Gai organikoaren poltsak makinatik har ditzakete lazkaotarrek
Etxean sortzen den hondakin konpostagarria jasotzeko poltsa berezientzat makina automatikoa jarri dute Lazkaon. Txartel magnetikoarekin bizilagunek zuzenean har ditzakete ordezko zorro biodegradagarriak, orain arte bezala udaletxera edo Sasieta Mankomunitatera hoska ibili beharrik gabe. Gai organikoak birziklatzeko egitasmoan beste urrats bat egin dute horrekin Lazkaoko Udalak eta Sasietak. Freskagarriak edo gozokiak saltzeko ohiko makinak bezalakoa da poltsa konpostagarriena ere, Arabako Dorlet enpresak egin dituen egokitzapen batzuekin. Egunotan Lazkaon etxerik etxe banatutako txartela irakurgailu parean jarrita berehala botatzen du erretilura 50 aleko poltsa-sorta, hiru hilabeterako lain. Udaletxeko atalondoan jarri dute makina, sarrera nagusiko bi ateen artean. Udaletxea irekita dagoenean hartu ahal izango da paketea, aste egunetan 08:00-18:00 une oro eta 18:00-22:00 Udaltzaingoaren arabera, eta larunbatetan 08:00etatik 12:00etara. Kontsumoa mugatuta Txartela etxebizitza bakoitzarentzat izendatutakoa da, eta Lazkaoko herrigunean banatu dizkiete eskatu dutenei. Elosegiko eta Orobioneko etxe-multzoetan hasierako proba modura eduki dituzten orain arteko txartelak aldatu egingo ditu Sasietak, pertsonala izan beharrean etxearen helbidea hartuko delako kontuan. Makina automatikoa txartelarekin erabili behar da, eta sistema informatikoak erregistratu egiten du zein etxek noiz hartu duen zorroa. Aldiko pakete bat bakarrik har liteke. Txartelarekin berriz saiatuta ere ez du gehiago botako, hiru hilabete igaro arte. «Poltsek kostua dute, eta erabilera kontrolatu egingo da. Hiru hilabeterako 50 [...]
Etxean sortzen den hondakin konpostagarria jasotzeko poltsa berezientzat makina automatikoa jarri dute Lazkaon. Txartel magnetikoarekin bizilagunek zuzenean har ditzakete ordezko zorro biodegradagarriak, orain arte bezala udaletxera edo Sasieta Mankomunitatera hoska ibili beharrik gabe. Gai organikoak birziklatzeko egitasmoan beste urrats bat egin dute horrekin Lazkaoko Udalak eta Sasietak.
Freskagarriak edo gozokiak saltzeko ohiko makinak bezalakoa da poltsa konpostagarriena ere, Arabako Dorlet enpresak egin dituen egokitzapen batzuekin. Egunotan Lazkaon etxerik etxe banatutako txartela irakurgailu parean jarrita berehala botatzen du erretilura 50 aleko poltsa-sorta, hiru hilabeterako lain.
Udaletxeko atalondoan jarri dute makina, sarrera nagusiko bi ateen artean. Udaletxea irekita dagoenean hartu ahal izango da paketea, aste egunetan 08:00-18:00 une oro eta 18:00-22:00 Udaltzaingoaren arabera, eta larunbatetan 08:00etatik 12:00etara.
Kontsumoa mugatuta
Txartela etxebizitza bakoitzarentzat izendatutakoa da, eta Lazkaoko herrigunean banatu dizkiete eskatu dutenei. Elosegiko eta Orobioneko etxe-multzoetan hasierako proba modura eduki dituzten orain arteko txartelak aldatu egingo ditu Sasietak, pertsonala izan beharrean etxearen helbidea hartuko delako kontuan.
Makina automatikoa txartelarekin erabili behar da, eta sistema informatikoak erregistratu egiten du zein etxek noiz hartu duen zorroa. Aldiko pakete bat bakarrik har liteke. Txartelarekin berriz saiatuta ere ez du gehiago botako, hiru hilabete igaro arte.
«Poltsek kostua dute, eta erabilera kontrolatu egingo da. Hiru hilabeterako 50 poltsa nahikoa direla kalkulatzen da. Hala ere, gabe geratuz gero udaletxeko harreran eska liteke», esan du Lazkaoko alkate Patxi Albisuk. Makinaren pantailan azalduko da hurrena noiz har daitekeen.
Sasietaren lehendakari Juan Martin Aldaregiak zehaztu du poltsa-sorta bakoitza 3 euro kostatzen dela eta Mankomunitatearen gain doala, «erabiltzailearentzat doan da. Poltsa berezi hauek merkatuan aurkitzen oraindik ez da erraza. Patata eta arto osagaiekin egindakoa izan behar du».
Lazkaon jarri duten makina erabilera horretarako lehenengoa da, eta sistema Goierriko herri gehiagotara zabalduko du Sasietak birziklatze modua han probatu ondoren. «Gai organikoa biltzeko sistema Goierriko hiru herritatik batean jarrita dago gaur egun; udarako hirutik bitara iritsiko da», esan du Aldaregiak.
Hondakin organikoa birziklatzeko programan Lazkaoko etxeen %51 sartu dela jakinarazi du Albisuk. «Sistema denborarekin gehiago garatuko da, herri bakoitzak zenbat tona birziklatzen duen, etxe bakoitzak… Etorkizunean, zabaldutakoan, hobariak-eta aplikatu ahalko zaizkie birziklatzen dutenei». Orain proba garaia dela adierazi du Albisuk; «Itsasondon beste modu bat ari dira probatzen. Egokitzen joango gara».
Bien bitartean, gai organikoa birziklatzeko izena emanda dauden lazkaotarrek truke-txartel bat jasoko dute aurki: konpostatutako zakukada lur jaso ahalko da horrekin, «udaberrian loreak jartzeko erabil dadin, adibidez». Udalak lorezaintza zerbitzuaren pleguetan, bestetik, lorategi publikoetan erabili beharreko lurra konpostatutakoa izatearen baldintza ezarri du. Doan jasoko du konposta Lapatxetik bueltan.