Koldo Agirre: «Ahalik eta alderdi gehienekin, ahalik eta gertutasun gehiena nahi dugu»
Bere egunerokotasuna kirolari lotuta egotetik, politikara lotuta egotera igaro da. Izan ere, Bilduko hautagaia Beasaingo alkate izendatu zutenetik Koldo Agirreren (Beasain, 1985) eguneroko lanak aldatu egin dira; baina lan berrian ere, «ilusioz eta aurrera egiteko gogoz» dago. Hilabete igaro da alkate izendatu zintuztenetik. Nola joan dira lau aste hauek? Poliki politiki lan berrira ohitzen ari naiz. Teknikariekin bildu, udala nola dagoen ikusi, presazko gaiak aurrera atera… Politikariak aldatzen gara udaletxean, baina teknikariak ez, eta bertan dagoen lana aurrera atera behar da. Orain arte lehenengo osoko bilkurari begira aritu gara lanean, eta orain herri mailan hasi beharko dugu. Alkate izendatu zintuzten egunean bertan hasi behar izan zenuen lanean, herriko festetan. Sari banaketak, ezkontzak, aurkezpenak… egin ditut, eta uda garaia izanda, ekintza ezberdin asko dago, San Joan dela, Arriarango festak… Ekintza horietan guztietan bakoitzari dagokion presentzia ematen saiatu gara. Nola ikusten zara lanpostu berrian? Lan berri bat da, eta erantzukizun handia eskatzen duena. Egunerokotasuna aldatzen da, baina taldekoen eta udaletxeko teknikarien laguntzak, eta kalean jasotako animoek, aurrera egiteko indarra ematen dute. Momentuz behintzat, ilusioz eta aurrera egiteko gogoz nago. Herritarrak udalera gerturatzeko beharra azpimarratu duzue. Hasi al zarete aldaketarik nabaritzen? Horrek luze joko du, baina lehen pausoak ematen hasi gara. Osoko bilkurak [...]
Bere egunerokotasuna kirolari lotuta egotetik, politikara lotuta egotera igaro da. Izan ere, Bilduko hautagaia Beasaingo alkate izendatu zutenetik Koldo Agirreren (Beasain, 1985) eguneroko lanak aldatu egin dira; baina lan berrian ere, «ilusioz eta aurrera egiteko gogoz» dago.
Hilabete igaro da alkate izendatu zintuztenetik. Nola joan dira lau aste hauek?
Poliki politiki lan berrira ohitzen ari naiz. Teknikariekin bildu, udala nola dagoen ikusi, presazko gaiak aurrera atera… Politikariak aldatzen gara udaletxean, baina teknikariak ez, eta bertan dagoen lana aurrera atera behar da. Orain arte lehenengo osoko bilkurari begira aritu gara lanean, eta orain herri mailan hasi beharko dugu.
Alkate izendatu zintuzten egunean bertan hasi behar izan zenuen lanean, herriko festetan.
Sari banaketak, ezkontzak, aurkezpenak… egin ditut, eta uda garaia izanda, ekintza ezberdin asko dago, San Joan dela, Arriarango festak… Ekintza horietan guztietan bakoitzari dagokion presentzia ematen saiatu gara.
Nola ikusten zara lanpostu berrian?
Lan berri bat da, eta erantzukizun handia eskatzen duena. Egunerokotasuna aldatzen da, baina taldekoen eta udaletxeko teknikarien laguntzak, eta kalean jasotako animoek, aurrera egiteko indarra ematen dute. Momentuz behintzat, ilusioz eta aurrera egiteko gogoz nago.
Herritarrak udalera gerturatzeko beharra azpimarratu duzue. Hasi al zarete aldaketarik nabaritzen?
Horrek luze joko du, baina lehen pausoak ematen hasi gara. Osoko bilkurak arratsaldetan jartzea izan zen lehen erabakia. Baina batzorde ezberdinetara ere jendea gerturatzea nahi dugu. Batzordeak orain sortuko ditugu, eta deialdi ireki bat egingo dugu interesatuta dagoen jendea batzorde horietan parte hartzen hasteko, beti ere konpromiso batekin. Batzordeak irekiak izango dira eta bertaratu behar den jendearen arabera ordutegi bat adostuko da.
