Etxebizitza da Ordiziako gazteen kezka nagusietako bat
Ordizian «herri giroa indartu» egin behar dela eta Udalak, gazteentzako «gauza gutxi» antolatzen dituela uste dute herriko gazteek. Haien kezkak eta iritziak jasotzeko Ordizian egin duten inkestatik ateratako ondorioetako bat da hori. Marasma saret...
Ordizian «herri giroa indartu» egin behar dela eta Udalak, gazteentzako «gauza gutxi» antolatzen dituela uste dute herriko gazteek. Haien kezkak eta iritziak jasotzeko Ordizian egin duten inkestatik ateratako ondorioetako bat da hori. Marasma saretzen ekimenaren barruan egin dute galdeketa, Ordiziako 15 eta 29 urte arteko 147 gazteren artean.
Etxebizitzaren gaia da herriko gazteen kezka nagusietako bat. Haien prezioak «lotsagarriak» direla uste dute eta alokairua ez dela benetako alternatiba. Gehienek, 30 urtera arte gurasoen etxean ikusten dute euren burua.
Galdetutako gazteen %99,9k, «AHTren aurkako jarrera garbia» erakusten dute. Bestalde, Oianguko proiektua bertan behera gelditu izanak, «denak poztu» egin dituela diote. Azkenik, garraio publikoa eta herriko kirol instalazioak «merkeagoak» izan beharko liratekeela uste dute.
Marasma eguna, larunbatean
Inkesta horren ondorioak aurkeztu eta eztabaidatzeko, Marasma eguna antolatu dute larunbaterako. Festa giroko ekitaldia izango da eta 17:00etan bilduko dira herriko plazan. Trikitilariek lagunduta joango dira Oianguren parkeraino. Han, bertso saioa egingo dute, ikerketaren ondorioak oinarri hartuta. 19:30ean, afari-merienda egingo dute, trikitilariekin.