Zapatuko jaialdiak «Markelentzako itxaropena» aldarrikatuko du
Gaur goizean Elkartasuna Azaleratuz jaialdiaren aurkezpena egin dute Urretxun. Markel Lopez 10 urteko haurrari laguntzeko jaialdia da eta Urretxuko eta Zumarragako gaztetxearen 9. urteurrenaren egitarauaren barruan kokatzen da.
Gainzuri ikastetxean eta Lopezen lagunek eta gaztetxeko kideek elkarrekin eskaini dute gaurko agerraldia. Lehenik eta behin, Lopezen gaixotasunaren berri eman dute, Epidermolisis Bullosa gaixotasuna baitu, Tximeleta azala gisa ere ezagutua.
Gaixotasunak Lopezen eguneroko bizitzan duen eragina ere ezagutarazi dute bere ikaskideek. «Urtean zehar bidaia desberdinak egitera behartuta» dagoela jakinarazi dute, «hainbat ebakuntza eta tratamendu egiteko, hala nola, Madrilera, Bartzelonara, Valentziara…». Guzti honek gastu ekonomiko «handiak» eragiten dituela ere azaldu dute eta instituzioen aldetiko laguntza ere ezbaian jarri dute.
«Instituzioek gutxi egiten dute eta hau gutxi balitz, gaixotasun honen inguruan hasita zegoen ikerketa, eta Markeli ondo zihoakiona, bertan behera utzi zuten, esperantza guztiak galduaraziz». Lopez bizi den etxea ez dagoela halako gaixotasuna duen pertsona bat jasotzeko prestatuta ere jakinarazi dute, «ez du igogailurik eta bere gurpildun aulki elektrikoa ezin du etxean kargatzen utzi, ezin baitu igo». Lopezek egunerokoan aurkitzen dituen oztopoetariko batzuk bezala definitu dituzte hauek.
Egoera honen aurrean, duela urte batzuk jaialdi bat antolatu zuten gaztetxean, Lopezen beharretarako dirua bildu asmoz. Oraingo honetan, berriro ere kalera irteteko beharra ikusi dute, Elkartasuna Azaleratuz jaialdia antolatuz. Hala, gaztetxearen 9. urteurreneko ospakizunak «inguruko beharrei erantzuna emateko» erabili nahi izan dituzte gazteek.
Horretarako, haur honen egoeraren inguruko sentsibilizazio kanpaina bat burutzeaz gain, Zea mays, Betagarri, Willis Drummond, Ze Esatek! eta Sermond’s taldeekin jaialdia egingo dute zapatuan, ekainak 18. Gaztetxearen alboko idi-probalekuan jarriko duten karpan egingo dituzte kontzertuak eta sarrera 10 euro kostako da aldez aurretik erosita, 12 egunean bertan. Kontzertuen tartean Markel Lopez bera protagonista den A flor de piel dokumentala ere proiektatuko dute.
Igandean, hilak 19, El tenderete antzerki konpainiak Hartz goxozalea txotxongilo emanaldia egingo du gaztetxean. 17:00etan hasiko dute emanaldia.
Ekintza hauetako sarreretatik ateratako etekinak Markelen beharrak asetzeko erabiliko dituzte bere osotasunean. Bonolaguntzekin eta hainbat tabernetan jarri dituzten itxulapikoekin lortutako dirua ere behar hauetara bideratuko dute. «Itxaropena Markelentzat» eskariarekin amaitu zuten agerraldia, jaialdiaren izaera berezia agerian utziz.