Aralarren Goierriko zerrendaburuak.
Etxebizitza duin bat izatea eskubidea dela, eta gaur egun eskubide hori ez dela bermatzen nabarmendu du gaur Mikel Leunda Aralarren Ordiziako alkategaiak. Leundaren ustez, alokairuaren eta etxe berrien prezioa “ikaragarria” delako ez da bermatzen etxebizitza eskubidea, eta horri soluzio ematea “udalen esku bakarrik ez” dagoela jakin arren, “udaletatik gauza asko egin daitezkeela iruditzen zaigu”. Etxebizitzen sustapena, ordea, udalek “bere kabuz” egin behar dutela argi du: “Bitartekariak ebitatuz egin behar da sustapena. Gaur egun, Goierrin, Ordiziak, Beasainek eta Zumarragak enpresak erabiltzen dituzte gestio lan horretarako, eta enpresa horiek, kasu askotan, alderdi politiko jakinen interesetara lotuta daude”.
Ordiziako San Joan auzoan egin ditu adierazpenok Leundak arratsaldean, hilerritik bestaldera egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitzen parean. Harekin ziren Aralarreko beste zenbait hautagai: Patxi Aierbe
Koli Batzar Nagusietarako Oria barrutiko zerrendaburua, eta Unai Baztarrika, Aitor Zaldua eta Sebas Iturriotz, Beasaingo, Urretxuko eta Zumarragako alkategaiak.
Etxebizitza publikoa sustatu
Aralar etxebizitza publikoa sustatzearen aldekoa da, eta horretarako udalak lurzorua erostea eta etxebizitzen sustapena lurzoru horretan egitea proposatzen du. “Lurzori hori gainera, arrazoizko preziotan erosi behar du”. Leundaren esanetan, gaur egun etxebizitza bat egitea 80.000 euro inguru kostatzen da -lurzorua barne-, eta hortik gorako guztia “espekulazioaren ondorio” da. “Udalak egin behar duena da etxebizitza publikoaren promozioa, alokairuzko etxebizitza sustatuz. Iruditzen zaigu alokairuzko etxebizitza publikoaren formula dela juxtuena, une bakoitzean etxebizitzak daukan egoera ekonomikora egokitzen delako, eta gazteentzako aukera bakarra delako”.
Horrez gain, alokairuzko etxebizitzaren “merkatua zabaltzea” interesgarria iruditzen zaio Leundari. Etxebizitza hutsak merkaturatzea proposatu du: “Hori fiskalitatearen bidez, eta etxea alokatzen duenari eta maizterrari kenkariak aplikatuz egin daiteke. Etxebizitza hutsaren jabe izan, eta alokatzen ez duena, fiskalki zigortu egin beharko litzateke”. Era horretara, alokairuzko etxebizitzaren eskaintza areagotzen den neurrian, Leundaren ustez, prezioak jaitsi egingo dira, eta jendeak gehiago alokatuko du. “Euskal Herrian %7 da etxebizitzak alokatzen dituen kopurua, eta Europan %39koa da. Jendeak alokatzearen aldeko apustua egingo luke, eta horrek ekarriko luke etxe gutxiago erosteko beharra, eta horrek ere bizitzaren prezioa jaitsi egingo luke”.