Aralarren Goierriko hautagaiak, gaur
Aralar alderdiaren Goierriko hautagaiek «kultura politiko berri baten beharra» aldarrikatu dute gaur, Ordizian egindako ekitaldian. Eskualdean aurkeztu dituzten bost zerrendetako buruak eta Oria barrutiko hautagaiak bildu dituzte. Egungo egoerari aurre egiteko, «ezkerreko irtenbideak» proposatu dituzte. Gainera, «Goierrik eredu parte-hartzaileak» behar dituela eta herritarrek, «eragiten dieten gaietan parte aktibo» izan behar dutela uste dute.
Unai Baztarrika Beasaingo alkategaiak hartu du hitza aurrena. Aralar, hauteskunde hauetara «indarrez eta gogoz» aurkezten dela azaldu du eta «herrian herriko arazoiei irtenbideak» proposatzeaz gain, eskualde mailako arazoei «eskualde mailako erantzunak» eman behar zaizkiela aldarrikatu du. Krisi garai honetan, «Goierriko egoera sozioekonomikoa kezkagarria» dela dio Baztarrikak eta horren aurrean, «ezkerretik bideratutako irtenbideak» proposatzen dituztela.
Hala, krisiari aurre egiteko, «kalitateko enplegua» sortuko duen plan baten beharra eta ikerketa eta berrikuntza garatzea proposatzen dute. Baita aukera berdintasuna, kontsumo arduratsua eta bidezko merkataritza bultzatzea ere. Zerbitzu publikoen «kudeaketa zuzena» ere aldarrikatzen dute, zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta sektore horretako langileen prekarietatea gainditzeko.
Aitor Zabaleta Zegamako alkategaiak berriz, lehen sektoreari, garraioari eta zaborraren kudeaketari dagozkion proposamenak aurkeztu ditu. Aurreneko puntuari buruz, «baserri ingurunea biziberritzea» ezinbestekoa dela azaldu du, eta horretarako, «bertako produktuen kontsumoa» bultzatu behar dela.
Garraioari dagokionean, eskualdeko mugikortasun plan baten beharra ikusten dute. «Intermodalitate erreala» defendatzen dute, garraio publikoa lehenetsiz eta autoak herri eremuetatik aterata. Abiadura Handiko Trena «ikaragarrizko suntsiketa» eragiten ari dela eta tren sozialaren alde egiten dute.
Aldaketa garaia
Ekitaldia bukatzeko, Aintzane Ezenarrok, «Euskal Herrian bizi dugun momentuan, indarkeriaren zikloa bukatzear egon daitekeen honetan, Aralarrek ordezkatzen duen ezker abertzale eraginkorra eta irekia herrietan egotea ezinbestekoa» dela azpimarratu du.
Bestade, «aldaketa eta garai berri bat» datorrela eta bakeak, «kultura politiko berri bat» eskatzen duela azaldu zuen. Azkenik, ez dutela «herri honen sektore bat kanpo uztea» onartuko eta «PP-PSOEren estrategia baztertzaileak aurrez aurre» izango dituela esan zuen.