Bareak ere dantzan jarriko ditu Marik
Bareak ere dantzan jarriko ditu aurten Murumendiko Marik. Sorginkeria handirik ez du egin beharko ordea horretarako, beasaindarrek gogotsu lagunduko baitiote herriko txoko guztietara festa giroa zabaltzen. Egitarau zabala eta anitza prestatu dute aurte ere herritarrek Loinatz jaietarako, bihar hasi eta asteartera arte, adin, asmo, talde, ohitura, gogo, zapore, eta nahi ezberdinetako herritarrek gozatu ahal izateko osagarriekin bete baitute Loinatzetako pertza. Indar eta jarraitzaile askorik ez duen danbateko ofizialak emango die bihar eguerdian jaiei hasiera. Festa ordea, Beasaingo erraldoi, kiliki eta txistulariekin hasiko da arratsaldean, Zubimuzu plazan txistorra jana egingo dutenekin batera. Orduan hasi eta asteartera arte zer eginik izango dute beasaindarrek. Sorpresarik gabe Ohiko bidetik joango dira aurten ere Loinatz jaiak Beasainen, sorpresa berezirik ez baitago egitarauan. Mariren jaitsiera izango da biharko ekitaldi garrantzitsuena, ofizialki jaiei hasiera ematen diona. Etzi berriz, danbor hotsak nagusituko dira, haurren eta helduen danborradak izango baitira. Argizpi elkarteak antolatutako Beasaingo Hiria eta Igartza Saria argazki lehiaketako sariak ere bihar banatuko dituzte. Igandean soka dantzak, pilota txapelketa eta su festa izango dira ekitaldi ofizial nagusiak, eta astelehenean lagun taldeak izango dira festaren bihotza eta arima. Urtero bezala, Loinazko San Martin baselizara prozesioa ere egingo dute agintariek, eta ondoren ohiko erromeria baseliza inguruan. Eguraldi euritsua dago iragarrita [...]
Bareak ere dantzan jarriko ditu aurten Murumendiko Marik. Sorginkeria handirik ez du egin beharko ordea horretarako, beasaindarrek gogotsu lagunduko baitiote herriko txoko guztietara festa giroa zabaltzen. Egitarau zabala eta anitza prestatu dute aurte ere herritarrek Loinatz jaietarako, bihar hasi eta asteartera arte, adin, asmo, talde, ohitura, gogo, zapore, eta nahi ezberdinetako herritarrek gozatu ahal izateko osagarriekin bete baitute Loinatzetako pertza.
Indar eta jarraitzaile askorik ez duen danbateko ofizialak emango die bihar eguerdian jaiei hasiera. Festa ordea, Beasaingo erraldoi, kiliki eta txistulariekin hasiko da arratsaldean, Zubimuzu plazan txistorra jana egingo dutenekin batera. Orduan hasi eta asteartera arte zer eginik izango dute beasaindarrek.
Sorpresarik gabe
Ohiko bidetik joango dira aurten ere Loinatz jaiak Beasainen, sorpresa berezirik ez baitago egitarauan. Mariren jaitsiera izango da biharko ekitaldi garrantzitsuena, ofizialki jaiei hasiera ematen diona.
Etzi berriz, danbor hotsak nagusituko dira, haurren eta helduen danborradak izango baitira. Argizpi elkarteak antolatutako Beasaingo Hiria eta Igartza Saria argazki lehiaketako sariak ere bihar banatuko dituzte.
Igandean soka dantzak, pilota txapelketa eta su festa izango dira ekitaldi ofizial nagusiak, eta astelehenean lagun taldeak izango dira festaren bihotza eta arima. Urtero bezala, Loinazko San Martin baselizara prozesioa ere egingo dute agintariek, eta ondoren ohiko erromeria baseliza inguruan.
Eguraldi euritsua dago iragarrita aurten jaietarako, eta ziur, astelehenean barraskilorik ez dela faltako Loinazko erromeriara joaten direnentzat.
Asteartean amaituko dira Loinatz jaietako lehen asteburuko ekintzak. Azoka berezia, umeen eta helduen sokadantza, bertsolariak eta herri-kirolak daude antolatuta astearterako.
