Hamaikabateko ordezkariak, gaur, Ordizian.
Hamaikabat alderdiak ere Ordiziako azoka baliatu du kanpainaren azken txanpan. Pello Gonzalez H1!-eko Oria barrutiko zerrendaburuak esan du bere alderdiaren bozka “baliagarria” izango dela. “Gipuzkoa blokeetan gobernatua izan ez dadin giltza izango gara. Guk ez dugu bata bestearen aurkako Gipuzkoarik eraiki nahi, eta uste dut erabakigarriak izango garela Gipuzkoako Foru Aldundiaren osaketan”. H1! alderdi berria dela bai, baina izenaren eta markare gainetik, haien ezaugarri nagusia zerrendetan doazen gizon eta emakumeak direla. “EAkoak izan gara momentu batean, baina gu gure betiko ideiak defendatzen ari gara, eta ez oraingo EAk ordezkatzen dituenak”.
Joxe Arizmendi eta Joxi Insausti Ordiziako eta Beasaingo zerrendaburuak, eta Maite Etxaniz eta Martin Beramendi ondoan zituela egin ditu adierazpenok Gonzalezek. Arizmendik berak ere hartu du hitza, eta nabarmendu du Ordiziarako dituen zutabe nagusiak “krisiaren aurka borrokatzea” eta “sustapen ekonomikoa bultzatzea” direla. “Ongizatea ere oso inportantea da guretzat, eta horretarako zerbitzu berriak jarriko ditugu martxan”. Hamaikabaten jokabidea “gardena” izango dela dio. “Jendearekin lan egin nahi dugu, jendeari aditu. Jendeak ondo baloratzen gaituela uste dut, lehen ere zinegotzi izana naiz 12 urtean”.