Autodeterminazioaren alde elkartzeko deia egin du biharko Nazioen Munduak
Autodeterminazio eskubidearen aldeko Nazioen Mundua gizarte mugimenduak bihar Larraitzen burutuko duen ekitaldia «herritarren txanda» izateko prestatu du. Bi mila pertsona —norbanako edo herritar kalitatean— bildu nahi dituzte Txindokiren magalean, Autodeterminazioa: gero eta argiago lelopean, eskubide horren aldarria osatzeko. Biharko «erronka» ondo irteten bada Euskal Herrian eta atzerrian zabaltzeko proiekzioa eman nahi dio Nazioen Munduak ekimenari. Edonor joan daiteke, eta egitekoa xumea dute parte hartuko duten herritarrek: zelaian giza-irudi edo mosaiko bat osatu, antolakuntzak emango dizkien kartulinak erabilita. 10:30ean hasiko dira, eta Larraizko behealdeko aparkalekura joan behar da. Goierrin lehenbiziko aldia da halako muntaiarik egingo dena. Euskal Herrian eta kanpoan mezua zabaltzeaz gain, «goierritarrok ere harro egon gaitezkeen ekintza» izan daitekeela aurreratu du Nazioen Munduko Anjel Oiarbidek, Goierritarra aldizkariak egindako elkarrizketan. Iaz Larraitzen 700 goierritar elkartu ziren Pasalanga ekitaldian, aurrez gizarteko pertsonaiek Igartza jauregian (Beasain) sinatu zuten agiria sustengatzeko. Orduz geroztik, Miramar jauregian Euskal Herriko 50 bat eragilek babestu dute ekimena, eta Ordizian jaialdi erraldoia izan zen urrian. Aurten, Itsasondon gogoratu dute autodeterminazio hitza lehen aldiz agertu zen 1931ko apirilaren 18ko agiria hango udalak ondu eta 80 urtera. Harriduratik ilusiora Nazioen Munduak urteotan egin duen lanketarekin, erabakitzeko eskubidea herrientzat «naturala eta normala» den mezua gizartean hedatzeko eginahala baliotsu jo dute. «Hasieran [...]
Autodeterminazio eskubidearen aldeko Nazioen Mundua gizarte mugimenduak bihar Larraitzen burutuko duen ekitaldia «herritarren txanda» izateko prestatu du. Bi mila pertsona —norbanako edo herritar kalitatean— bildu nahi dituzte Txindokiren magalean, Autodeterminazioa: gero eta argiago lelopean, eskubide horren aldarria osatzeko. Biharko «erronka» ondo irteten bada Euskal Herrian eta atzerrian zabaltzeko proiekzioa eman nahi dio Nazioen Munduak ekimenari.
Edonor joan daiteke, eta egitekoa xumea dute parte hartuko duten herritarrek: zelaian giza-irudi edo mosaiko bat osatu, antolakuntzak emango dizkien kartulinak erabilita. 10:30ean hasiko dira, eta Larraizko behealdeko aparkalekura joan behar da. Goierrin lehenbiziko aldia da halako muntaiarik egingo dena. Euskal Herrian eta kanpoan mezua zabaltzeaz gain, «goierritarrok ere harro egon gaitezkeen ekintza» izan daitekeela aurreratu du Nazioen Munduko Anjel Oiarbidek, Goierritarra aldizkariak egindako elkarrizketan.
Iaz Larraitzen 700 goierritar elkartu ziren Pasalanga ekitaldian, aurrez gizarteko pertsonaiek Igartza jauregian (Beasain) sinatu zuten agiria sustengatzeko. Orduz geroztik, Miramar jauregian Euskal Herriko 50 bat eragilek babestu dute ekimena, eta Ordizian jaialdi erraldoia izan zen urrian. Aurten, Itsasondon gogoratu dute autodeterminazio hitza lehen aldiz agertu zen 1931ko apirilaren 18ko agiria hango udalak ondu eta 80 urtera.
Harriduratik ilusiora
Nazioen Munduak urteotan egin duen lanketarekin, erabakitzeko eskubidea herrientzat «naturala eta normala» den mezua gizartean hedatzeko eginahala baliotsu jo dute. «Hasieran harrigarria zen batuketa, orain ilusionagarria da. Ikusten da posible dela, eta ilusio hori elikatu behar da», dio Nazioen Munduko Ander Arresek.
