Montoya ekinean, atzean, bizkarrez, Aierbe duela
Ondo landutako esku batek, landu gabeko bik baino gehiago egin dezakete. Hala erakutsi du asteburuan Iñaki Aierbe aizkolari ataundarrak, Iñaki Montoyarekin egitekoa zuen desafioa irabazita. Ataundarrak, esku bakarrarekin, nahikoa izan zituen 5 minutu eta 40 segundo kanaerdiko enborra ebakitzeko. Montoyak berriz, ia zortzi minutu behar izan zituen.
Desafio berezia zen, ezohikoa. Horregatik agian, dezenteko ikusmina sortu zuen, bai Abaltzisketan, eta baita komunikabideen artean ere. Jende ugari bildu zen herriko plazan eta inguruko etxeetako balkoietan, ikuskizuna bertatik bertara gozatzeko. Beroa izan zen eguneko protagonistetako bat, eguerdi parterako 33 gradu markatzen baitzuen termometroak. Ez da aizkoran aritzeko girorik aproposena, baina proba motza zela eta, lehen bailehen hastea erabaki zuten aizkolariek.
Esperientzia faltak ere izango zuen eragina Montoyaren lanean. Plazara jendaurrean ateratzeak, «inpresio handia» egin ziola aitortu zuen beasaindarrak, eta entrenamenduetan, neurri bereko enborra ebakitzeko denbora gutxiago behar izan zuela. Azken asteetan eskuetako minez ibili da, behar baino gogorrago entrenatzen hasi, eta eskuetan kailuak atera zitzaizkion. Apustua atzeratzeko ere eskatu zuen, baina «hemen ez dago pilotan izaten diren bezalako atzerapenik, egun bat jarri eta gero bete egin behar da». Hala ere, hain denbora gutxian entrenatu izanda, ez zuen itxura txarra eman harakinak.
Joxe Aierbe aitaren laguntza izan zuen botillero lanetan. Bi aizkolariek, senide eta lagunen babesa ere izan zuten. Montoyak baino esperientzia gehiago izan arren, jendaurrean eta halako beroarekin aritzeak «errespetua» ematen duela esan zuen.
Bien artean izandako eztabaida bat konpontzeko, desafiora jotzea erabaki zuten Aierbek eta Montoyak. Azkenean, Aierbek izango du arrazoia, baina baita poltsikorako 2.000 euroko zakua ere. Proba bukatutakoan, Joxe Mari Urkik jarri zion txapela.