«Abertzaleak gogorrak baginen, bai, baina gerran ez genekien»
Uztailaren 18an beteko dira 75 urte 1936ko gerra lehertu zenetik. Eguneroko bizimodua irauli, eta borrokara joan behar izan zuten gazte askok. Bizitzako aldi gogor hura oroimenean iltzatuta dute. Elkarrizketa hau gaur (ostirala) Gipuzkoako Hitza-k argitaratu du, kontrazaleko ‘Kontu kontari’ atalean. Gerra piztu zenetik (1936ko uztaila) joan zen lubakiak egitera Santiago Agorreta gabiriarra, Zumarraga auzo herrira. Euskal lurrak Francoren aldekoen esku erori arte ez zen etxeratu, 1937ko ekainean. Hamazazpi urterekin joan zen gerrara Santiago Agorreta (Zizurkil, 1919). Gaur, 92 urterekin, orduko ibilerak ondo gordeak ditu gogoan. Ibiltzeko ezintasunetik oroitzen du gaztetan korrikalari aparta zela. «Lagunek esaten didate ea zergatik ez naizen joaten elizara. Ezin dudalako. Baina akaso abiatuko naiz oraindik», dio etsi gabe, apaizaren bisita hartu eta gerran lubakiak nola egiten zituen kontatu bitartean. Uztail honetan 75 urte dira gerra piztu zela. Non harrapatu zintuen? Gerra sortu zenean trenbideko tunelean nenbilen, lanean, gaur bizitoki dudan etxearen ondoan. Argixaora eraman gintuzten lubakiak egitera, Gabiria eta Zumarraga arteko mendira. Gero joan ginen gerrara. Nola sartu zinen gudari? Argixaotik Zumarragara jaitsi ginen, eta han esan ziguten «moteil, denak bazihoatzek hemendik!». Eta gu ere hala joan ginen. Lehenbizi Zumaiaraino, eta gero Durangoraino. Zumaian mojen komentu batera joan ginen, haiek alde egin zutela eta. Lo han [...]
Uztailaren 18an beteko dira 75 urte 1936ko gerra lehertu zenetik. Eguneroko bizimodua irauli, eta borrokara joan behar izan zuten gazte askok. Bizitzako aldi gogor hura oroimenean iltzatuta dute. Elkarrizketa hau gaur (ostirala) Gipuzkoako Hitza-k argitaratu du, kontrazaleko ‘Kontu kontari’ atalean. Gerra piztu zenetik (1936ko uztaila) joan zen lubakiak egitera Santiago Agorreta gabiriarra, Zumarraga auzo herrira. Euskal lurrak Francoren aldekoen esku erori arte ez zen etxeratu, 1937ko ekainean.
Hamazazpi urterekin joan zen gerrara Santiago Agorreta (Zizurkil, 1919). Gaur, 92 urterekin, orduko ibilerak ondo gordeak ditu gogoan. Ibiltzeko ezintasunetik oroitzen du gaztetan korrikalari aparta zela. «Lagunek esaten didate ea zergatik ez naizen joaten elizara. Ezin dudalako. Baina akaso abiatuko naiz oraindik», dio etsi gabe, apaizaren bisita hartu eta gerran lubakiak nola egiten zituen kontatu bitartean.
Uztail honetan 75 urte dira gerra piztu zela. Non harrapatu zintuen?
Gerra sortu zenean trenbideko tunelean nenbilen, lanean, gaur bizitoki dudan etxearen ondoan. Argixaora eraman gintuzten lubakiak egitera, Gabiria eta Zumarraga arteko mendira. Gero joan ginen gerrara.
Nola sartu zinen gudari?
Argixaotik Zumarragara jaitsi ginen, eta han esan ziguten «moteil, denak bazihoatzek hemendik!». Eta gu ere hala joan ginen. Lehenbizi Zumaiaraino, eta gero Durangoraino. Zumaian mojen komentu batera joan ginen, haiek alde egin zutela eta. Lo han egin genuen. Ni umea nintzen orduan.
Zenbat urte zenituen?
Nik orduan hamazazpi urte. Umea nintzela esaten zidaten, eta hasieran ez ninduten eraman borrokara. Zumaiatik Durangora bitartean joan ginen. Eibarko mendi batean egon ginen. Atzeraka, beti atzeraka. Azkenean hala bukatu genuen, atzeraka.
Durangon denboraldi bat egingo zenuten, neguko frontean, ezta?
Bai. Durangotik Eibarrera frentera joan behar genuela esan ziguten. Neu baino zaharragoak neuzkan soldadu, eta «hau umea duk oraindik, hau ez diagu eraman behar» esaten zuten. Hala geratu nintzen. Gero denak hartu gintuzten, baina alferrik.
Durangoko bonbardaketa ikusi zenuen?
Bai, ni bertan nengoen. Bonbardeoa alemanek, italianoek, denek egiten zuten. Txikizioa latza izan zen. Handik pixkanaka-pixkanaka Bilbo aldera joan ginen.
Armak non jaso zenituen lehendabiziko aldiz?
