Ordiziako Buztuntza auzoko Argi Berri elkarteak 115 bikote bildu ditu 34. mus txapelketan. 16:30ean hasi dira muslariak jokoan elkartean parean dagoen Urdaneta ikastetxearen gelatan, eta 17:30erako bi partida irabazitako bikoteak baziren. Giro onean eta inolako arazorik gabe doa txapelketa. Bikote kopuruari dagokionez, Argi Berri elkartekoek nabarmendu dute iaz baino gutxiago izan direla, eta besteak beste, krisiaren eraginez izan daitekeela. Iaz 20 bikote gehiago izan ziren, 135 guztira. Leku askotan muslariak bildu ditu Argi Berriko txapelketak. Goierrikoen artean, Ordiziako bikoteak 35 izan dira, Beasaingoak zazpi, Lazkaokoak sei, Zaldibiakoak 4, Zumarragakoak 4, Zegamakoak 3, Ormaiztegikoak3, Itsasondokoak bi, eta Idiazabaldik, Olaberritik eta Urretxutik bikote bana joan da musera. Eskualdetik kanpokoen arten, Tolosako bost bikotek eman dute izena, Bergarako lauk eta Altsasuko bik. Donostiatik, Leitzatik, Zarauztik, Debatik, Nafarroako Araitz bailaratik, Azpeititik eta Errenteriarik ere hurbildu dira muslariak Ordiziara. Txapelketa 22:00ak aldera bukatuko dela aurreikusi dute antolatzaileek. Antxumeen eta arkumeen zozketak Urtero bezala, aurten ere atera dituzte bosna antxume eta arkume zozkatzeko errifak. Zenbaki sarituak hauek izan dira: Antxumeenak (5469, 5348, 5061, 3716 eta 5466) eta arkumeenak (1228, 2213, 4511, 4233 eta 4968).
Beasaingo 21. Idazlehiaketaren sariak banatu dituzte Usurbe antzokian. Bost mailatan (A, B, D, E eta F) banatu dute lehiaketa, eta maila bakoitzean hitz lauz, olerkian eta bertso idatzietan egindako lanak saritu dituzte, guztira 44 lan: 12 bertsotan, bi olerkian eta 30 idazlan lehiaketan. Guztira aurten 168 idazleren lanak jaso dituzte sariketan eta 29 bertso sorta, antolatzaileen arabera “iaz adina”. Epaimahaiko kideen ustez aurten gai serioagoak landu dituzte parte hartzaileek eta horrek markatu du aldea aurreko urteetako lehiaketetatik. Aurtengo sari banatze ekitaldia ere “literiarioagoa” izan da, sarituek haien lanen zati bana irakurri baitute jendaurrean. Iraiti Goikoetxea idazlea aritu da aurkezpen lanetan eta Aurtzaka Dantza Taldeko kideek ere saioa egin dute. A, B eta D mailatako epaimahaiko kideak Jon Ordoñez, Iñaki Apalategi eta Ekaitz Goikoetxea izan dira. A mailan (1993-1994 urteen artean jaiotakoak), prosan, Lierni Garmendiari eman diote saria nagusia Gerizaren zizelkadak lanarengatik; olerkien bi sari nagusiak ez dituzte banatu. B mailan (1995-96), berriz, Ane Iparragirrek irabazi du prosan Azken oroitzapenak idazlanarengatik, eta bertsotakoan Gemma Urteagak Ezinen aurka lanaregantik. D atalean (1997-98), Iñigo de Juanek irabazi du prosan, Bizitzako erabakia egun bakar batean lanarengatik, eta bertsotan Paul Iruretagoiena izan da nagusi, Eskolako ibilerak bertso-sortarekin. E eta F mailetan Gabino Murua, Jexux Aizpurua [...]
Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak haur eta gaztetxoentzako antolatutako aurresku eta soinu-zahar txapelketa jokatzen ari da Usurbe antzokian. Saioa 16:00etan hasi da, eta bihar goizean jarraituko du, 11:00etan. Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen ligaxkaren barruan jokatzen diren kanporaketa saioak dira Beasainen asteburuan egingo direnak. Bi mailatan ari dira parte hartzen dantzariak; A mailan, 7 eta 11 urte bitartekoak gaur ari dira dantzan, eta B mailan, 12 eta 15 urte bitartekoak bihar ariko dira. Soinu zahar txapelketaren finala maiatzaren 15ean izango da Legazpin, eta aurresku txapelketarena berriz Errenterian, oraindik zehaztu ez duten egunen batean.
Joan deneko bost sei urteetan itxita dagoen Bilore lantegiari irtenbideren bat emateko eskatu dute gaur eguerdian dozenaka zaldibiarrek, Zaldibiako lantegiaren aurrean egin duten elkarretaratzean. Horrez gain, sinadura emateko aukera izan dute herritarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Bilore deskontamina dezaten eskatzeko. Zaldibiako Udaleko Kudeaketa Batzordeak eta dozenaka herritarrek Zaldibia arriskuan dagoela irizten diote, lantegiaren hainbat egitura kolokan baitaude eta enpresa barruan jende asko dabilelako gau eta egun bertatik txatarra ateratzen. Duela hamar bat egun piztu zen, ordea, alarma. Ramon Nazabal kudeaketa batzordeko lehendakariak zehaztu duenez, herrian “usain jasanezina” eta Bilore inguruan “ke beltza” zabaldu zen. Biloreko langile ohiek udal ordezkariei esan zietenez, amiantoak su hartu zuen hodi batzuk mozten ari zirenean, eta herritar ugari eta inguruko bizilagunek larritu egin ziren. “Gaur egun Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak eta Diputazioak beste aldera begiratzen dute. Nori dagokio egoerari aurre egitea? Ingurumen sailak kutsatutako lur eremu izendatu zuen Bilore. Nola eta nori dagokio egoera hau kudeatzea?”, galdetu du Nazabalek.