
Iazko datuekin alderatuta, uda garaian turista kopuruak gora egin du Goierrin. Aldaketa guztiak, baina, ez dira onak izan: turista gehiago egon arren, ez dute diru gehiago utzi.
Goiturreko Jon Ubideren esanetan, «iaz baino jende gehiago ikusi da. Okupazioa oso ona izan da, eta iaz azken unean bete bazen ere, aurten bidaiak lehenagotik prestatu dituzte bisitariek, egonaldi luzeagoak eginez». Iazko 2-3 egunetatik 4-5 egunetara edo astebetera luzatu dituzte bisitak.
Goierri Garaian ere antzeko sentsazioa utzi du udak, baina Ruben Gorrotxategi turismo teknikariak azaldu duenez, oro har, eguna igarotzera hurbildutako bisitariak jaso dituzte goikaldean, «egunean zehar gauzak ikusi eta lotara etxera joanez».
Urteroko moduan, Kataluniatik etorritako turistak izan dira gehiengoa, Baina Euskal Herritik bertatik, Espainiatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Alemaniatik… ere etorri dira. «Berdea» bilatzen dute gehienek, «naturan egotea», eta horren eraskule da Goierri Garaian mendi eta natur ibilbideen eskaerek izan duten igoera. «Jende asko etorri da Urretxuko Irimo mendiaren inguruetan egin dituzten ibilbideez galdetzera edota Antioko ermitara».
Natur inguruetan, mendi ibilbideak egiteko aukerek jende asko erakarri dute aurten Goierrira. Irimoko ibilbideez gain, Hiru Tenpluen bideak, Urretxutik Azkoitiarako bidegorriak edota Aizkorrirako igoerak ere bisitariak ekarri dituzte. Ordiziako azoka eta Mirandaolako Burdinola ere turisten topaleku izan dira.
Gurea inguru menditsua izan arren, kostaletik gertu egotearen abantaila ere badu. Ubidek dioenez, turistek «kostatik gertu ere egon nahi dute, eta hemen kosta eta mendia batera dituzte». Gastronomia ere Goierriren aurkezpen gutuneko puntu garrantzitsu bat da.
Krisiaren eragina
Krisiaren eragina ere sumatu dute sektore honetan, eta iaztik barne turismoan hazkunde jarraitu bat ikusten dute. «Geroz eta gehiago ikusten da. Kanpora ez doazenak gertuko tokiak ezagutzera joaten dira» dio Ubidek. Goierri Garaian ere turisten gehiengoa Euskal Herrikoa eta Espainiar Estatukoa izan da. «Mirandaolan asko hazi da barne turismo hori, eta inoiz Legazpin izan gabeko Gipuzkoarrak ere izan ditugu gurean» dio Gorrotxategik. Turismo bulegoei dagokienez, Urretxun bai sumatu dute bisitarien hazkundea.
Krisiaren beste eragin bat, bisitariek gastatutako diruan dago. «Nahiz eta jende gehago ibili den, jatetxeetan gastua asko jaitsi da, gutxiago gastatu dute» ondorioztatzen du Goiturreko turismo teknikariak. Gorrotxategi ere ildo beretik mintzo da. «Jende dexente etorri da, asko egun pasak edo ibilaldiak egitera, baina agian, ez horrenbeste diru gastatzera. Lotarako lekua eskaintzen duten etxeetan jatetxe zerbitzua gutxiago erabili dela esan digute. Jatean baino, autoan batetik bestera edota gauzak ikusten gastatu dute».
Eskaintza berriak
Berrikuntzak ere izan ditu udako eskaintzak Goierrin. Goierri Garaian bisita bereziak antolatu dituzte, zazpi osotara. Horien artean Ezkio-Itsasora bi bisita egin dituzte, Igartubeiti museoa eta herriaren «kasko historikoa» ikusteko. «Promozio berezia izan da, eta jende dexente animatu da. Gustura gaude eta Ezkiokoak izan duen erantzunak, esaterako, asko harritu gaitu» dio Gorrotxategik. Behealdean, Tolosaldea eta Goierri biltzen dituen mapa bateratua eskaini dute aurten, ohiko azoketarako bisitez eta ibilbideez gain. Udazkenera begira ere jarri dira jada, turismo mapa berriarekin eta irailaren 21ean aurkeztuko duten datozen lau urteetarako Goierriko Lehiakortasun Planarekin.
Aizkorrin lo egiteko aukera ematen duen ibilbidea
Turista asko inguru berdeak ikusi eta hauetan ibiltzera etortzen dira Goierrira. Ildo honetan, eskaintza haziz doa gurean, eta horren erakusle da inguruak ezagutzen dituen pertsona batekin Aizkorriko gainean gaua igarotzeko aukera.
Aizkorriko Ataria interpretazio zentroan eskaintzen duten aukera berria da Aizkorrin lo egitearena. Inguruak ezagutzen dituen pertsona bat bideratu dute egitasmo honetara, eta honen gidaritzapean, gehienez ere 8 laguneko taldeek, Aizkorrira igo eta gaua bertan igaro dezakete.
Interpretazio zentroko Nerea Tauschkek azaltzen du egitasmoa: «irteera goizeko 11:00etan egingo da, eta gidari honek ibilbidean zehar azalpenak eskainiko ditu». Errege Bidearen jatorriaz, San Adriango koban «gizakiak bizi izan dituen garaiez» edota gizakien eta basoen arteko elkarbizitzaz hitz egiteko baliatuko dute bidea, gaiak igarotako inguruekin lotuz. Mendizerrara iritsitakoan paisaia karstikoaren azalpenak eskainiko dizkiete ibiltariei eta eguerdi parterako gailurrera iritsiko dira. Nahi izatekotan, hemendik bi tontor gehiagotara joateko aukera ere emango dute bisita gidatu hauetan.
Gaua aterpean igarotzea da eskaintza berriaren oinarria. Gailurreko aterpean egingo dute hori. Gaua ona bada izarrak ikusiz itxiko dute eguna, hurrengo goizean beheranzko bideari ekiteko.
Gehienez ere 8 pertsonako taldeak osatu ahal izango dira bisita berezi hauetarako eta taldeko prezioa 280 eurokoa da. Jana eta edana norberak eraman beharko ditu eta baita esterilla, lo zakua eta linterna ere. 16 urtetik gorako pertsonei eskainitako zerbitzua da, eta 16 urteko mugan dauden gazteek heldu batek lagunduta joan beharko dute.