Goierriko sei herririk hazienetatik bostetan aginduko du Bilduk
Azken asteetako mugimenduak, bilerak eta zurrumurruak atzera gelditu dira dagoeneko. Larunbatean osatu zituzten Goierriko ia udalbatza guztiak –Zerainen uztailaren 2an osatuko dute–. Maiatzaren 22ko hauteskundeek erakutsi zuten mapa berbera izan da azkenean udalen osaketak utzi duena, herri guztietan, zerrendarik bozkatuena izan baita alkatetza lortu duena. Goierriko sei herririk hazienetako bostetan (Ordizia, Beasain, Urretxu, Lazkao eta Legazpi) Bildu koalizioak aginduko du; Zumarragan berriz, PSE-EEk.
Beasain eta Urretxu ziren zalantzarik gehien sortzen zuten bi herriak. Gehiengo garbirik ezean, ikusteko zegoen zerrendarik bozkatuena izan zen Bilduk hartuko zuen agintea, ala beste alderdien artean hitzarmenen bat egingo zuten. Zurrumurruak zurrumurru ordea, azkenean ez da ezustekorik izan. Bi herri horietan, EAJk eta PSE-EEk, bakoitzak bere zerrenda babestu zuen.
Beasainen bilera ugari egin dituzte Bilduko eta EAJko ordezkariek, baina azkenean ez dute akordiorik lortu. Hala, Koldo Agirrek Bilduko sei zinegotzien botoak eta Aralarreko ordezkariarena lortu zituen, eta Aitor Aldasorok EAJren sei botoak. Fernando Boadak (PSE-EE) bi boto eta Julio Herrerosek (PP) bat jaso zituzten. Hamaikabateko zinegotziak boto zuria eman zuen.
Txalo artean eta «Aupa Bildu» oihuen artean jaso du Agirrek alkate makila, Patxi Plazaola alkate ohiaren eskutik. Agirrek azaldu zuen «azken momentura arte» ez zekitela zer gertatuko zen. Behin kargua hartuta, berehala «gobernua osatzeko lana egiten» hasi behar dela esan zuen; «ikusiko dugu zer gertatzen den, oso zaila delako seirekin edo zazpirekin gobernatzea. Lehenengo gobernua ondo osatzen saiatuko gara eta momentuko akordioak lortzen». Aurrerantzean «herritarrentzako eta herritarrekin» lan egiteko konpromisoa hartu du alkate berriak, herritar guztien partaidetza bultzatuz eta «bake eta normalizazio politikoa helburu hartuta, giza eskubide guztiak errespetatuz, indarkeriarik gabe, errepresio, preso eta torturarik gabekoa, bizakarzainik eta inolako mehatxurik gabekoa, eta bazterketa, ilegalizazio eta epaiketa bidegaberik gabekoa».
URRETXU
Urretxun ere, Beasainen antzeko egoera bizi zuten larunbateko ekitaldiaren aurretik; denetariko zurrumurruak entzuten ziren, eta inor gutxik zekien benetan zer gertatuko zen alkatea aukeratzeko bozketan. Azkenean ordea, bakoitzak bere astoari egin zion arre. Boto gehien izan zituen Bildu koalizioko Oihane Zabaleta izendatu zuten alkate. Hala, historian aurreneko aldiz, emakume bat izango da Urretxuko alkate. Iñaki Zabaletak hunkituta eman zion aginte makila Zabaletari. Honek, «herritarrek udaletxeko ateak zabalik» izango dituztela esan zien urretxuarrei; gainontzeko alderdiei berriz, elkarlanerako borondatea agertu zien.
ZUMARRAGA
Zumarragan ere ez zen sorpresarik izan eta botoen gehiengoa lortu zuen PSE-EEren hautagaia, Mikel Serrano izendatu dute alkate. Bere alderdiko zortzi botoez gain, PPko zinegotziarena ere jaso zuen Serranok. Alkate izendatu berritan, «Zumarragaren alde» lanean jarraitzeko asmoa agertu zuen.
Legegintzaldi honetan, lanerako sei ildo nagusi izango dituela ere esan zuen: «ekonomia suspertu, etxebizitza politika sozialak lehenetsi, gizarte zerbitzuak indartu, mugikortasuna hobetu, ingurugiro arazoei aurre egiteko estrategia bideratu eta auzoetako azpiegiturak hobetu». Joan den legegintzaldian polemika ugari eragin duen Antioko gaia ere aipatu zuen, eta hango lanak, «denen onerako» izango direla esan zuen.
ORDIZIA
Goierriko sei herririk hazienetatik hirutan (Ordizian, Lazkaon eta Legazpin), gehiengo osoarekin aginduko du Bildu koalizioak. Ordizian, bertsotan hartu zuen alkate kargua Igor Egurenek. Udalean «bestelako kudeaketa eredu bat» bultzatuko dutela esan zuen eta «herritar guztien parte hartzea» bultzatuko duela.
