Judit Garcia (Bildu): “Bilduk ilusioa sortu du gizartean, eta aldaketarako giltza izango dela uste dut”
Judit Garcia jaiotzez nafarra da (Bargota, 1975). Duela zazpi urte euskara ikastera etorri zen Goierrira, eta egun Olaberrian bizi da. Nekazaritza ingeniaria da, eta Lurgintza kooperatiban lan egiten du. Oria barrutian Bilduren zerrendaburua da Gipuzkoako Batzar Nagusietarako, eta lanerako ilusioz beteta dago. Garciaren ustez, Bildu «aldaketarako giltza» izango da.
Oria barrutian Bilduren zerrendaburua zara Gipuzkoako Batzar Nagusietarako. Eskarmenturik ba al duzu politikan?
Gizarte mugimendu ezberdinetan parte hartu izan dut gaztetatik, baina politikan ez daukat eskarmenturik.
Zer nolako sentsazioak dituzu. Ilusionatuta zaude?
Bildun parte hartzeak ilusioa egiten dit. Bildu eratzeko eman diren pausuak, (eztabaida prozesua, hausnarketa, jendearen parte-hartze zuzena eta aurreiritziak baztertuta Euskal Herria eta euskal herritarron alde lanean hastea) politikan eman beharreko urratsak direla iruditzen zait. Bildurekin, kanpainan esaten ari garen bezala, politikarako garai berriak iritsi dira.
Nola doa kanpaina?
Bildu koalizio berri bat da. Azken momentu arte ez dugu jakin aurkezteko aukerarik izango ote genuen ala ez, baina behin zalantzak gaindituta, herriz herri ari gara lanean eta oso ondo doa kanpaina. Emozio handia sentitu izan dugu momentu askotan. Areatzako, Anaitasunako eta BECeko herritar uholdeak ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.
Bilduren izena «zikindu egin nahi dutela» salatu zenuten, eta Hauteskunde Batzordean babes errekurtsoa jartzea aztertzen ari zarete.
Bai horretan gabiltza, behingoz gure programei buruz hitz egin nahi baitugu. Batzuk oztopatzen saiatu arren, hauteskundetarako kanpaina bakean egiteko eskubide osoa daukagu.
Bildu hauteskunde lehian sartzeak aldatu egingo du egungo politikaren egoera. Nola ikusten duzue?
Olatu handi bat sortu nahi dugu. Jendarteak itxaropenez politikan sinistu ahal izateko, ilegalizazio interesatu horrekin bukatu beharra zegoen. Egoera horretan beste alderdiek jarrera desberdinak izan dituzte. PNVren kasuan adibidez, legalizazioa oso zalantzan ikusten zen uneetan biktimismoa leporatu izan digute, gurekiko elkartasuna erakutsiz. Beste batzuk berriz, Euskal Herriarekin batera ezabatu egin nahi gaituzte. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, Bildu legala izatea erabaki du. Dena den, ez da ahaztu behar, herri honetan, 40.000 pertsonek ezin izan dutela aurkeztu nahiz eta inongo deliturik ez izan. Behin hori dena gaindituta, Bilduk herrietan sortu duen ilusioa azpimarratzekoa da. Nik uste dut aldaketarako giltza izango garela.
Borroka armatuarekiko zehaztasun gehiago izan dezazuen eskatzen dizuete alderdi eta eragile batzuk.
Gure konpromisoa tinkoa da bide politikoen alde. Behin eta berriz esan dugu. Batzuentzat, ordea, behin ere ez da nahikoa izango.
Gatazka politikoaren konponbidea gertu ala urruti ikusten duzu?
Gernikako akordioa sinatu dutenak alde batetik eta ETA bestetik, gatazka politikoa konpontzeko konpromisoak hartzen ari dira. Estatuari ilegalizazioen estrategia bukatzen ari zaio. Nik uste dut bide onean goazela, baina bidea luzea izango dela. Preso politikoek, errepresioak, torturak eta atxiloketa mediatikoek jarraitu egiten dute, eta horrela salatu behar da.
Lehen sektorean lan egiten duzu. Sektore hori krisian dagoela diote. Zer planteamendu egingo du Bilduk krisi horretatik ateratzeko?
Ez dago formula magikorik. Administrazioaren politika okerrak eta agroindustriaren zein banaketa enpresa erraldoien jarrerak, lanpostu galera handia ekarri dute. Dena den, buelta emango diogu egoera horri, gure ustez herri guztiek nekazaritza indartsua behar baitute. Kalitatez ekoiztu eta ordainduko dugu, merkatu globaletik babestuko gara eta elikadura subirautzaren aldeko pausoak emango ditugu. Neurri konkretu batzuk planteatzen ditugu horretarako: komertzializazio eta salmentako bide zuzenak eraibltzea, bertako merkatuari begira lan egitea, baserriko produktuak eraldatzeko eskualdeko azpiegiturak eratzea, baserriko produktuentzat prezioen behatokia sortzea… Sektore estrategikoa den heinean, ekoizteko ezinbestekoak diren baliabideak bermatuko dira. Ildo horretatik lurraren bankua sortuko dugu, eta espekulaziotik kanpo nekazaritzarako lurrak bideratuko ditugu. Baserritarrak besteak beste, ingurugiroan, paisaiaren kudeaketan, herri txikien garapenean, ekonomian eta kulturan egiten dituen ekarpenak ere aitortu eta baloratu egin behar dira.