Gainerako alderdiekin ere harremanetan jarri zarete lankidetza bultzatzeko. Nola joan da prozesua?
Alkatetza lortu ondoren beste alderdiekin elkartu ginen osoko bilkurara eramango genituen ideien berri emateko. Alderdi baten babesa jaso dugu –Aralar– eta besteena ez. Hori izan da lehen osoko bilkuraren aurrekoa, baina aste honetan beste alderdiekin berriz elkartu gara, herri hau aurrera ateratzeko denon indarra behar delako, eta garbi dugulako elkarrekin ibili behar dugula, gauzak elkarlanean aurrera ateratzeko.
Adostasun batera heltzeko aukerarik ikusten duzu?
Orain artekoa fase bat izan da, eta orain beste fase batean sartuta gaude, non denon elkarlana beharrezkoa den eta herriaren alde lan egitea izan behar den denon helburua, interes politikoak alde batera utzita. Horretarako bide bat zabalik utzi dugu alderdi guztiekin biltzen joateko, eztabaidatu behar diren gai guztiak mahai gainean jartzeko, programak aztertzeko… Ahalik eta alderdi gehienekin ahalik eta gertutasun gehienara iritsi nahi dugu. Adostasunera iristeko, akordio puntualetatik hasi beharko dugu eta akordio orokorragoetarako bidea ireki.
Udalean aldaketa behar zela esan duzue behin eta berriz. Hasi al zarete aldaketa horiek egiten?
Aldaketa nabarmen bat emateko goiz da oraindik. Momentuz, pertsonen eta gobernu taldearen aldaketa eman da, baina aldaketak poliki-poliki egin behar direla uste dut. Guk beti esan dugu aldaketa behar dela, baina gu ez gatoz hoa gauzak sustraitik aldatzera. Ikusi egin behar da zer dagoen ondo, ondo dauden horiek mantendu edo hobetzen saiatu, eta horren ondo edo gaizki daudenak zein diren ere ikusi eta horiei buelta ematen saiatu, gure ikuspuntutik ondo dauden modu batean egiten saiatu.
Aurreko astean egin zenuten lehen osoko bilkura, eta batzordeak osatzeko egin zenuten proposamena ez zuten onartu gainerako alderdiek. Nola hartu zenuten erabakia?
Osoko bilkuraren aurretik beste taldeekin elkartu ginen eta ia ziurtzat jotzen genuen Euskara saila bakarrik joateko aukera galtzea. Horrez gain, ez dago aldaketa handirik guk egindako proposamenetik, batzorde ia denak mantendu egiten dira, aldaketa txikiren bat eginda. Guk Euskara bakarrik joatea nahi genuen. Kultura, Merkataritza eta Turismoa joango lirateke beste batzorde batean. Azkenean, Euskara eta Kultura elkartu eta Merkataritza eta Turismoa batzorde berria sortu dira. Guk bultzatu nahi genuen Parte Hartzea, Migrazioa, Berdintasuna eta Hezkuntza batzordea onatu zuten, beraz, esan dezakegu lehen osoko bilkura positiboa izan zela. Hobea ere izan zitekeen, baina okerragoa ere bai.
Zergatik erabaki zenuten Euskara eta Kultura batzordeak bereiztea?
Gure apostua euskarari bultzada ematea da, eta ikusten genuen euskara batzorde guztietan egon behar dela ordezkatuta. Baina Euskarak, sail bezala, asko egin dezake, eta horregatik nahi genuen euskararekin bakarrik batzorde bat sortu, uste dugulako aurreko legealdian bazeudela gauza batzuk gehiago egitea.
Zein proiektutan lan egingo duzue hemendik urtea amaitu arte?
Datozen hilabeteetan lantzeko proiektuak ia zehaztuta daude. Buelta batzuk eman beharreko gai batzuk badaude, Errekarte ingurukoa, Olarangoa, Igartzakoa ere bukatzen joan behar dugu… Batzordeak martxan jarri eta horietan zer lan dauden egiteko aztertu behar dugu, eta batzorde ezberdinetako gaiak landu.