Ligari agur esan dio Ampo Ordiziak, Valladoliden galdu eta gero
Puntu bateko aldearekin. Hala galdu zuen atzo Ampo Ordiziak Valladoliden (18-17), VRAC Quesos Entrepinares taldearen kontra. Liga irabazteko ametsari agur esan diote ordiziarrek, baina burua makurtu gabe datoz, denboraldi bikaina egin baitute aurten. U...
Puntu bateko aldearekin. Hala galdu zuen atzo Ampo Ordiziak Valladoliden (18-17), VRAC Quesos Entrepinares taldearen kontra. Liga irabazteko ametsari agur esan diote ordiziarrek, baina burua makurtu gabe datoz, denboraldi bikaina egin baitute aurten. Urtetako lanaren ondorio izan da aurtengo denboraldia, eta datozen urteetan ere, lan horrek fruituak ematen jarraituko du.
Atzokoa, partida gogorra eta parekatua izan zen. Ordiziarrek aurrea hartu zuten markagailuan, Lloyden entseguarekin. Goiak, zigor kolpe batekin, 0 eta 10ekoa egin zuen. Handik aurrera jokoa moteltzen hasi zen eta etxekoek, aldea jatea lortu zuten; Griffitsek hiru zigor kolpe gauzatu zituen (9-10) aldagelara joan aurretik. Bigarren zatian ere, Griffitsen zigor kolpe batekin 12 eta 10 aurretik jarri zen Quesos. Ordiziarrak urduri antzean aritu ziren, eta etxekoek aprobetxatu egin zuten hori, euren jokorik onena erakusteko. 18 eta 10 atzetik eta liga ihes egiten ari zitzaiela ikusita, azken ahalegin bat egin zuten ordiziarrek. Tudelak entsegua lortu zuen eta Goiak zigor kolpea gauzatu. Puntu bakarrera jarri ziren, baina denbora gainean zuten eta ezin izan zuten besterik egin.
Bukaeran, Valladolidera joandako zaleek txalo artean agurtu zituzten Ampo Ordiziako jokalariak.