Krisi ekonomiko orokorra ere guztien ahotan dabil. Langabezia tasa handia da. Nola ikusten du Bilduk egoera? Nola atera egoera horretatik?
Krisi finantzarioa lehertu zenean sistema kapitalista bera ere krisian zegoela esaten zen, eta beste sistema orekatuago bat ezarri behar zela. Bi urte pasa dira jada. Okerren zeudenen bizkar erori da krisia, eta sistema kapitalista indartu egin da. Krisia ekarri zuten praktikak berrezartzen ari dira, ekonomian eman beharreko aldaketa estrukturalei heldu gabe. Bidean langabezien tasak izugarri igo dira eta lan baldintzak berriz, kaskartu. Gure ustez lanaren banaketa ezinbestekoa da. Era berean, lan baldintzak kontrolatzeko azpikontratazioarekin eta zerbitzuen pribatizazioekin bukatu egingo behar da. Enplegua sortzeko kooperatibak eta ekonomia sozialeko irizpideetan oinarritzen diren herriko enpresa txikiak bultzatzea eta jarraipena ematea proposatzen dugu. Gure ekonomia sektore produktiboetan, ahal den neurrian, enpresa txikien sareetan oinarrituko dugu, eta kanpoko multinazionalekiko mendekotasuna murriztu egingo dugu. Arlo honetan, ahalegin berezia egingo dugu emakumeak baldintza duinetan lan merkatura heldu daitezen bermatzeko.
Ustelkeriaren kontrako agiria sinatu dute Bilduko hautagaiek.
Euskal Herriko erakundeetan agindu duten alderdi guztiak (PSN, UPN, PNV) ustelkeria kasu ezberdinetan nahastuta azaldu dira. Gardentasuna bermatuko duten mekanismoak ezartzeko konpromisoa hartu nahi du Bilduk.
Zenbait alderdik Pasaiako kanpo portua beharrezkoa dela diote ingurunearen zein Gipuzkoaren garapenerako. Zuek proiektu horren aurka zaudete. Zergatik?
Pasaiako kanpo portua gehiegikeria ekologikoa eta ekonomikoa izateaz gain, ez da beharrezkoa eta Euskal Herriko etorkizuna hipotekatu egiten du, ez baitakigu benetan guztiz amortizatu eta ustiatuko duten. Oraingo portuak badiaren birsorkuntzarekin eta zonaldearen garapen ekonomikoarekin bat egiten du, eta bere ustiapena ez da %80ra iristen.
AHTren lanak aurrea doaz. Zer diozu horren inguruan?
Agintariak herritarron ondarearekin eta herritarroi galdetu gabe, negozio oso errentagarriak egiten ohituta daude herri honetan (Paiakao kanpo portua horren adibide garbia da). Bestela, ez da ulertzen krisi ekonomiko sakona bizi dugun une honetan, mantenu kostu izugarria izango duen proiektu hori, kosta ala kosta aurrera eramatea. Hasieran aurreikusitako kostuak biderkatu egin dira, lurraldearen suntsipena eta ondorio ekologikoak betirako izango dira eta garraioaren zein mugikortasunaren arazoak ez dira konponduko. Non daude orduan herritarrontzako alde onak?
Ez al da beranduegi jada atzera egiteko?
Berandu izan daiteke, baina ez beranduegi. Oraindik garaiz gaude herria informatzeko, benetan informatzeko, kontsultatzeko eta horrela erabakiko balitz, diru asko aurrezteko beste proiektu sozialagoetara, xumeagoetara eta beharrezkoagoetara bideratzeko.
Zein behar ikusten duzue azpiegiturei dagokionean?
Gipuzkoako lur artifizializatuak Europako batezbestekoa boskoiztu egiten du. Proiektu erraldoiei ekin beharrean, dauzkagun azpiegiturak mantentzearen eta hobetzearen aldekoak gara. Horrela ere sortzen dira lanpostuak eta dauzkagun baliabide ekologikoak, ekonomikoak eta kulturalak hobeto kudeatzen dira.
Zubietako errauskailuaren luzamendua eskatu duzue. Baina lanak hasita daude.
