Langileak, joan den astelehenean, landareak erauzten, Legorretan.
Orain dela pare bat urte ekin zion Goieki Goierriko Garapen Agentziako Agenda 21 sailak landare espezie inbaditzaileari aurre egiteko lehen urratsak egiteari. Hainbat udal ordezkari bildu ziren bilera hartan, eta beste inguru batzuetako esperientziak aintzat hartuz, arazo horri aurre egiteko konpromisoa hartu zuten. Iaz, berriz, Oria Garaiko Natura 2000 sarearen partaidetza tailer bat egin zuten, eta Eusko Jaurlaritzako teknikari batek gidatuta, etorkizunean Goierrin egin zitezkeen ekintzei buruz aritu ziren. Itsasondo eta Arama, esaterako, beren kabuz ari ziren ordurako arazoari heltzen, baina azken bilera horretan ondorio argi batera ailegatu ziren udal ordezkariak: arazoari eskualdeko ikuspuntutik aurre egin behar ziotela.
Iker Azurmendi Goiekiko Agenda 21eko teknikariak gogorarazi du Aranzadiko botanika sailekoekin jarri zela orduan harremanetan eta erauzketa lanei aurre egin ahal izateko txostena prestatu zutela bi aldeen artean. «Diru kontuengatik ezin izan dugu eskualde guztian hasi, eta lan horiekin Amundarain eta Agauntza erreketako azpi-arroetan, eta Oria ibaiaren Ordizia eta Beasain arteko zatian hastea erabaki dugu». Hala ere, azken orduan, laginketa eremua zabaltzeko aukera sortu zaie, eta lehen lanak astelehenean hasi zituzten Oria ibaian, Legorretako Eredu lantegiaren parean.
Aranzadiko botanika saileko Joseba Garmendia, Lorena Uriarte eta Mari Azpiroz dira lan horien jarraipena egingo dutenak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz, espezie inbaditzaileen lehen erauzketa lanak Urola ibaian egin zituzten 2007. urtean, Azpeitian. «Gurekin lan egiteko metodologia bat bilatzea zen helburua, ekonomikoki bideragarria izango zena. Nahiko eraginkorra izan zen metodologia hura, eta horixe bera aplikatuko dugu hemen», zehaztu du Azpirozek.
Ekosistemari eutsi nahi
Uriartek adierazi du «gehientsuena garbitzea» lortu zutela Azpeitian baina lan horiek jarraipena behar izaten dutela. «Datozen urteetan ere noizbehinka joan beharko dugu». Azpirozek gaineratu du landare inbaditzaileak erauztea «zaila» dela, «erraz etortzen» direlako atzera. «Landare horien teknika azkar haztea izaten da, batez ere lur biluzietan. Eta esan behar dena da gaur erreka bazterrak Euskal Herrian, toki askotan, biluzik dauzkagula».
Goierriko erreka ertzetan gehien sumatu duten espeziea
Fallopia japonica izenekoa da, oso espezie zabaldua munduan. «Ez da guk soilik daukagun arazo bat», esan du Garmendiak. Goierrik, ibaien iturburu izanik, kostaldeko inguruetan baino espezie inbaditzaile gutxiago ditu, baina horrek ez du esan nahi kezkatzeko arrazoirik ez dagoenik. «Natura 2000 sareak Goierriko errekak aintzat hartzen ditu Europako bisoia dagoelako, eta bisoi horrek behar duen habitatari kalte egiten diote espezie inbaditzaileek», nabarmendu du.
Landare horiek habitata «moldatu edo desagerrarazi» egiten dute, «kate trofikoari kalte eginez». Bisoiak irauteko «ekosistemari eutsi» behar zaiola argi du Garmendiak; baina, horretarako, ibaiertzetako landaredia behar da. «Hemengo zuhaitzetako hostoetatik onddo eta ornogabeak elikatzen dira, arrainek ornogabeak jaten dituzte, eta bisoiek, arrainak». Bisoia «espezie enblematikoa» da, baina Aranzadikoen arabera, beste espezie batzuei ere eragiten diete landare exotikoek.
Erauzketa prozesua
Sasiak garbitzeko makinekin hasi dira aste honetan
Fallopia japonica erauzten Legorretan, eta gauza bera egingo dute espezie hori atzemandako beste tokietan. «Kontrol mekanikoa» deitzen diote horri. Irail-urri partean kontrol kimikoa egingo dute: lainoztatze bidezko glifosatoa aplikatuko diote, orduan berriz loratzen baita espezie hori. Uztailean
Buddleja davidii espeziea loratzen hasiko da; horri ere glifosatoa botako diote, eta berdin egingo dute
Helianthus tuberosus espeziearekin urrian, loretan dagoenean.
LORATEGIETATIK IBAIERTZETARA
Leku batean berezkoa izan ez, eta hara gizakiaren bidez iritsi eta kontrolik gabe ugaldu eta zabaltzen den landarediari deitzen zaio espezie inbaditzailea. Asian eta Hego Amerikan dute jatorria espezie horiek, eta XIX. eta XX. mendeetan lorategietako apaingarri gisa barneratu ziren Europan.
Eta hor hasi zen arazoa. Landare horiek lorategietatik alde egiten hasi ziren, natur eremuetara iritsiz, eta ibaiertzetan finkatzea lortu zuten. Espezie inbaditzaile horiek hemengo landareekin lehiatzen dira eguzkia eta elikagaiak bereganatzeko, eta hemengoak ordezkatzea lortzen dute. Hori egiten dutenean ibaietako ekosistema eraldatzen dute, hemengo flora eta faunari kalte eginez.
Obretako eta lorategietako lur mugimenduen ondorioz iritsi dira landare horiek erreka bazterretara.
Fallopia japonica, esaterako, ez da hazitik zabaltzen, baina sustrai txiki batetik edota adar txiki batetik beste landare bat sortzeko gaitasuna dauka.
Hiru espezie nagusiak
Fallopia japonica,
Buddleja daviddi eta
Heliantuhus tuberosus dira Goierriko erreka ertzetan dauden espezie inbaditzaile nagusiak. Lehen biek Asian dute jatorria, eta apaingarri gisa landatu dira.
Helianthusa, berriz, Hego Amerikako landarea da, eta, tuberkulu jangarria duenez, ugaria da Mediterraneoan.
ZUHAITZAK LANDATUKO DITUZTE NEGUAN, PREBENTZIO MODUAN
Aste honetan hasitako lanak ez dira bere horretan bukatuko.
Fallopia japonica espeziea erauzten hasi dira, uztailean Buddleja davidii espezieari herbizida botako diote, eta urrian neurri bera hartuko dute Helianthus tuberosus espeziearekin. Neguan, berriz, hemengo zuhaitzak landatuko dituzte espezie inbaditzaile horiek erauzitako lekuetan.
Haltza, sahatsa, intsusa eta lizarra izango dira ibai eta erreka ertzetan neguan landatuko dituzten espezieetako batzuk. Landaketa horiek ibaietako ekosistema berreskuratzeko prebentzio neurri modura egingo dituzte Aranzadi zientzia elkarteko kideek. Egun horietan, gainera, herritarrekin irteerak antolatzeko asmoa dute, azalpenak eman ahal izateko.