Telleri eta Errekarte Haundi babesteko gomendatu dio Kultura Sailak udalari
Igartza auzoko Errekarte Haundi eta Telleri Etxe baserriak babesteko gomendatu dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Beasaingo Udalari. Udalak, bi baserriak bota eta bi eremuetan 163 etxebizitza berri egiteko asmoa du. Alazne Mujika arkitekto beasaindarrak, proiektu hori gelditzeko eskaera egin zion udalari iazko azaroan. Bi baserriek duten garrantzia arkitektonikoan oinarrituta eginzuen eskaera Mujikak. Beasaingo Udalean alegazioa aurkeztu zuen, udalak urbanizazio proiektuari behin betiko onespena eman ez ziezaion. Kultura Sailean bi baserriak babesteko eskatu zuen, ingurua Monumentu Multzo izendatzeko. Eusko Jaurlaritzak bi baserriak babesteko gomendioa egin du, auzoko gainerako eraikinak ikusita baserriak babesgarriak direla iritzita. Eusko Jaurlaritzak Mujikari helarazitako txostenean jasotzen denaren arabera, «Errekarte baserrian hiru solairuko altuera duten 15. mendeko ezohiko zutabeak daude, eta horiek babestu egin behar dira», zehaztu du Mujikak. Eusko Jaurlaritzako teknikariek hala idatzi dute txostenean erabakia: «Baserrien egurrezko egitura ez denez jatorrizkoa, ezin ditugu baserriak babestu, baina inguruko eraikinak ikusita, udalak babes ditzan gomendatzen dugu». «Erantzunik gabe» Mujikak, eta beste hainbat beasaindarrek, etsipenez hartu dute Kultura Sailaren erabakia. Baina Eusko Jaurlaritzak halako gomendioa egitea positiboa ere badela azpimarratu du Mujikak, «gomendio garrantzitsuak direlako eta beste hainbat herritan kontuan hartu dituztelako proiektuak aldatuz eta geldituz». Beasaingo Udalak duen proiektuari jarritako alegazioaren erantzunik ez duela jaso ere zehaztu nahi [...]
Igartza auzoko Errekarte Haundi eta Telleri Etxe baserriak babesteko gomendatu dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Beasaingo Udalari. Udalak, bi baserriak bota eta bi eremuetan 163 etxebizitza berri egiteko asmoa du. Alazne Mujika arkitekto beasaindarrak, proiektu hori gelditzeko eskaera egin zion udalari iazko azaroan.
Bi baserriek duten garrantzia arkitektonikoan oinarrituta eginzuen eskaera Mujikak. Beasaingo Udalean alegazioa aurkeztu zuen, udalak urbanizazio proiektuari behin betiko onespena eman ez ziezaion. Kultura Sailean bi baserriak babesteko eskatu zuen, ingurua Monumentu Multzo izendatzeko.
Eusko Jaurlaritzak bi baserriak babesteko gomendioa egin du, auzoko gainerako eraikinak ikusita baserriak babesgarriak direla iritzita. Eusko Jaurlaritzak Mujikari helarazitako txostenean jasotzen denaren arabera, «Errekarte baserrian hiru solairuko altuera duten 15. mendeko ezohiko zutabeak daude, eta horiek babestu egin behar dira», zehaztu du Mujikak.
Eusko Jaurlaritzako teknikariek hala idatzi dute txostenean erabakia: «Baserrien egurrezko egitura ez denez jatorrizkoa, ezin ditugu baserriak babestu, baina inguruko eraikinak ikusita, udalak babes ditzan gomendatzen dugu».
«Erantzunik gabe»
Mujikak, eta beste hainbat beasaindarrek, etsipenez hartu dute Kultura Sailaren erabakia. Baina Eusko Jaurlaritzak halako gomendioa egitea positiboa ere badela azpimarratu du Mujikak, «gomendio garrantzitsuak direlako eta beste hainbat herritan kontuan hartu dituztelako proiektuak aldatuz eta geldituz».
Beasaingo Udalak duen proiektuari jarritako alegazioaren erantzunik ez duela jaso ere zehaztu nahi izan du arkitektoak: «Sei hilabeteko epea zuen udalak alegazioari erantzuteko, baina oraindik erantzunik gabe nago. Maiatzaren 20an amaitzen zen epea, eta orain nire esku egon daiteke proiektua erabat gelditzeko prozesu legala hastea».
Mujikak azaldu duenaren arabera, udalak ez badu berak jarritako alegazioa erantzuten, «ezin dio proiektuari behin betiko onespena eman, horrela jasota baitago Euskadiko Lurzoruaren Legedian».
Balizko Arkeologia Gunea
Badira hilabete batzuk Alazne Mujikak bi baserriak babesteko ekina hasi zuela. Hasieratik garbi izan du Errekarte Haundi eta Telleri Etxe baserriak eta ingurua Balizko Arkeologia Guneak direla, eta horregatik, bi eraikinak ez botatzeko eskatu du, «Errekarte Haundi 15. mendekoa delako, 540 urte inguru dituelako». Baserriaren azpian, «erdi aroko aztarnak daudela uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Tamalez ordea, 18. mendean baserria erre egin zen eta ezer gutxi geratu da zutik».
Telleri Etxea 17. mendekoa dela dio Mujikak, eta «315 urte inguru» dituela. Horregatik, bi eraikinetako zati ezberdinak noiz eraikitakoak diren jakiteko, «ikerketa sakonago bat egitea merezi» duela azpimarratu nahi izan du: «Beren egiturak gordez gero, barne-espazioak birgaitu daitezke eta eguneratu, etxebizitza duinak egin ahal izateko. Kanpoko espazio libreak ere errespetatu behar dira, eta parke publiko bat egin, edo baratza ekologikoak jarri, adibidez. Azken finean, beasaindarron aisiarako eremu aberats bat lortzeko aukera aprobetxatu».
Azken asteetan ugari izan dira internet bidez Errekarte Haundi eta Telleri Etxea baserriak ez botatzeko eta babesteko Mujikaren eskaerarekin bat egin duten beasaindarrak. Gaiaren inguruan bloga ere sortu du Alazne Mujikak: errekartehaundi.blogspot.com