Bihar Mami Txapelketa egingo dute Idiazabalen
Urtero bezala Gazta Egunaren harira, bihar, apirilak 29, Mami Txapelketa egingo dute Idiazabalgo Jubilatuen Elkartean 18:00etatik aurrera.
Lehiaketa idiazabaldar guztiei dago irekita. Esnea eta gatzagia norberaren kontura joango dira. Ontziak, ordea, udaletxean banatuko dituzte izena ematerako unean.
Ardi latxaren esnea
Mamia egiteko erabiltzen duten esneak nahitaez ardi latxarena izan behar du, eta berau egiteko azukre edo bestelako gehigarririk ez dute onartuko epaimahaiko kideek.
Bakoitzak bere etxean egin behar du mamia, bi ontzitan, eta apirilaren 29ean arratsaldeko seietarako Jubilatuen Elkartera eraman beharko dira. Orduan dastatuko dituzte mamiak epaimahaiko kideek, eta handik gutxira emango dute jakitera herriko mamirik onena nork egin duen.
Irabazleak Idiazabalgo serigrafia eta 50 euro jasoko ditu. Bigarren geratzen denak artzainaren serigrafia; eta hirugarren mamirik onena egin duenak, berriz, gazten serigrafia etxeratuko du. Parte-hartzaile guztiek opari bana ere jasoko dute mamia aurkezteagatik.