Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren Eguna ospatuko dute Zerainen
Bihar Europako Parke Naturalen eguna izanik, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren eguna ospatzeko helburuarekin hitzaldi-mahai ingurua antolatu dute Zerainen. Larunbatean berriz, mendi ibilaldia egingo dute. 1909ko maiatzaren 24an izendatu zituzten Euro...
Bihar Europako Parke Naturalen eguna izanik, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren eguna ospatzeko helburuarekin hitzaldi-mahai ingurua antolatu dute Zerainen. Larunbatean berriz, mendi ibilaldia egingo dute.
1909ko maiatzaren 24an izendatu zituzten Europako lehen Parke Naturalak Suedian. Aizkorri- Aratz Parke Naturala berriz, 2006ko apirilaren 4an aukeratu zuten. Izendapen horrekin, Zeraingo zati handi bat Parke Naturalaren barruan sartu zen. Eremu zabal horretan mendeetan zehar burdina ustiatu izan da, eta egun Aizpeko Meategiko Kultur Monumentu Multzoa da.
Zeraingo turismo bulegotik jakitera eman dutenez, Zeraingo herria “izugarrizko ahalegina” egiten ari da bere ondare naturala zaintzeko eta suspertzeko: besteak beste, Parke Naturalaren barruan eta inguruetan lur sailak erosiz, eta lur sail horietan biodibertsitatea zaintzeko eta areagotzeko proiektuak burutuz. Beraien hitzetan bertako paisaia kulturala zainduz, “zeraindarron bizitza kalitatea hobetzen dugu”.
Ingurune horren aberastasunaz, edertasunaz eta balioaz jabetuta, gaurko hitzaldi-mahai ingurua antolatu dute ospakizunen barruan. Bertan Asier Arrese Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusiak eta Jakoba Errekondo paisajistak parte hartuko dute. Interesa duenak 19:00etarako Zeraingo kultur etxera azaldu behar du.
Mendi ibilaldia
Larunbatean Aizkorri-Aratz Parke naturaleko ibilbideak eta Zeraingo ibilbide sarea lotuko dituen ibilbide berria ezagutzeko mendi irteera egingo dute, goizeko bederatzietan Zeraingo plazatik abiatuta.