiko gerran nahastu zen, eta boluntario joan zen hara, 1990eko hamarkadaren erdi aldera. «Kasko Urdinak sartzeko bidea irekitzea» izan zen bere egitekoa, ez zen konbatean sartu. «Lan arriskutsua zen, ez konbatekoa bezainbeste, baina egundoko astakeriak egiten genituen, hura gerra zen!». Urte eta erdi egin zuen, Adriatico itsasotik zodiac ontzietan sartu-irtenak egiten, «hondartzan minak kentzen genituen, bideetako alanbratuak moztu…”. Lan asko egin zituen, eta «han gauza asko ikusi nituen…».
Bizimodu lasaiagoa
Gazteago zela «sigi-saga» ibili ondoren, gerratik etxera itzulitakoan bizimodua lasaiago hartu zuen. Ongi Etorri tabernan lanean ibili zen tarte batean, eta GSB lantegian sartu zen gero. Neska laguna ere ezagutu zuen, «pisua erosi, ezkondu, seme-alabak…» ondoren. Baina urte batzuetara lanik gabe geratu zen, Azkoitian Sidenorren zebilela, eta buru osasuneko arazoak izan zituen. Gutxira dibortziatu egin zen, eta harekin, «beste aldaketa bat» izan zuen bizitzan.
Garai txarrak bizi izan zituen orduan, baina uda batean segurtasun pribatuko enpresa batek lana eskaini zion eta, besteak beste, Donostiako Zinemaldirako txofer lanak egin zituen. Enpresa harentzat lanean ari zela, Donostian eta Errenterian egon zen bizitzen, eta emakume kolonbiar bat ezagutu zuen, lankidea bera. Gutxira, harekin Kolonbiara joatea erabaki zuen, han, bere jaioterri Pereiran jatetxe eta hotel bat irekitzeko. Taxi gidari izan zen hasieran, eta beste negozioa martxan jartzeko behar zituen tramiteak egitera hona etorritakoan, pandemia egokitu zitzaion tartean, «bi urtez egon nintzen joan ezinik, ez zidaten uzten».
Azkenik Kolonbian bizitzen jartzea lortu zuen, eta negozioak ondo funtzionatzen zuenean, uholde batzuen erruz dena galdu zuen, eta Euskal Herrira etorri zen. Bi urte eta erdiko abentura izan zen hura.
Proiektu berria Mirandaolan
Kolonbiatik itzulitakoan, Ormaiztegin jarri zen bizitzen hasieran Txejo, eta gero Legazpira etorri zen. Hemen noraezean ibili zen hilabete batzuk, Mikel Arrizabalagaren bidez Pastain etxean sartu zen arte. Orain Mirandaola jatetxean ari da lanean, proiektu berri honi indarrez eta gogoz eutsita.
San Joanetan, Telleriarte auzoko jaietan, musika jaialdi handia egiteko asmoa du, eta Olentzeroren kanpainari begira, ideia berritzaileak ditu.