Musika talde ezagunak
Jaietan ohikoa izaten den bezala, musikarik ere ez da faltako Beasainen bost egun hauetan. Musika alorrean punta-puntan dabiltzan euskal taldeek kontzertua egingo dute jai hauetan, eta tartean talde goierritarrak ere egongo dira. Bihar Bideluze plazan Esne Beltza ariko da, eta txosna gunean, El cerdo que grunge, Hell Beer Boys eta The Last Strenght.
Etzi Sorkun, Nahixan, Egurra ta kitto, Demo Mode eta Kupela taldeen txanda izango da, eta igandean Golden Apple Quartet-ena. Egan taldeak astelehenean egingo duen emanaldia izango da lehen asteburuko azken kontzertua.
Kirola gustuko dutenentzat
Festak eta kirola ere eskutik emanda joan ohi dira sarri, batez ere kirolaz izerdirik bota gabe gozatu nahi dutenentzako. Beasainen egongo da horretarako aukera ere. Apirilaren amaieran hasi zen pilota txapelketa herrikoia igande arratsaldean jokatuko den finalarekin amaituko da. Astelehenean lagun taldeen arteko futbito txapelketako finala jokatuko dute, eta asteartean herri kirol saioa egingo dute Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Ainhoa Mujika eta Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarrek bertsoak abesten dituzten bitartean.
Asteartean lehen asteburuko ekintzei amaira emango zaien arren, ekainaren 10, 11 eta 12an ere ospatuko dituzte loinatzak beasaindarrek. Asteartetik ostiralera arteko egunetan ere hainbat ekintza daude antolatuta, asteburu batetik besterako saltoa xamurragoa izateko asmoz.
Igandeko Afrika Egunarekin etorkinak ezagutzeko deia egin du Bategite elkarteak
Beasaingo Loinatz jaiek etorkinen eskutik izango du berritasunetako bat. Bategite etorkin elkarteak Afrika Eguna antolatu du estreinakoz iganderako, ekainak 5. Arratsalde osoa etorkinak gehiago ezagutzeko, haiekin jai giroan ibiltzeko eta munduko kulturez ikasteko izango da.
Bategitek bi helburu nagusik mugituta prestatu du festa. Batetik etorkinei bertako gizartean murgiltzen laguntzeko, «Beasainen inplikatzeko eta integrazio osoa lortzeko» kasu honetan. Bestetik, «munduan zenbat kultura dauden» erakutsi nahi dute. «Guretzat oso-oso garrantzitsua da ekitaldi hau ondo ateratzea. Etorkinen integrazioa eta denen artean Beasaingo herrian elkarbizitza onena izatea nahi dugu», azaldu du Bategiteko kide Pitxu Urretabizkaiak.
Gaur egun ia berrehun bazkide dira, «gehienak etorkinak». Elkarte gisa eratuta dago, lehendakari, idazkari, diruzain, ordezkari eta estatutuekin. Zuzendaritza taldea hamar lagunek osatzen dute. 22 herrialdetako jendea dago, Goierriko 12 herritakoak.
Pablo Parra diruzainak beasaindarrak ez ezik goierritar guztiak gonbidatu ditu igandeko festara. «Eskualdean 5.000 etorkin daude. Mundu honek gaur duen arazo handienetakoa da herritarrek, kasu honetan baliotsuenetako askok, beste herrialde batzuetara joan beharra dutela aurrera egiteko», dio Parrak. «Etorkinak ere gaizki pasatzen ari dira krisialdiagatik, eta babesa eman beharra daukagu, egoera oso larrian daudelako asko».
Bategiteren lehendakariorde Serigne Ndiaye senegaldar jatorriko goierritarrak jendeak immigrazioari buruz duen irudia aldatzea beharrezko ikusten du. «Ez da ez negatiboa, ez txarra. Bizimodu hobea bilatzeko eskubidea duten pertsonez ari gara, besterik gabe. Etorkinari buruz jendeak duen irudia aldatu nahi dugu; nahikoa da haiekin egotea».
IGANDEKO EGITARAUA:
17:00. Haurrentzat tailerrak: tatuajea, arabiar kaligrafia, artisautza. Afrikako pastak, tea eta kafea dastatzeko. Afrikako musika tresnen erakusketa.
19:00. Arkumearen festa marokoarra. Pintxoak eta ardoa.
19:00-21:00. Senegalgo musika taldearen ikuskizuna, plazatik abiatuta kalerik kale.