Eibarren eman zizkiguten. Fusil batzuk, italiarrak, txarrak eta zaharrak. Errusiarrek laguntza bidaliko zutela eta ez dakit zer egingo zutela esaten ziguten, baina ez zuten bidali ez hegazkinik eta ez armamenturik.
Gudarostea zer moduz zegoen antolatuta?
Ez zen ona hura. Nahaste handia izan zen. Diziplina falta, eta direkziorik ez. Agintariak bazeuden orduan, gudariak, baina ez genekien gerra asuntoan. Ez zegoen, ez zegoen… Abertzaleak bai gogorrak, baina gerran ez genekien. Atzeraka ibili ginen beti.
Zein bataloitan ibili zinen, gabiriar gehienak bezala Amaiurren?
Ni beste bataloi batean ibili nintzen. Gabiriar gehien-gehienak Amaiurren sartu zituzten. Horregatik hil ziren asko —herrikoak hemezortzi hildako edo baziren— toki batean zebiltzalako. Euskal Herri guztian Gabiriatik joan zen gudari gehiena proportzioan. Dionisio Antia, Eugenio Murua, Patxi Murua… herritarrak zituzten kapitain. Lehenbizi zapadoreetan ibili nintzen, eta gero beste bataloi batera aldatu ninduten.
Zapadoreek zer egiten zenuten?
Lubakiak. Aitzurra eta pala hartu, eta trintxerak egin.
Bilboko setioan-eta makina bat zulo egin beharko zenuen…
Bilboko mendietan, Artxandan eta horietan ibili ginen lubakiak egiten. Egin genituen, baina alfer-alferrik. Nazionaletan Francok agintzen zuen, eta hark menderatzen zuen. Hark ondo zekien lezioa, zer egin behar zen. Mola jenerala ere han ibili zen, baina Francok garbitu egin zuen, baita bere kontrarioak ere.
Tirorik bota beharrik izan al zenuen?
Tiro asko bota nuen nik. Baina gure tiroak ez zuen balio ezer.
Bilbotik?
Santander aldera joan ginen pixka bat. Baina ia Bilbo hartu zutenean kito, galdu zen dena. Bilbon, Zubi Eskegian elkartu ginen asko. Denok ezin eraman zubi horrek, eta gu Bilbotik Bermeo aldera zegoen hegazkin zelai batera eraman gintuzten,gudari asko. Handik etorri nintzen etxera.
Herrira iritsi, eta zer?
Lehenbizi Urretxura iritsi, eta Bar Sabinon mikelete asko zeuden, apopilo. Bat nire lehengusu batekin zegoen ezkonduta, eta esan zidan ez nuela ezer egin eta lasai egoteko. Hala ekarri ninduten etxera, Gabiriara. Alkateak esan zidan: «Badakit zuk ez daukazula ezeren kulparik, baina Guardia Zibiletara eramateko agindua daukat». Villarrealen [Urretxu] zeuden orduan guardia zibilak. Ni lehenbiziko soldadua nintzen, gudaria. Eraman ninduten hara, eta esan zidaten: «Zu ezer egiteko gazteegia zara». Niri ez zidaten zigorrik eman, baina kartzelara eraman ninduten. Han egon nintzen puska batean.
Udan lehertu zen gerra. Aurretik sumatzen al zenuten gerra bazetorrenik, giro berezirik?
Bai, bai. Hasi bezain pronto alde egin genuen. Gabiriara Gabirizar aldetik sartu ziren. Tiroak entzuten ziren, honaino ere bai, ni hazi nintzen Zandategi baserriraino. Irailean herrira sartu zirenerako alde eginda geunden. Ardantza aldetik aurrera bat hil zutela, eta beldurrez airean ibili ginen gu ere. Baina orduan abertzale jendea gogorra zen. Orain ez dago gazterik, orain nazionalistak gastatuta daude.
Gerra ondorenean, dagoeneko etxean, zer egin zenuen?
Lanean hasi nintzen, Patrizio Etxeberriarenean, Legazpin. Estimatua izan nintzen. Labe txiki batean egiten nuen lana, burdin bereziarekin. Pilarrekin [Ormazabal] ezkondu, eta etxean jarri genituen kaldereria eta fundizioa. Ramon eta Pako Ormazabal koinatuek, Pilarren anaiek, Indar enpresa sortu zuten Beasainen. Indar aurrera eraman zuten.
Gerra berriz ez etorrita hobe, baina aukera izanez gero, zer egingo zenuke: gerrara joan, ala alde egin?
Ni, aukera izanez gero, joan egingo nintzateke. Baina hobeto berriz ez pasatzea: orain ere abertzaleek jai daukate.
MOTZEAN
- Txikitan. Zizurkilen jaioa 1919ko martxoaren 6an. Umetan ekarri zuten Gabiriako Zandategi baserrira. «Ni Benitok eta Ixidrak hartu ninduten. Onak ziren, onak».
- Industria. Gaztetan karrilean eta gerra ondoren Legazpin Patriziorenean ibilia, Urruti baserrira ezkondu eta enpresak sortu zituen.
- Alkate. Bi alditan izan zen Gabiriako alkate: «Egitekoa asko, baina dirurik batere ez».