Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi Zahar eraikina inauguratu dute
Santa-Lutzi Zahar eraikina inauguratuta dago jada. Hainbat hilabetez zaharberritze lanetan aritu ondoren, gaur goizean egin dute inaugurazio ekitaldia. Eraikuntza horrek laster Ezkio-Itasoko udaletxea eta kultura zerbitzuetarako hainbat lokal hartuko ditu bere baitan. Ekitaldiari 11:30etan eman diote hasiera eta bertan izan dira besteak beste, Markel Olano Ahaldun Nagusia, Rafa Uribarren Landa Ingurunearen Garapeneko diputatua, Florentino Ugalde Etorlurren kudeatzailea, Tomas Etxaniz Ezkio-Itsasoko alkatea, Ezkio-Itsasoko Udaleko zinegotziak eta udal langileak. Santa Lutzi Zahar eraikina goitik behera berritu dute, bi fasetan. Lehendabizikoan eraikinaren egitura guztia berritu zuten. Kanpoko lau paretak soilik utzi zituzten zutik eta proiektuan idatzita bezala, egurrezko azpiegitura egin zioten. Eraikinak lehen zituen zutabe eta haga batzuk aprobetxatu zituzten horretarako. Zoruak eta teilatua ere guztiz berritu zizkioten. Lanen lehen faseak 480.000 euroko aurrekontua izan zuen. Eusko Jaurlaritzaren Erein programatik 167.000 euro jaso zituen Ezkio-Itsasoko Udalak. Foru Aldundiko Kultura Sailetik berriz, 57. 000 euro. Markel Olanoren hitzetan «XVII. mende erdialdekoa izanik, kultur ikuspegitik ere balio handia dauka eraikinak eta Kultura Sailak egurrezko azpiegitura mantentzeko eman zuen diru kopuru hori». Gainerako guztia, 256.000 euro, Ezkio-Itsasoko Udalak ordaindu zuen. Bigarren fasea Bigarren fasean, solairuen banaketa egin zuten. Beheko solairuan liburutegia, erabilera anitzeko gela eta artxiboa eraiki zituzten. Berogailuaren kaldera ere bertan ipini zuten eta igogailuarentzako [...]
Santa-Lutzi Zahar eraikina inauguratuta dago jada. Hainbat hilabetez zaharberritze lanetan aritu ondoren, gaur goizean egin dute inaugurazio ekitaldia. Eraikuntza horrek laster Ezkio-Itasoko udaletxea eta kultura zerbitzuetarako hainbat lokal hartuko ditu bere baitan.
Ekitaldiari 11:30etan eman diote hasiera eta bertan izan dira besteak beste, Markel Olano Ahaldun Nagusia, Rafa Uribarren Landa Ingurunearen Garapeneko diputatua, Florentino Ugalde Etorlurren kudeatzailea, Tomas Etxaniz Ezkio-Itsasoko alkatea, Ezkio-Itsasoko Udaleko zinegotziak eta udal langileak.
Santa Lutzi Zahar eraikina goitik behera berritu dute, bi fasetan. Lehendabizikoan eraikinaren egitura guztia berritu zuten. Kanpoko lau paretak soilik utzi zituzten zutik eta proiektuan idatzita bezala, egurrezko azpiegitura egin zioten. Eraikinak lehen zituen zutabe eta haga batzuk aprobetxatu zituzten horretarako. Zoruak eta teilatua ere guztiz berritu zizkioten.
Lanen lehen faseak 480.000 euroko aurrekontua izan zuen. Eusko Jaurlaritzaren Erein programatik 167.000 euro jaso zituen Ezkio-Itsasoko Udalak. Foru Aldundiko Kultura Sailetik berriz, 57. 000 euro. Markel Olanoren hitzetan «XVII. mende erdialdekoa izanik, kultur ikuspegitik ere balio handia dauka eraikinak eta Kultura Sailak egurrezko azpiegitura mantentzeko eman zuen diru kopuru hori». Gainerako guztia, 256.000 euro, Ezkio-Itsasoko Udalak ordaindu zuen.
Bigarren fasea
Bigarren fasean, solairuen banaketa egin zuten. Beheko solairuan liburutegia, erabilera anitzeko gela eta artxiboa eraiki zituzten. Berogailuaren kaldera ere bertan ipini zuten eta igogailuarentzako lekua ere utzi zuten.
Lehen solairuan udaletxea kokatu zuten. Harrera gela, udal osoko bilkurak egiteko aretoa, bulegoak eta komunak eraiki zituzten eta artxiboaren beste zatia ere solairu horretan egin zuten. Bigarren solairua ere berritu zuten, baina ez zuten inolako banaketarik egin bertan.
Bigarren faseko lanek 858.000 euroko kostua izan zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak Landagipuzkoa 32 programaren barruan 600.000 euroko diru-laguntza eman dio Ezkio-Itsasoko Udalari eta gainerakoa, 258.000 euro, Udalak berak jarri du.
Inaugurazioa egin eta gero, barruko gelak hornitzeari ekingo diote. Lehentasuna beheko solairuari eta lehendabiziko solairuari emango diete, bertan baitaude liburutegia, erabilera anitzeko gela eta udaletxea. Hasita daude jada gune horietarako altzariak aukeratzen. Ezkio-Itsasoko alkateak jakitera eman zuenez, lehen aipatutako zerbitzuak urte honen bukaerarako jada Santa Lutzi Zahar eraikinean emango dituztela aurreikusten dute.