LAZKAO
Lazkaon ere, Bildu koalizioko Azeari Andonegi izendatu dute alkate. Hark ere, «herritar guztientzako udala» egin nahi dutela esan zuen, eta lazkaotarrek «udaleko ateak eta gure eskuak» zabalik izango dituztela.
LEGAZPI
Antzeko hitzak izan zituen Kepa Urzelaik ere; bera izango da datozen lau urteetan, Legazpiko alkate. Bere taldeak «lan ona» egingo duela esan zuen, «legazpirarrentzat eta Legazpiaren alde, beraien proiektua, «parte hartzean» oinarrituko baita.
ALTZAGA
Imanol Mujika izendatu dute Altzagako alkate, bost zinegotzien artean. Andoni Katarain, Miguel Angel Muñagorri, Mikel Munduate eta Joxe Mari Esnaola dira beste kideak.
ARAMA
Asier Mujika da larunbataz geroztik Aramako alkate. Udalbatza Joxe Mari Arizmendik, Josu Albisuk, Ricardo Rodriguezek eta Alaine Goikoetxeak osatu dute.
ATAUN
Igor Aierbe da Ataun alkate, Bildu koalizioaren bost botoekin. Herrigintzako lau zinegotziek zurian bozkatu zuten. Udalburu aldaketa izan da Ataunen.
EZKIO-ITSASO
Tomas Etxanizek jarraituko du Ezkio-Itsason alkate. Herrian hautagaitza bakarra aurkeztu zen, Ezkio-Itsasokoak, eta zazpi zinegotziak harenak dira.
GABIRIA
Ibon Elgarresta da Gabiriako alkate, Auzo Artekoa. Bost boto jaso zituen, Gabiria Aurrerako alkategaiak bat eta zurian beste bat. Jokin Murua, Eli Elgarresta, Gorka Maiz, Ainhoa Aizpuru, Iñaki Txintxurreta eta Joseba Murua dira beste kideak.
GAINTZA
Joseba Garmendia da Gaintzako alkate, ziurrenik Gipuzkoako goiztiarrena legealdi honenta, ostegunean aukeratu baitzuten Gaintzako Herria taldearen bileran. Doroteo Caballero, Iñigo Garmendia, Jokin Garmendia eta Gaizka Olaetxea dira zinegotzi.
IDIAZABAL
Izal Baiko Ioritz Imazek berretsi du Idiazabalgo alkate kargua, sei botoren gehiengoz. Goierrin, errepikatuko duten sei alkateetako bat da Imaz. Bilduk bost zinegotzi ditu.
ITSASONDO
Areti Gkika izendatu dute Itsasondoko alkate. Adintsuena denez, adin mahaia ere hark osatu zuen Ekaitz Arruti gazteenarekin batera. Bilduk ditu zazpi zinegotziak Itsasondon.
LEGORRETA
Bakartxo Mendez (Bildu) da Legorretako alkate. Udalbatzako bederatzi zinegotzien botoak jaso zituen: bai Bilduren bostak, baita Legorreta Biziriken laurak ere.
MUTILOA
Iñaki Ugaldek jarraituko du Mutiloan alkate karguan. Hirugarren legealdia du udalburu gisa hasi den hau. Herriko hautes taldeko Maite Zabaleta, Iñigo Muñoa, Gotzon Antsoleaga eta Jule Aranburu dira beste lau zinegotziak.
OLABERRIA
Jokin Garmendia da Olaberrian alkate. Zinegotziak Amaia Cuellar, Joseba Barandiaran, J.Manuel Garrido, Iñigo Sarasola, Gema Etxaniz eta J. Bernardo Aldasoro dira.
ORMAIZTEGI
Rosa Mari Urkiak hartu du alkate kargua Ormaiztegin. Bildu bere taldearen eta Orbelen botoak jaso ditu (6). OHTko Xabin Ezkurdiak bere taldearen hiru botoak jaso zituen.
SEGURA
Eluska Gerriko da Segurako alkate. Bilduko bost zinegotzien botoak jaso zituen. Segura Lantzenek lau ordezkari ditu, orain arteko alkate Maixabel Telleria tartean.
ZALDIBIA
Joxean Etxabek hartu du Zaldibiako alkate kargua, Bilduren zazpi botoen gehiengo osoarekin. Zaldibian Herrigintzanek bi zinegotzi izango ditu udalbatzan.
ZEGAMA
Edurne Albizuk jarraituko du Zegaman alkatetzan, Zegama Lantzen taldearen bost botorekin aukeratua. Urko Gomezek (Bildu) bi boto jaso zituen; udalbatzarrera ezin izan zuten joan Bilduko eta Aralarko hautetsi banak.