Vazquez, Gonzalez eta Arana.
Ezker Batua-Berdeak alderdiak gaur Ordizian adierazi du “ezkerreko benetako botoa” ordezkatzen duela. Arantxa Gonzalez Gipuzkoako ahaldun nagusigaiaren esanetan, Ezker Batuaren botoak “bai” esaten du: “Bai esaten dio zerbitzu publikoei, bai etxebizitza publikoari, eta bai aberastasunaren bidezko banaketari. PSE-EEk, aldiz, Gipuzkoa zementuz betetzearen aldeko apustua egiten du, langileak zapaltzearen aldekoa, langileei era guztietako murrizketak ezarriz banku eta enpresa handien onurarako”.
Maijo Vazquez eta Julene Hidago EB-Berdeakeko Ordiziako eta Beasaingo zerrendaburuak ondoan zituela egin ditu adierazpenok Gonzalezek. “Ordiziara etorri gara gure hautagaiei bultzada bat emateko, eta esateko gure hautagaiak direla ezkerreko benetako hautagaiak”. Mikel Arana EBko buruzagia ere tartean izan da. Arana Ordiziako zerrendan doa, eta adierazi du EBren kanpainak besteenarekin alderatuz “ezberdintasun nabariak” dituela. “Gu proposamenak egiten aritu gara, eta kaleetan antzeman dugu haserrea krisialdi ekonomikoaren aurrean. Haserre dauden horiei EBri bozka emateko eskatzen diegu, ulertzen dugulako gu garela proposamen ezberdinak egiten ari garen bakarrak”.
Adierazpenak egin eta gero, propaganda banatzen aritu da Ordiziako azokara hurbildutakoen artean.