Ataun San Gregorion lau eguneko jaia gaur hasiko da, ohiko egiturarekin baina txirrindulari probarik gabe
Ataungo San Gregorio auzoko jaiak gaur hasiko dira. Lau eguneko egitaraua prestatu du auzokideen batzordeak. Elkarteek, erakundeek eta «hainbat eta hainbat herritarrek» lagundu dute jaiak gorpuzteko ekitaldiak prestatzen. Aurreko urteetako egituraren antzekoa izango dute; berritasun eta birmoldaketa batzuekin, hori bai. Haurrekin pentsatuta abiatuko da festaldia, gaur. Bihar gazteek eta koadrilek hartuko dute plaza. Ohitura duten bezala, jantzi zuriekin irtengo dira koadrilak eguerdian. Bazkaria eta afaria iragarri dituzte, Zelai pilotalekuan. Tartean, erreka jaitsiera eta asto karrera izango dituzte, giroa Lizarrako Batukadak alaitzen duen bitartean. Musikari dagokionez, gaurko erromeria herriko trikitilariek gidatuko dute. Bihar Indarra taldeak rock kontzertua egingo du lehenbizi; 01:30ean Patxi Perez eta Konpainiarekin dantzaldia izango da. «Iaz oso ondo atera zen, giro ederrarekin». Herri guztia dantza jartzeko asmoa dute berriz ere, festen antolakuntzan dabilen Asier Auzmendik azaldu duenez. Kontzertuekin segiz, larunbatean, mozorrotuen gaua girotzeko, Fiachras eta Los Zopilotes Txirriaos ekarriko dituzte, tartean Eneko Dorronsoro auzokidea dela (Hitzak bihar argitaratuko du hari egindako elkarrizketa). Bertsolaritzari ere ukitu berezia emango diote. «Formatu estandarreko» saioa izan beharrean, bertso musikatuen ikuskizuna aurkeztuko dute Hamaika Bertute taldekoek, larunbat gauean. Lau bertsolarik —Ainhoa Agirreazaldegi, Jon Martin, Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi—, gai jartzaile batek —Egoitz Aizpuru—, eta bi musikarik —Imanol Ugarte eta Unai Arzamendi— girotuko [...]
Ataungo San Gregorio auzoko jaiak gaur hasiko dira. Lau eguneko egitaraua prestatu du auzokideen batzordeak. Elkarteek, erakundeek eta «hainbat eta hainbat herritarrek» lagundu dute jaiak gorpuzteko ekitaldiak prestatzen. Aurreko urteetako egituraren antzekoa izango dute; berritasun eta birmoldaketa batzuekin, hori bai.
Haurrekin pentsatuta abiatuko da festaldia, gaur. Bihar gazteek eta koadrilek hartuko dute plaza. Ohitura duten bezala, jantzi zuriekin irtengo dira koadrilak eguerdian. Bazkaria eta afaria iragarri dituzte, Zelai pilotalekuan. Tartean, erreka jaitsiera eta asto karrera izango dituzte, giroa Lizarrako Batukadak alaitzen duen bitartean.
Musikari dagokionez, gaurko erromeria herriko trikitilariek gidatuko dute. Bihar Indarra taldeak rock kontzertua egingo du lehenbizi; 01:30ean Patxi Perez eta Konpainiarekin dantzaldia izango da. «Iaz oso ondo atera zen, giro ederrarekin». Herri guztia dantza jartzeko asmoa dute berriz ere, festen antolakuntzan dabilen Asier Auzmendik azaldu duenez.
Kontzertuekin segiz, larunbatean, mozorrotuen gaua girotzeko, Fiachras eta Los Zopilotes Txirriaos ekarriko dituzte, tartean Eneko Dorronsoro auzokidea dela (Hitzak bihar argitaratuko du hari egindako elkarrizketa).
Bertsolaritzari ere ukitu berezia emango diote. «Formatu estandarreko» saioa izan beharrean, bertso musikatuen ikuskizuna aurkeztuko dute Hamaika Bertute taldekoek, larunbat gauean. Lau bertsolarik —Ainhoa Agirreazaldegi, Jon Martin, Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi—, gai jartzaile batek —Egoitz Aizpuru—, eta bi musikarik —Imanol Ugarte eta Unai Arzamendi— girotuko dute saioa.
Asto karrera koadrila egunean
Tradizioz, duela urte askotatik orain gutxi arte, festetako igande goizean egin izan da asto karrera estimatua San Gregorion. Garaiak eta partaidetza aldatu direlako, orain koadrila egunera aldatu dute ikuskizuna, ostiral arratsera. «Koadrila egunean funtzionatzen du. Duela bizpahiru urte igande goizean jarri genuen, lehenago bezala, baina irteten ez zen inor animatu. Koadrilen festan ziurtatuta dago partaidetza», dio Auzmendik.