Hala, Larraizko biharko erakustaldia «ondo ateratzea» garrantzitsua dela aurreratu dute. Mosaikoa egin ondoren, jaialdiak Abaltzisketako herrigunean jarraituko du. Herri bazkaria eta ondoren erromeria izango dira.
ELKARRIZKETA
Dani Oiarbide (Nazioen Munduko kidea)
«Erabakitze eskubidea naturala dela gogorarazi nahi dugu»
Eguneroko lanetik aparte, erabakitzeko eskubidearen aldeko Nazioen Mundua mugimenduan goierritar askok jartzen dute beren aletxoa, baliabide gutxi eta «motorra ilusioa» dutela. Horietako bat Dani Oiarbide da (Idiazabal, 1979). Bihar Larraitzen elkartzeko asmoa duten jendetza eta egingo dute mosaikoa «berritzailea» da Goierrin, eta joateko animatu ditu herritarrak.
Nazioen Munduak ekitaldi jendetsua egingo du bihar Larraitzen. Bi mila lagun elkartzea da «erronka». Lortuko ote da?
Nazioen Mundua herritarrez ostutako herri ekimen bat da. Alegia gure baliabideak ez dira handiak, gure motorra ilusioa da batez ere, eta herri honi erabakitzeko eskubidearen inguruan parte hartzeko modu atseginak eta politak eskaintzea. Gure esku dagoen guztia egin dugu, antolaketa aldetik dena prest dago, lan ikaragarria egin da. Orain jendea etortzea falta da, mosaikoa osatzeko 2.000 lagun horiek etortzea. beraz, komenigarria da jendea animatzea, eguraldi ona dago emanda eta egun polita izango da ziur, sekula hemen horrelako ezer ez da egin eta polita izango da denontzat mosaiko horren arte izatea.
Zer egin behar du jendeak larunbat goizean? Aurrez izena eman beharrik edo beste zerbait egin beharrik badago?
Zenbait herritan izena eman dute batzuek, baina esan beharra dago gehienek ezetz. Jendea 10:30ean Larraitza azalduko dela espero dugu, aurretik inon izenik eman gabeak, gehien-gehienak. Han, beheko aparkalekuan harrera izango da, eta hantxe emango zaio etortzen den bakoitzari kartulina eta egin beharrekoaren argibideen orri txiki bat.
Zer ikur eta mezu irudikatuko ditu giza taldeak?
Erabakitzeko eskubidearen garrantzia islatu nahi dugu. Autodeterminazioa hitza idatziko dugu alde batetik, eta bestetik Euskal Herriko mapa ere irudikatuko dugu. Baina, mapa hori erabakitzeko eskubidearen ikur den hautesontzi bihurtuko dugu, eta bertan gutunazala, iritzia, erabakia sartuko dira.
Iaz leku eta garai berean zabaldu zen autodeterminazio eskubidearen aldeko mugimendua Goierrira, eta geroxeago, urrian, Euskal Herrira. Ordutik gaur arte zer bilakaera izan du mugimenduak? Zer fasetan legoke?
Autodeterminazio eskubidea, munduko hainbat eta hainbat lekutan gauza naturala eta normala dela gogorarazi nahi dugu. Hemen mezu hori gizarteratzen lan egin beharra dagoela ikusten dugu, ona dela erabaki ahal izatea, bakoitzak bere iritzia ematea, jendearen parte-hartzea, pertsonak garela herriak osatzen ditugunak eta, beraz, pertsona horien iritziak kontuan hartu behar direla. Hor ari gara, Gero eta argiago leloarekin hori adierazi nahi dugu, gero eta naturalago bizi behar dugula kontzeptu hori, iritzia ematearena, eta guk gero eta argiago ikusten dugu.
Zein dira Nazioen Munduaren egitekoak une honetan, etorkizun hurbilerako? Esku artean zer asmo daukazue?
Aurretik aipatutako ildoan, mezua gizarteratzen jarraitzea eta gero eta jende gehiago elkartzen eta sentsibilizatzen joatea. Zenbait proiektu baditugu aurrera begira, baina beti ildo horretatik, sentsibilitate ezberdinetako jendea elkartu eta erabakitzeko eskubidearen alde lan egitea.