Bai, baina lehen aipatu dudan bezala, eztabaida zabal bati ekiteko ez da beranduegi: errauskailua benetan beharrezkoa den eta ekarriko dituen ondorioak ea nahi ditugun erabakitzeko, alternatibak badaudelako, beste eredu bat jarraitu ahal dugulako. Kontrolik gabeko kontsumismoarekin eta zaborra sortzearekin bukatu egin behar dugu, berrerabiltzea eta birziklatzea ere aintzat hartuta.
Geroz eta inmigrazio handiagoa dago Euskal Herrian, eta baita Gipuzkoan ere. Inmigrazioaren aurkako jarrerak ugaritzen ari dira Europan.
Munduko estatu aberatsen multinazionalak herri txiroak ustiatzen ari dira, autogestiorako aukerak ezabatuz. Horren ondorioz bertako herritarrak hona etortzen dira, hemengo eredu liluragarriaren bila. Langile bezala beharrezkoak ez badira,ordea, mugak itxi egiten zaizkie. Bildun, elkartasuna eta errespetuan oinarritzen den herrien arteko harreman ereduaren alde gaude. Egia da, ordea, eredu hori erabat garatzeko Euskal Herriak estatu propioa izatea ezinbestekoa dela.
Zer proposatzen duzue integraziorako?
Edozein estatutara datorrenak, norberaren kulturari uko egin gabe, lekuko kultura eta hizkuntza barneratzea garrantzitsua da integratze aldera. Euskal Herria estaturik gabeko nazioa den heinean, dauzkagun erakundeetatik hizkuntza eta kultura ezagutzeko bideak artikulatzea ezinbestekoa da, denon artean gure kultura eta hizkuntza garatu ditzagun. Bestalde, erakundeetan eta batez ere, udalerri mailan, lana eta etxebizitza bermatzeko zein formakuntzarako politikak landu behar dira.
Euskarak zein leku izan behar du Gipuzkoako Foru Aldundian Bilduren ustez?
Erakundeak euskalduntzea gure helburua da. Euskararen alde lan egingo dela esatetik, egitera pasatzeko unea dela uste dugu. Politikariek erakusten duten jarrera neutro horretatik, jokabide ausart eta koherente batera salto egiteko garaia dela. Gipuzkoan, Euskal Herriko hiztun kopuru gehien duen herrialdea izanik, bertako Foru Aldundia osatuko dutenen ordezkaritzak horren isla izan beharra dauka, eta herritarren aurrean euskaraz eginez eredugarri izan. Azkeneko urteotan ez da aurrerapausorik eman eta arlo honetan lana izango dugu.
Euskararen normalizazioari dagokionean 60 bat hedabidek eskakizunak egin dizkiete erakunde publikoei. Zuek nola erantzungo zeniokete eskaera horri?
Guztiz ados gaude egindako eskaerarekin, laguntzarik ezean, desagertzeko arrisku bizia baitute. Gaztelerazkoek dituzten laguntzak ikusita, eta euskarak dituen mugak ezagututa, euskal komunikabideek garatzeko behar dituzten laguntzak jasotzeko eskubidea eta legitimitate osoa daukate. Hori bai, erakundeen laguntza nahitaezkoa izanik ere, gizarte osoarena ere beharko litzatekeela uste dut. Gizartea kontzientziatzea gure helburua da, euskara erabili eta bizi dezan.
Zein aurreikuspen duzu hauteskundeei begira?
Alderdi batzuk aurreikusten zuten argazkia erabat aldatuko da, Bilduren parte-hartzearekin, indarrez sartuko baikara. Ilusioa sortu dugu, eta hauteskundeetako emaitzan ikusiko da hori.
Bildurekin aldaketa etorriko dela diozue. Zertan datza aldaketa hori bi hitzetan esanda?
Abertzaleen arteko elkarlana, gardentasuna, justizia soziala, herriaren parte hartzea, garapen orekatua bertako baliabideak kontutan hartuta, euskara eta kultura bultzatuko dituen eredua ekarriko dugu.
Zein lehentasun markatu duzue Goierrira begira?
Baserrian, enpresa txikietan eta zerbitzu sozial egokietan oinarritzen den ekonomia bultzatzeko eta indartzeko asmoa dugu. Bertako produktuak babesteaz gain, irteera duina eman nahi diegu. Auzolanean oinarritzen den herri eredu parte-hartzailea eta bizia bultzatu nahi dugu. Gure izaera eta ingurugiroa zainduz, ongizate eta justizia sozialean oinarritutako gizarte eredu batera eramango duen kudeaketa eredua birsortzeko eta praktikan jartzeko asmoa dugu. Gardentasuna bermatzeko kode etikoa bultzatu eta lehenetsi nahi dugu. Azpiegiturak mantentzea eta Zaborra 0 helburua duten ekimenak aztertzea eta xede hori bermatuko duen prozesurik hoberena martxan jartzea ere gure lehentasunen artean daude.