Asto lasterketan parte hartzeko kaskoa beharrezkoa da, eta norberak eraman behar du.
Goierriko Kasta, berritasuna
San Gregorioko jaietan txertatu duten osagai berrietako bat Goierriko Kasta idazle taldearen errezitaldia da. Auzoan bizi den Iker Zalduak hartu du irakurgaien emanaldia antolatzeko ardura. Urteak dira Goierriko Kasta ekimenak jende aurrean errezitaldirik egin ez duela. Larunbatean 19:30ean izango da, Joxemiel Barandiaran Museoan.
Biharko jardunaldia koadrilentzat apartatu ondoren, larunbatean San Gregorio eguna ospatuko dute. Meza, dantzariak, toka, plater hausketa eta herri bazkaria dira osagaiak. Iker Zubeldia eta Urko Egaña bertsolariak izango dira bazkariaren ondoren.
San Gregorio bigarrena, igandea, erritmo lasaixeagorako utzi dute, baina ez horregatik ikusgarritasun txikiagoarekin. Jaietako beste berritasun batekin hasiko da azken eguna, pintura lehiaketarekin. Adinka banatuta ariko dira margolariak, haur nahiz heldu. San Gregorioko ikuspegiak, osagaiak edo txokoak margotu beharko dituzte.
Herri kirol saioari ere ukitu erakagargarriagoa eman nahi diote. San Gregorioko gazte talde batek Idiazabalgo herri kirolarien aurka neurtuko ditu indarrak. Festak bukatzeko, Ataungo sei-zortzi artzainek egindako gaztak dastatu ahalko dira, ardoarekin lagunduta.
Afizionatuen txirrindulari lasterketarik ez da jokatuko aurten, 50 ekinaldiren ostean
DSan Gregorioko festetan hutsune nabarmen bat izango da aurten. Afizionatu mailako txirrindularien San Gregorio probarik ez da izango. Joan den urte mordo batean antolakuntza lanetan aritu den taldeak zailtasun ugari izan ditu lasterketa gauzatzeko, eta bertan behera geratu da, aurtengoz behintzat. Batetik, urritasun ekonomikoa; bestetik, gisa horretako kirol proba batek eskatzen duen antolaketarako —Euskaldun txapelketarako baliagarria zatekeen— belaunaldi arteko berritzerik eta laguntzailerik eza. Irailaren 3an egitekoa zen, berez.
San Gregorio txirrindulari probaren lehen lasterketa 1935ean jokatu zen, eta Vicente Truebak irabazi zuen. Iaz 50. ekitaldia bete zuen. «Datorren urterako ea berreskuratzen den», diote auzoan.
EGITARAUA
GAUR, osteguna
- 13:00. Juntadizoa, txupinazoa eta kalejira, trikitilariekin eta buruhandiekin.
- 13:30. Umeen bazkaria, doan.
- 15:00-18:00. Haur jolasak, puzgarriak, kart-ak, mokadua…
- 12:00. Herri afaria. Ondoren, erromeria herriko trikitilariekin.
BIHAR, ostirala
- 14:00. Koadrilen juntadizoa eta zintzur bustitzea.
- 14:30. Koadrila bazkaria, Lizarrako Batukadarekin. Gero, erreka jaitsiera.
- 19:30. Asto lasterketa (kaskoa nahitaez erabili behar da, eta norberak eraman behar du berea).
- 21:00. Koadrilen afaria.
- 23:00. Kontzertua: Indarra.
- 00:15. Patxi Perez eta Konpainia taldearekin dantzaldia.
LARUNBATA
- 11:00. Meza. Gero salda, Pelotazale elkartean.
- 12:00. Otsoak dantza taldearen saioa.
- 12:30. Toka txapelketa, ataundarrentzat.
- 14:30. Herri bazkaria. Zubeldia eta Urko Egaña bertsotan.
- 16:00. Plater hausketa.
- 18:00. Haurren mozorro festa. Txokolate jana eta Bus Bu Dj-a.
- 19:30. Goierriko Kasta taldekoen errezitaldia, museoan.
- 23:30. Bertso saio musikatua, plazan. Mozorro gaua.
- 01:00. Kontzertuak: Fiachras eta Los Zopilotes Txirriaos.
- 03:00. Mozorrotuen sariak.
IGANDEA
- Goizean. Pintura lehiaketa.
- 12:30. Esku pilota partidak: Azkonobieta-Lizarralde / Zabala-Zaldua (kadeteak); Arratibel-Galarraga / Goikoetxea-Arratibel (afizionatuak).
- 18:30. Herri kirol erakustaldia.
- Ondoren. Ataungo artzainen gazta dastaketa, ardoarekin.