Bilduk irauli egin du Goierriko mapa politikoa eta 11 herritan irabazi du
Atzoko kronika
Bildu hauteskundeetako lehian sartu izanak goitik behera aldatu du Goierriko mapa politikoa. Eskualdeko indar nagusia bihurtu da, 13.251 boto lortuta, EAJren eta PSE-EEren aurretik. Eskualdean ez ezik, hainbat herritan ere aldaketak izan dira gehiengoetan; hala, Bilduk Beasainen, Ordizian, Urretxun, Legazpin eta Lazkaon irabazi du, besteak beste. EAJ berriz, bigarren indarra da Goierrin, 7.384 botorekin, baina ez du gehiengorik inon lortu. Zumarragan PSE-EEk irabazi du, baina ez du aurreko agintaldian bezala, gehiengo osorik izango. Aipatzeko moduko beste datu bat, partehartzearena da; 35.985 lagunek eman dute botoa Goierrin eta abstentzioa %32koa da.
Udal hauteskunde hauek ekarri duten aldaketa nagusietako bat, Ordiziakoa izan da. 2007ko hauteskundeetan, EAE-ANVrena izan zen zerrendarik bozkatuena, baina auzitegiek legez kanpo utzi zutenez, EAJk hartu zuen udal gobernua osatzeko ardura. Orain, EAk, Alternatibak eta independeenteek osatutako Bildu koalizioak lortu du gehiengoa. Harekin batera, Beasainen eta Lazkaon ere irabazi du Bilduk, EAJk aurreko legegintzaldian izandako gehiengoaren gainetik.
Zumarraga zen atzoko eguneko beste puntu beroetako bat. PSE-EEk gehiengo osoa izan du azken agintaldian, eta ikusteko zegoen zenbait proiektuk herri mailan izan duten oposizioa ikusita, zigor botorik izango ote zen. PSE-EEk ordea, aise irabazi du berriz ere Zumarragan, 2.103 boto eta 8 zinegotzi lortuta. Bildu ere indarrez sartu da, bost zinegotzirekin; EAJk berriz, hiru ordezkari izango ditu.
EAJri dagokionean, orain arte gehiengoz irabazi duen herrietan bere tokia mantentzea espero zen, baina Bildu aurrea hartu dio, Beasainen eta Lazkaon esaterako. Beasainen hala ere, seina zinegotzi dituzte Bilduk eta EAJk.
Herri nagusiak, paktuen zain
Hauteskundeetako emaitzek gehiengoen mapa agertzen badute ere, datozen asteetan izan daitezkeen paktuek esango dute udal bakoitza noren esku geldituko den. Hala, ikusteko dago hiru alderdi nagusien artean (Bildu, EAJ eta PSE-EE) zer nolako hitzarmenak egon daitezkeen batean eta bestean. Bestalde, alderdi txikiek ere giltza izan dezakete zenbait udal osatzerako garaian, Beasainen esaterako.
‘Bildu efektuak’ eta EAJ eta PSE-EEren arteko lehiak norbait kaltetu badu, hori alderdi txikiak izan dira. Boto kopuruan izan duten jaitsieraz gain, ordezkaritza aldetik ere atzera egin dutela esan liteke. 2007an, Ezker Batua eta Aralar elkarrekin aurkeztu ziren udal hauteskundeetara, eta aurten, bien artean ere ez dute orduko ordezkari kopurua berdintzerik lortu. EB-Berdeakek ez du zinegotzirik lortu Goierrin; Aralarrek 2 izango ditu eta Hamaikabatek 3. PPk ere atzera egin du botoetan, eta 2 ordezkari besterik ez ditu lortu eskualde mailan.
Herri txiki gehienak, erabakita
Goierriko herri nagusietan alderdi politiko gehienek aurkeztu dituzte zerrendak, baina herri txikietan, bi edo hiru alderdi eta hautes zerrenden artekoa izan da lehia. Kasu horietan, dagoeneko badira udalaren gidaritza nork hartuko duen erabakita gelditu den herri batzuk. Horien artean daude Bilduk gehiengoa lortu duen herriak: Ataun, Zaldibia, Segura, Legorreta eta Itsasondo; edota hautes zerrendak nagusi izan direnak: Idiazabal eta Zegama, adibidez. Ormaiztegin hiru alderdik hiruna zinegotzi dituzte.
Erlazionatutako edukiaBildu indarrez sartu da Goierriko udaletan