San Nikolas eskeak jende asko bildu du Seguran
Ainara Barbosa San Nikolas Txikia pottoka gainean buru dutela, haurrek kantuan eta gozokiak bilduz pasa dute gaur goiza eta tradizioari jarraituz, poltsakada bat litxarreria eskuetan dutela itzuli dira etxera. Eguneko protagonista, goizeko hamarretarako arboladian zegoen, soinean Santu Txikiaren arropak zituela. Aurten ordu erdi aurreratu dute irteera, antolatzaileen hitzetan «Segura hazi egin delako eta geroz eta etxe eta txoko gehiago dagoelako bertan». Santu Txikiak gurasoak eta Uxue Lasarte laguntzailea izan ditu alboan, baita Laureano Telleria eta Jose Luis Etxeberria antolatzaileak eta gainerako haurrak ere. Eta ez Segurakoak bertakoak bakarrik, baita inguruko herrietatik joandakoak ere. Hiru ordu inguruko ibilbidea Barbosak pottoka gainean egin du ibilbidea eta Uxue Lasarte laguntzaileak berriz, Santu Txikiari oparitutako kukurutxoak, gozokiak, opariak eta txanponak Barbosari eramaten zizkion. Tarteka geldialditxoak egiten zituzten eta Barbosak keinu txiki bat egin ondoren, haurrak kantatzeari ekiten zioten: «San Nikolas Txikia/ gure ganbaran hazia/ gure ganbaran zer dago/ haren gona gorria./ Bost eta sei bakalao jale/ bost eta sei hamaika/ txorixorik ez baldin bada/ berdin dala lukainka (bis)./ Bota, bota, bota/ Jainkoak emango du eta». Kantatzen bukatu eta gero, gora begiratu eta balkoietan zeudenei gozokiak eskatzen zizkien. Haiek litxarreriak bota eta haur guztiak gozokiak jasotzeari ekiten zioten. Mugimendu zalapartatsu baten ondoren litxarrerien arrastorik ere [...]
Ainara Barbosa San Nikolas Txikia pottoka gainean buru dutela, haurrek kantuan eta gozokiak bilduz pasa dute gaur goiza eta tradizioari jarraituz, poltsakada bat litxarreria eskuetan dutela itzuli dira etxera.
Eguneko protagonista, goizeko hamarretarako arboladian zegoen, soinean Santu Txikiaren arropak zituela. Aurten ordu erdi aurreratu dute irteera, antolatzaileen hitzetan «Segura hazi egin delako eta geroz eta etxe eta txoko gehiago dagoelako bertan».
Santu Txikiak gurasoak eta Uxue Lasarte laguntzailea izan ditu alboan, baita Laureano Telleria eta Jose Luis Etxeberria antolatzaileak eta gainerako haurrak ere. Eta ez Segurakoak bertakoak bakarrik, baita inguruko herrietatik joandakoak ere.
Hiru ordu inguruko ibilbidea
Barbosak pottoka gainean egin du ibilbidea eta Uxue Lasarte laguntzaileak berriz, Santu Txikiari oparitutako kukurutxoak, gozokiak, opariak eta txanponak Barbosari eramaten zizkion.
Tarteka geldialditxoak egiten zituzten eta Barbosak keinu txiki bat egin ondoren, haurrak kantatzeari ekiten zioten: «San Nikolas Txikia/ gure ganbaran hazia/ gure ganbaran zer dago/ haren gona gorria./ Bost eta sei bakalao jale/ bost eta sei hamaika/ txorixorik ez baldin bada/ berdin dala lukainka (bis)./ Bota, bota, bota/ Jainkoak emango du eta».
Kantatzen bukatu eta gero, gora begiratu eta balkoietan zeudenei gozokiak eskatzen zizkien. Haiek litxarreriak bota eta haur guztiak gozokiak jasotzeari ekiten zioten. Mugimendu zalapartatsu baten ondoren litxarrerien arrastorik ere ez zen geratzen lurrean. Normalean, haur helduenek ikusten eta hartzen zituzten lehendabizi, baina hori urteroko kontua da. Belaunaldi desberdinek parte hartu izan dute San Nikolas Txiki Egunean eta txikienek handienengandik ikasten dute.
Haur bat edo beste malko potoloak masailetatik behera zituela ere ikusi ahal izan da, goitik behera botatako gozokiekin kozkorrekoren bat hartuta edota bestela beste umeren batekin talka eginda. Dena den, gurasoen hitz lasaigarrien ondoren, berriz ere multzora bueltatzen ziren, poltsak gizentzen jarraitzeko helburuarekin.
Segurako herriguneko kaleak zeharkatu ondoren Akelarre, Gaiñargi eta Andraitz auzoetara joan dira. Haurrei jada nabaritzen zitzaien nekea eta abestia kantatu ordez, bide motzena aukeratu eta zuzenean gozokiak eskatzen zizkieten balkoietan zeudenei. Ondoren mojen komentura joan dira, haiek ere gustora hartzen baitituzte San Nikolas Txikia eta gainerako haurrak. Ibilbidea bertan bukatu dute urteroko moduan, eguerdiko ordu bata inguruan eta haurrak etxera joan dira bazkaltzera.